Ardanzak «errespetua eta aitortza osoa» merezi dituela adierazi du Urkulluk

Jose Antonio Ardanza zerbitzu publikoei loturiko lanean «euskal gizartearen hobe beharrari» biziki lotua izan zela esan du lehendakariak.

Urkullu lehendakaria, otsaileko agerraldi batean, Ajuriaenean. ENDIKA PORTILLO
Urkullu lehendakaria, otsaileko agerraldi batean, Ajuriaenean. ENDIKA PORTILLO
Iñaki Etxeleku - Mikel Elkoroberezibar Beloki
2024ko apirilaren 9a
11:00
Entzun

Atzo hil zen Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, eta gaur egin du hari buruzko adierazpen instituzionala egungo lehendakariak, Iñigo Urkulluk, Ajuriaenean. Senitartekoei «doluminak, hurbiltasuna eta maitasuna» helarazi dizkie lehendakariak; halaber, haren «hurbileko pertsonei» eta hark bizitzan «bizilagun izan zituen lantalde guztiei». Hitz batez nahi izan du laburbildu Ardanzak «pizten duen sentimendua»: errespetua. «Errespetua eta aitortza osoa merezi» dituela erran du.

Ardanza zerbitzu publikoei loturiko lanean «euskal gizartearen hobe beharrari» biziki lotua izan zela esan du. Ardanzaren ibilbide politikoko gertakariak oroitarazi ditu, besteak beste, 1985ean Eusko Jaurlaritzako lehendakari karguaren zina egin zuenean Jose Antonio Agirre lehendakariak 1936an ahoskatutako hitzak errepikatu zituenekoa: «Jaungoikoaren aurrean apalik, eusko lur gainean zutunik, asabearen gomutaz, Gernikako zuhaitz pean, neure aginduba ondo betetzea zin dagit».

Urkulluk oroitu du Ardanza Francoren estatu kolpe militarraren ondoko egoera politikoak markaturiko belaunaldikoa zela, «une oro gure herriaren askatasuna eta demokrazia amesten» zuen belaunaldikoa. Lehendakari gisa «ondare luze eta zabala» utzi zuela adierazi du, «autogobernuaren garapenean, bereziki».

Ardanzaren ekarpenak laburbildu ditu lehendakariak: «Euskadiren susperraldi ekonomikoa bultzatzeko, etenik gabe» lan egin zuela «industria krisi baten barruan»; Ardanzaren gobernuek «gizarte neurri aitzindariak» abiarazi zituztela «euskal gizartearen kohesioa bermatzeko». Bestalde, aipatu du «bakearen eta bizikidetzaren alde lan nekaezina» egin zuela, «bortizkeriaren eta terrorismoaren baldintzarik gabeko gaitzespena» erakutsiz. Horrez gain, «elkarrizketarako eta adostasunerako prestutasuna» izan zuela nabarmendu du. Azkenik, «elkarrizketa bultzatzeko gaitasuna» zuela azpimarratu du Urkulluk, «pazientzia eta ekina, adostasun sozial eta politikoak josteko», halakorik behar izan zen garaian. «Goian bego» hitzekin bukatu du Urkullu lehendakariak adierazpena.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde publiko guztietako ikurrinak haga erdian daude Ardanzaren heriotzagatik. Izan ere, Jaurlaritzak atzo iragarri zuen hiru eguneko dolu ofiziala egingo dela, atzoko 15:00etatik etziko 15:00ak bitarte. Ardanzaren hil kapera bihar goizean jarriko dute Ajuriaenean, 10:00etatik 14:00ak arte. Bihar bertan egingo da hileta elizkizuna eta meza. Ardanzaren sorterrian izango da, Elorrion (Bizkaia), Sortzez Garbiaren Basilikan, 19:00etan.

Alderdiaren aitortza

Andoni Ortuzar EAJren Euskadi Buru Batzarreko presidenteak Urkulluren ildo bereko agerraldia egin du gaur eguerdian, Bilboko Sabin Etxean. Ardanzaren heriotzaren berri «doluminez eta guztiz atsekabetuta» hartu zutela esan du hasieran: «EAJrentzat eta Euskadirentzat galera handia da».

Ortuzarrek «adeitasun eta hurbiltasun adierazpenik sentikorrenak» helarazi dizkie Ardanzaren andreari eta seme-alabei. Sendia eta alderdia, «familia naturala eta familia politikoa» Ardanzaren bizitzaren oinarri izan direla adierazi du.

Urkulluren gisan, Ortuzarrek oroitarazi du Ardanzaren ibilbide politikoa, hala nola EGIko militante izan zela «klandestinitatean», eta «erbestea sufritu» zuela. Arrasateko alkatetza, Gipuzkoako ahaldun nagusi kargua eta lehendakaritzara heltzea oroitarazi ditu. Azken hori «baldintzarik latzenetan» izan zela esan du, alderdi barruko «zatiketaren atarian».

Euskal Herriarekin eta EAJ alderdiarekin Ardanzak izandako «konpromiso irmo eta zintzoa» azpimarratu du. Ardanza lehendakaria zenarekin EAJ «erabat eskertuta dagoela» adierazi du, eta utzi zuen «legatu politiko aberatsa» aitortu dio. «Ardanza gabe ezin litzateke gaur egungo Euskadi oparo eta baketsua ulertu», Ortuzarrek esan duenez. Lehendakari izan zen hamalau urteetan «Gernikako estatutuak ezagutu zuen garapen maila eta ETA gure bizitzatik desagertu zedin egin zituen ekimenak» aipatu ditu EBBko buruak: «Ajurieneko ituna eta Ardanza plana dauzka horien erakusle».

Ardanza «60 urtetan» EAJko kide izan zela «harro esan» daitekeela esan du Ortuzarrek, eta goretsi du «beti ideal abertzale eta demokratikoen zerbitzura» egon zela. Ohizko «agur eta ohore» batez bururatu du hitzartzea.

Beste alderdi politiko batzuetako ordezkariek ere hitz egin dute hil berri den lehendakariari buruz. Esaterako, EH Bilduko lehendakarigaiak, Pello Otxandianok, nabarmendu du «pertsona garrantzitsua» izan dela, eta arrastoa utzi duela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako historia garaikidean. «Errespetu osoa eta doluminak» adierazi dizkio EAJren familia politikoari Radio Vitorian egin dioten elkarrizketaren bidez.

Hainbat udaletako ordezkariek ere adierazi dizkiete doluminak Ardanzaren ingurukoei, baina bi nabarmendu dira. Batetik, Elorrioko Udalak goretsi du lehendakari ohiak haren jaioterriarekin zuen «lotura estua». Bestetik, Gautegiz Arteagako (Bizkaia) alkateak, Patrik Saituak, adierazi du «ohore handi bat» izan dela Ardanza bizilagunetako bat izatea. Nabarmendu du Ardanza «laguntzeko prest» azaldu izan zela, eta haren «gertutasuna» azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.