Pradalesek esan du «Euskadiren pluraltasuna» zainduko duela, Ardanzaren aholkuei segituz

Bereziki hezkuntza eta Osakidetza izan dituzte hizpide alderdiek gaur goizean. Arratsaldean, berriz, Jose Antonio Ardanza lehendakariaren heriotza izan dute aipagai.

Imanol Pradales gaur Donostian egindako ekitaldian. ANDONI CANELLADA/FOKU
Mikel Otero eta alderdiko beste hainbat kide, gaur, Gasteizen. EH BILDU
Isabel Jaurena - Gotzon Hermosilla - Xabier Martin - Gurutze Eizagirre Intxauspe
2024ko apirilaren 8a
12:15
Entzun

Off-eko ahots batek hasi du EAJren gaur arratsaldeko mitina, Sestaon, Bizkaian: «Egun handira arte, lehendakari, agur eta ohore». Bildutako dozenaka lagunek zutik egin dute minutu bateko isilunea EAJren EBBko lehendakari Andoni Ortuzar buru zela, eta, besteak beste, Itxaso Atutxa BBBko lehendakaria, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu eta lehendakariordea, eta Imanol Pradales lehendakarigaia alboan zituela.

Ortuzarrek hitza hartu du, hunkituta. Hitza ebakitzen zitzaion Jose Antonio Ardanza lehendakaria ahotan hartzean. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eleduna ere mitinean zen, eta elkarrekin ordu asko egin zituztela esan du, Ardanzarekin batera: «Gauza bat ikasi genuen harekin. Beti ateratzen da zerbait ona gauza txarretatik, eta beti aurrera egin behar da!». Gazia eta gozoa aipatu zituen, Atlheticen garaipenari erreferentzia eginda: «Lortu dugu. Kopa Bilbon dago. Gabarra ibaian. Eta, orain, Imanol Ajurienera!». Hurrengo lau urteak «garrantzitsuak» izango direla esan du, «mundu berri baterako sarrera». Trantsizio energetikoa, digitila eta soziala egiteko daude. Zalantzatiei egin die deia, EAJri botoa emateko eskatuz. Inkesten arabera, zalantzati gehienak Bilbo eta Santurtzi artean daudela zehaztu du, «eta gehienak emakumeak dira. Zalantzak kendu behar dizkiegu!».

Pradalesek itxi du mitina, eta Ardanza hartu du hizpide lehenik eta behin. Duela hilabete eta erdi ezagutu zuela jakinarazi du, eta hau esan ziola: «Imanol, talderik onena osatu eta Euskadiren pluraltasuna kontuan izan, guztiontzat gobernatzea oso inportantea da. Hori egingo dut, lehendakari. Agur eta ohore».

Ezkerraldearen bilakaera hartu du ahotan gero: «Zerbitzuetan izandako eraldaketa ez da zerutik etorri. Hau guztia EAJren gidaritzari esker izan da». Ezkerraldeko hainbat datu eman ditu. Besteak beste, azkena gabarra atera zenean langabezia tasa %30ekoa zela esan du, eta gaur egun %10ekoa. Kanpotik lanera etorritako guztiei esker ona azaldu die, «gure belaunaldientzat eredu izan zarete». Ongizatean «hazten segitzea» du helburu Pradalesek, eta, horretarako, hiru ardatzeko agenda aipatu du: ongizatean haztea, Europan ahots propioa izatea eta agenda humanistan sakontzea. Horretarako programan 500 neurri zehatzetik gora dauzkatela zehaztu du. Besteak beste, zaharren zaintzarako dituzten proposamenak aletu ditu.

Indarra egin du gazteen lan baldintzetan, eta demografiaren erronka ere aipatu du. EAJrentzat, neurriak hartu behar dira haurren jaiotzak sustatzeko. Besteak beste, bi konpromiso aipatu ditu: haur bakoitzarengatik ematen diren 200 euroko laguntzak igotzea eta ugalkortasun programak zabaltzea.

Pradalesek goizean Osakidetza izan du hizpide, Donostian. 1.250 milioi euroko inbertsioa eginen du Osakidetzan, «Euskadi guztiko ospitaleak eta anbulatorioak hobetu eta handitzeko». Hala iragarri du gaur Imanol Pradales alderdiko lehendakarigaiak. Gainera, «herri akordio bat» egiteko proposatu du, Osakidetza «Europako osasun sistema guztien buru izan dadin».

Adierazpen horiek Onkologikoaren aurrean egin ditu. Azaldu du osasuna bere alderdiaren «lehentasun nagusia» izanen dela. Donostia ospitalean eraikin berria egitea planteatzen dute, eta Arrasate eta Zumarragako (Gipuzkoa) ospitaleak handitzea. «Inbertsio handia egingo dugu osasun instalazio berrietan, gaixo daudenei arreta emateko, minbizia bezalako gaixotasun krudelei aurre egiteko aukera teknologiko berriekin», zehaztu du.

Hobekuntza horiek helburu hartuta, alderdien arteko akordioak egitea ezinbertzekoa zaio. Hortaz, eskatu du «interes alderdikoiekin» ez aritzeko, osasuna «eztabaida horien gainetik» dagoelako.

Osakidetzaren «kudeaketaren erantzukizun politikoa» onartzeko eskatu dio Otxandianok EAJri

EH Bilduko hautagai Pello Otxandianok gogoratu du kanpaina hasieran beste alderdiei eskaera bat egin ziela, «eztabaida politikoaren maila igotzea», eta ziurtatu du dagoeneko koalizio subiranistaren aurka zer esaten ari diren ikusi eta entzunda, «zorroztasuna» eskatzea baino ez zaiola geratzen, horrekin konforme legokeela orain.

Baina, edonola ere, «kolaboraziorako espazioak» eskaini dizkie beste lehiakideei, «elkarguneak» ikusten dituelako diagnostikoaren eduki batzuetan, «desberdintasun handiak badira ere». «Inork ez du auzitan jartzen jadanik Osakidetza zutik jarri behar dela; inork ez du zalantzan jartzen etxebizitzarekin arazo larria dagoela», esan du, eta ohartarazi du «okerrena» litzatekeela «azken zortzi urteetan egindako kudeaketaren erantzukizun politikoa» baztertzea; soluzioak aldentzea litzatekeela hori. «Lehenik erantzukizunak» argitzea exijitu du Otxandianok, eta gero «herri aginduari jarraikiz» kolaborazioa eskaini die beste alderdiei «espazio kolaboratiboak» osa ditzaten, «epe ertain eta luzera» soluzioak emateko.

Erantsi du EH Bilduk baduela beste elkargune bat EAJrekin, estatus politikoaren edukian hain zuzen. «Burujabetzan jauzi bat» egiteko aukera aipatu du, eta adostasuna lortze aldera martxan jartzeko eskatu die jeltzaleei, «Madrilera ahots bakarrarekin» joateko.

Horiek horrela, ziurtatu du Osakidetzan, etxebizitzan, zaintzan eta beste eduki sozialetan dauden «arazo larriak» soluziobidean jartzeko irtenbide horien «norabidea» finkatu behar dela, eta norabide hori zein den zehaztu du etxebizitzaren atalean: «Etxebizitza publikoaren parkea handitzea, prezioak orekatu daitezen».

Osasun alorrean, berriz, garbi esan du «aurreikuspen gabeziak eta zuzendaritza postuetan ildo bereko jendea jartzeak eta ez pertsona egokienak», horrexek eragin duela Osakidetzaren egoera; osasun sistema publikoaren egoera azaltzeko «azken zortzi urteetan egindako kudeaketari» begiratu behar zaiola gaineratu du, eta ez soilik pandemiari.

«Aldaketaren agendari» buruz aritu da EH Bilduko lehendakarigaia, «ez delako aukera bat orain arte bezala jarraitzea». Baina ohartarazi du «batzuek tentazioa» dutela «betikoan jarraitzeko, PP eskaini baititu beren botoak» horretarako. Koalizioak «eskuin erreakzionarioa» salbu ez du inor baztertuko «kolaborazioko herri proiektuak» martxan jartzeko. «Herri paktuak» behar dira, Otxandianoren ustez, arazo sozial larriei aurre egiteko, eta bozetatik aterako den «mandatu demokratikoa» bere gain hartzeko prest dagoela adierazi du.

Koalizioak esaten duena egiten duela errepikatu du, eta gainontzekoek onartzen dutela hori, eta hautagaiaren arabera, EH Bilduk «argi esan du «dagoeneko» zer egingo duen «jasotako botoekin». Hala, beste alderdiei eskatu die gauza bera egin dezaten, «boto emaileek merezi baitute jakitea» zertarako baliatuko diren beren botoak.

Otxandianoren aurretik Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia aritu da Andoaingo ekitaldi politikoan (Gipuzkoa), eta Rodriguezek Athleticek irabazi berri duen «Espainiako Kopari» erreparatu dio, galdetzeko zergatik ezin duten euskal jokalariek «Europako txapelketa handietan lehiatu eta irabazi». Esan du «talentua» badela horretarako, eta ez dagoela zertan «konformatu kopa espainiarrarekin».

Miranda eta Altsasu arteko tren zerbitzua

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak badute aldiriko trenen garraio zerbitzua eskuz aldatzeari buruzko akordioa. Horri esker, zerbitzua Arabara zabaldu dezake, baina, Mikel Otero EH Bilduko kideak adierazi duenez, zerbitzu horrek Miranda (Burgos, Espainia) eta Altsasu (Nafarroa) lotu behar ditu. «Tren hori ezin da Araian edo Manzanosen geratu; Altsasura eta Mirandara iritsi behar du. Eusko Jaurlaritzak korridore osoan eman behar du zerbitzua, Euskotrenen bitartez. Ez dago inolako zailtasun teknikorik zerbitzu horri heltzeko Europa osoan trenbide sarea liberalizatu zenetik», zehaztu du.

Zerrendakideak azaldu du proposamen hori bideragarria dela, eta herritarrei «kalitatezko zerbitzua» eskainiko diela. Uste dute geltoki gehiago behar direla, berriak eta erabiltzen ez direnak tarteko: zehazki, gaur egun dauden 11 horiei gehitu behar zaizkie erabiltzen ez diren bost –Tresponde, Zerio Illarraza, Oreitia, Ezkerekotxa eta Egino (Araba)–, eta bertze bost sortu –Arasur, Subillabide, Jundiz, Agurain eta Asparrondo (Araba)–. «Gure trenbide sarearen planteamendua birpentsatzeko ordua iritsi da, erabiltzaileen benetako beharrei irtenbidea emanez, herrien arteko denborak hobetuz, lurraldearen kohesioa eta egituraketa erraztuz, herritarrek, mugimendu sozial, sindikal eta tokiko erakundeek aspaldidanik aldarrikatzen duten bezala», azaldu du Oterok.

Ikastetxeak publifikatzeko egutegi bat proposatu du Elkarrekin-Podemosek

«Kalitatezko euskal hezkuntza» bermatuko duela iragarri du Elkarrekin Podemosek. Horretarako, «maila guztietako ikastetxeak publifikatzeko egutegia» ezarriko dutela erran du Guillermo Presa Eusko Legebiltzarrerako Arabako hautagaiak. Izan ere, uste du hezkuntza publikoa sistemaren «ardatza eta motorra» izan behar dela: «Ezin ditugu itunpeko ikastetxeak diru publikoz betetzen jarraitu, ondoren dohaintza faltsuak ordaindu ezin dituenari sarbidea eragozten badiote, eta eskola segregazio arrazista eta klasista areagotzen badute».

Erran du egun dagoen eskaintza publikoa ez dela nahikoa, eta udalerri anitzetan ez dutela eskola edo institutu publikorik. Hortaz, 1.000 biztanletik gorako udalerrietan ikastetxe publiko bat dagoela ziurtatzeko konpromisoa hartu du alderdiak. «Hezkuntza giza eskubideen oinarrizko gutunean jasotako oinarrizko eskubidea da, eta maila guztietan bermatuko dugu», zehaztu du Presak.

Familien erosahalmena bermatu nahi duela erran du Sumarrek

Sindikatuen eta patronalaren arteko akordioa lortzea da Sumarren helburuetako bat, soldata igoera lortzeko. Hala adierazi du Jon Hernandez koalizioaren Arabako zerrendaburuak. Haren erranetan, «euskal familia langileen» erosahalmena bermatu nahi dute: «Ezin da izan EAJren eta PSEren gobernuaren azken zortzi urteetan enpresen etekinak etengabe handitu izana eta, aldiz, langileek erosteko ahalmena galtzen jarraitzea». Gehitu du familiek «zailtasunak» dituztela oinarrizko gastuei aurre egiteko, eta egoera horri «neurri progresistekin» soilik egiten ahal zaiola aurre.

Oionen (Araba) egin dute ekitaldia, eta Edurne Garcia eta Oskar Fernandez koaliziokideak ere bertan izan dira. Hernandezek erran du soldata hobekuntza lehenbiziko sektorera ere iritsi behar dela. Izan ere, uste dute arlo horretako langileak «ahaztuta» daudela, eta, hortaz, horiendako «kalitatezko enplegua» eskatuko dute: «Mahastizainen nekazaritza errenta bermatzeko lan egingo dugu, Elikagai Katearen Legea betetzeko, eta familia ustiategien eta upategi txikien jarraipena ere bai».

Jon Hernandez Sumarreko kidea gaur, Oionen. SUMAR
Jon Hernandez Sumarreko kidea gaur, Oionen. SUMAR

 

Anduezak guztiendako aukera berdinak oinarri dituen «euskal eskola publikoa» aldarrikatu du

Hezkuntza izan dute hizpide gaur sozialistek Gasteizen, «euskal eskola publikoa» zehazki. Eneko Andueza PSE-EEko lehendakarigaiak erran du guztiendako aukera berdinak oinarri dituen eredu baten aldeko apustua egin behar dela. «Sozialistok uste dugu benetan herrialde gisa hazi nahi badugu, benetan berdintasunezko gizartea, bidezkoa, garatua, modernoa, etorkizuna izango duena izan nahi badugu, euskal eskola publikoaren aldeko apustua egitea beste irtenbiderik ez dagoela. Ikasle guztiek ikasketetan arrakasta izateko eskubidea ziurtatuko duen apustua, haien jatorria, sexua eta gizarte egoera edozein direla ere», borobildu du.

Hautagaiak gogoratu du EAEko Hezkuntza Legearen tramitazioan eta onespenean bere alderdiak «babes lanak» egin zituela, «interes nazionalisten aurrean». Hortaz, haiei esker, «lurralde osoan eredu bakarra egotea saihesten duen eta gurasoek hizkuntza aukeratzeko askatasuna bermatzen duen legea» dela.

Aroa Jilete Arabako zerrendaburua ere bertan egon da, eta erran du hezkuntza arloan asko dagoela egiteko. Bullying kasuak ekarri ditu gogora, eta erronka handia dela erran: «Ikastetxeetako zuzendaritzen lidergo pedagogikoa indartzeko konpromisoa hartzen dugu, bullying-aren aurkako borrokan edo gailu elektronikoen kontrolean zentratu ahal izateko».

Eneko Andueza eta Aroa Jilete gaur, Gasteizen. PSE-EE
Eneko Andueza eta Aroa Jilete gaur, Gasteizen. PSE-EE

 

 

«Zubiak apurtu nahi dituzten XIX. mendeko nazionalismoak» deitoratu ditu Anduezak

 

 

PSE-EEk ekitaldia egin du Irunen (Gipuzkoa), eta Eneko Andueza lehendakarigai sozialistaz gain, Nafarroako lehendakari Maria Txibite eta Akitania Berriko presidente Alain Roussetek parte hartu dute, Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdea osatzen duten lurraldeen arteko batasuna eta lankidetza irudikatzeko. Anduezak «zubiak apurtu nahi dituzten XIX. mendeko nazionalismoak» gaitzetsi ditu, eta horiei kontrajarri die sozialistek proposatzen duten eredua, «zubiak eraikitzean, lankidetzan eta europeismoan» oinarritua.

Anduezak gogorarazi du euroeskualdea eratu zela Patxi Lopez lehendakari izan zenean, eta esan du horrek onura ekartzen diela «elkarren beharra duten herritarrei». «Sozialistok Euskadi, Espainia eta Europa izan nahi dugu: Euskadik eta Nafarroak ez diote Euskadi eta Nafarroa izateari uzten Espainia izateagatik», azaldu du.

Hendaia eta Irun lotzen dituen zubiaz ere aritu da Andueza. Esan du zubi hori «sufrimendu askoren lekuko» izan dela gerren eta diktaduraren garaian, eta egun, berriz, «batasuna eta ilusioa» ordezkatzen duela. Iragarri du sozialistek proposatuko dutela Santiagoko zubia memoria historikoko gune izendatzea.

Txibitek ere nabarmendu du eskualdeek duten garrantzia Europaren eraikuntzan, eta Andueza babestu du: «PSE-EEk egonkortasuna, proposamen zuhurrak eta konfiantza bermatzen ditu. Andueza lehendakari bada, urrats gehiago eta ausartagoak egingo ditugu euroeskualdearen eraikuntzan». Antzera mintzatu da Rousset: hark ere nabarmendu du sozialistek «Europaren, demokraziaren eta askatasunaren aldeko ekarpena» egiten dutela, eta hori kontrajarri die «muturreko ideologien» planteamenduei.

Anduezak eta Txibitek Jose Antonio Ardanza lehendakari zendu berria gogoratu dute euren hitzaldietan. Anduezak esan du Ardanza «bake gizona» zela eta «desberdinen arteko akordioetan» sinesten zuela. Ajuriaeneko Ituna aipatu du haren ekarpen nagusitzat: «Harro nago sozialistok hark gidatu zituen gobernuetan egon ginelako». Txibitek, berriz, nabarmendu du Ardanzak «elkar ulertzearen alde» lan egin zuela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.