Birusaren hedapena kontrolatzeko estrategian, erreminta bat gehaigo izango du Nafarroako Gobernuak: araztegiak. Hondakin uren laginak atera eta hango partikuletan egon daitekeen material genetikoa neurtuta, Nafarroako eskualde nagusietako birus kopuruak atera ditzake. Horrek, era berean, balio dezake SARS-CoV-2aren goiz detektatzeko, kopuruaren bilakaerak alarmak piztera eraman baititzake osasun agintariak.
Proiektu horren berri emateko, prentsaurrekoa eman dute Jesus Mari Rodriguez Tokiko Administrazioko zuzendari nagusiak, Fernando Mendoza Nilsa enpresa publikoko zuzendari nagusiak eta Iñaki Pinillos Nasertic enpresa publikoko zuzendari nagusiak. Nilsa araztegien kudeaketaz arduratzen da eta Nasertic laborategi lanaz. Proiektuan Naitec eta Iruñerriko Mankomunitatea sartzeko asmoa dute, adimen artifizialeko prozedurak integratzeko eta azterketa zabaltzeko asmoz. Proiektuak, lehen fasean, 8.899 euroko aurrekontua du.
Hondakin urak, ispilu
Nazioarteko ikerketa zientifikoen arabera, COVID-19 eritasuna garatu dutenek zein sintomarik izan gabe koronabirusa dutenek arrastoak kanporatzen dituzte, eta koronabirusaren RNA arrasto genetikoak hondakin uretan atzeman dira. «Frogatu da ur horiek ispilu bat izan daitezkeela, eta COVID-19aren arrastoak islatu ditzake», nabarmendu du Mendozak. Proiektuan, Nilsaren ardurapeko bost araztegitatik ur laginak aterako dituzte —Iruñea, Tutera, Lizarra, Tafalla eta Artaxoa–. Artaxoaren kasuan, kutsatze tasa handiak izan dituenez, kontrolatzeko gehitu dute.
Mendozak lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du, araztegietan tratamendua jasotzen duten uretan ez delako atzeman birus aztarnarik. «Araztutako ura arriskurik gabe itzultzen da ibaira; hau da, urak ez du osasun arriskurik, eta ingurumeneko beste espezientzat ez da arriskutsua». Proiektua hasi besterik ez da egin, emaitzak lortu ahala ezagutaraziko dituzte.
Nasertic-en zeregina
Nasertic-eko arduradunak laginak nola aztertzen diren aipatu du. Iñaki Pinillosen arabera, Nasertic-ek esperientzia zabala du ikerketarekin, 16.000 analitika egin dituelako albaitaritza eta auzitegiko medikuntza arloetan. Gainera, Karlos III.a Institutuak PCRak egiteko baimena eman zion apirilean. Hala, laginak ateratzeaz Nafarroako Ingurumen Kudaketa enpresa publikoa arduratuko da, eta horiek segurtasun neurrien arabera garraiatuko dira, tenperatura hotzean, Naserticen laborategietara.
Pinillosen arabera, laborategiak biosegurtasun baldintzak betetzen ditu azterketarako: laginak segurtasun biologikorako kanpai baten barruan aztertzen dira, kanporatzeko arriskurik gabe, eta ikerlariek babes ekipamenduak eramango dituzte.
Prozedurak, halaber hiru fase ditu. Lagin bakoitzak 500 mililitro ditu, eta, horietatik, 200 mililitro erabiltzen dira, eta bestea gorde egiten da, izoztuta. Lehenik, uretan diren partikular hartzen dira, eta gainerako ura bota egiten da. Bigarrenik, kit eta material bereziak erabiliz, iragazi egiten da soilik DNA edo RNAren tamainako osagaiak lortuz. Azkenik, PCR Polimerasaren kate-erreakzio teknikaren bidez, anplifikatu egingo da, eta ondorioztatuko da ba ote dagoen koronabirusaren nukleoan dagoen RNA edo azido erribonukleikoaren aztarnarik, eta zer kopurutan. Azkenean, kopurua bera da helburua, horrek ahalbidetuko baitu jakitea denboran zer bilakaera duen kutsatze kopuruak.