«Arduraz» jokatzeko eskatu die ezker abertzaleak PPri eta PSOEri

Marian Beitialarrangoitiak esan du «patetikoa» dela aurreko bake prozesuaren harira PPk eta PSOEk duten liskarra«Alderdikeria zantarrez» jokatzea egotzi dio EAJri, gaurko manifestaziora ez joateagatik

Niko Moreno, Marian Beitialarrangoitia, Aitor Bezares eta Miren Legorburu, ezker abertzaleko kideak. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon olano
Donostia
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Egoera politiko berriari erantzukizunez eta behar bezala erantzuteko eskatu die ezker abertzaleak PPri eta PSOEri. Bi alderdiek iraganean negoziazio prozesu bati ekiteko «heldutasun eta ardura politiko nahikoa» izan zutela azpimarratu du Marian Beitialarrangoitiak, Hernaniko alkateak, eta jarrera hura berreskuratzeko eskatu die.

Donostian prentsaurreko bat egin zuen atzo ezker abertzaleak. Azken bake prozesuaren harira PPk eta PSOEk azken egunotan duten liskarra «patetikoa»dela adierazi du Beitialarrangoitiak, eta gatazkari konponbidea bilatzea «Espainiako gobernu guztien agendan» egon den gai bat izan dela oroitarazi du.

ETAk joan den igandean argitaratutako agirian dioenez, su-etenaren egiaztatzean aurrerapausoak emateko prest dago, baina, Beitialarrangoitiaren arabera, Espainiak eta Frantziak ez dute su-etena egiaztatu nahi. Haren irudiko, horrek agerian utziko luke Espainiak erabiltzen duena dela «Euskal Herrian indarrean dagoen indarkeria bakarra». Euskal Herritik abiatutako edozein ekimen politikori Frantziak eta Espainiak biolentziaren bidez aurre egiteko aukera izan nahi dutela uste du Beitialarrangoitiak: «Ez dute Euskal Herrirako eskaintza politikorik. Badakite galtzaile direla eztabaida politikoan».

Mobilizazioa, «ezinbestekoa»

PPren eta PSOEren jarrera «friboloa» dela iritzi dio Beitialarrangoitiak. Alta, bi alderdi horiek, eta oro har Espainia, dauden posiziotik mugitzera behartu behar dituztela gaineratu du. Horretarako herritarren inplikazioa eta mobilizazioa «ezinbestekoak» direla ziurtatu du, eta Sortu legeztatzearen alde gaur Bilbon egingo duten manifestaziora joateko deia egin du.

Bilboko manifestaldian ez da EAJren ordezkaritzarik izango, Joseba Egibar EAJko Gipuzkoako presidenteak jakinarazi zuenez. Erabaki horrekin EAJk «alderdikeria zantarrenari» bide ematen diola uste du Beitialarrangoitiak: «Herri gisa jokatu beharrean, interes alderdikoiak lehenesten ditu». Ezker abertzalea maiatzeko foru eta udal hauteskundeetan egon dadin «bere eskuetan dagoen guztia» ez egitea leporatu dio EAJri, eta hori EAJk ezker abertzaleari dion «beldur izugarriaren» ondorio dela gaineratu du. Hala ere, «lasaitasuna eta herri interesak lehenesteko» eskatu dio Beitialarrangoitiak EAJri.

Patxi Lopez Eusko Legebiltzarreko lehendakariaren hitzak ere gogoan izan ditu. ETAren agiria ez zuela aipatuko esan zuen Lopezek, «ezker abertzaleari publizitaterik ez egiteko». Horren atzean Lopezen diskurtsoaren «ahultasuna» dagoela dio Beitialarrangoitiak. PSOEk eta EAJk testuinguru politikoan posizio politiko bat finkatzeko «zailtasunak» dituztela ondorioztatu du.

Ezker abertzalearen estrategia indar metaketa dela berretsi du Beitialarrangoitiak, baina hori aurrera eramateko alderdien arteko berdintasunezko egoera bat beharrezkoa dela ohartarazi du. «Ez gara iritsi egoera horretara», salatu du. Hala ere, indar metaketa hori ez dela hauteskundeei begirako apustua azpimarratu du.

Udal eta foru bozen harira, Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko aretoak Sortu ez legeztatzeko erabakia ere izan dumintzagai Beitialarrangoitiak. Haren iritziz, zazpi epailek Sortu legeztatzearen aldekoak izatea «ñabardura bat besterik» ez da, kontuan izanda alderdia ez legeztatzeko erabakiaren «larritasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.