«Arbaso lesbianak» omendu dituzte Bilbon, Ikusgaitasun Lesbikoaren Egunean

«Lesbianismo feministaren oinarriak berreskuratzera» deitu du Bilbo Feminista Saretzen plataformak.

 Ikusgaitasun lesbikoaren eguna. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ikusgaitasun lesbikoaren eguna. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2024ko apirilaren 26a
20:40
Entzun

Ikusgaitasun Lesbikoaren Eguna da gaur, eta, azken urteetan egin bezala, mobilizazioa egin du arratsaldean BFS Bilbo Feminista Saretzen plataformak. Zirgarien eskulturan egindako protestan, «arbaso lesbianak» omendu dituzte, «emakume errebeldeak eta ausartak» izan zirelako, eta borroka feministaren «funtsezko zutabe»: «Haien ekarpena ezinbestekoa izan da sexu-genero identitate disidenteak auzitan jartzeko, eta harreman eredu heterosexuala zalantzan jartzeko».

Hala, BFSk eskerrak eman dizkie «isiltasunaren eta lesbogorrotoaren armairuak hautsi» zituztenei, eta kalean luma erakutsi dutenei: «Eskerrik asko aitzindariak izateagatik». Horrekin batera, beharrezkotzat jo du «lesbianismo feministaren oinarriak berreskuratzea»: «Gutako askorentzat ez da identitate bat, ez orientazio bat, ez sexu aukera bat, baizik eta posizio politiko bat: heterosexualitatea sistema eta erregimen politiko gisa ulertzea dakar, emakumeen askatasuna maila guztietan eraikitzea dakar».

Ildo horretan, harreman lesbikoak erreferentzia gisa hartu dituzte, «berdinen arteko errespetutik eta maitasunetik lotzea lehenesten» dutelako eta «emakumeak mendeko egiten dituzten agindu heteropatriarkalei aurre» egiten dietelako. «Inoiz ez da berandu bollera izateko!», aldarrikatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.