Ares: «EAJk jakinarazi digu bakarrik gobernatzeko erabakia hartu duela»

PSEkoak dio «aukera erosoena» hautatu dutela jeltzaleek, «baina okerrena Euskadirentzat»

Erredakzioa
Bilbo
2012ko azaroaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eusko Jaurlaritza osatzeko bilerek eman dute eman beharrekoa. Hala uste dute, behintzat, PSE-EEko ordezkariek. Alderdi sozialistak ez du kargurik izango gobernu berrian, jeltzaleekin hainbat akordio lortzeko prest baziren ere. Rodolfo Ares sozialisten idazkari politikoak eta hauteskunde kanpainako koordinatzaileak jeltzaleei leporatu die akordiorik lortu nahi ez izatea. EAJk bakarrik gobernatzea erabaki duela jakinarazi zuen atzo arratsaldean, goizean EAJren ordezkaritzarekin bildu ostean. «Bakarrik gobernatzeko erabakia hartu dutela jakinarazi digute».

Kazetarien aurrean eginiko adierazpenean, bi aldiz errepikatu zuen esaldi hori PSE-EEko buruzagiak. Hasieran eta bukaeran. Eta gaineratu zuen sozialisten ustez ez dela «ez erabakirik arrazoizkoena, ezta egokiena ere». «EAJrentzat aukera erosoena da, baina Euskadirentzat, okerrena». Tartean, sozialistek jeltzaleei eginiko proposamenak zerrendatu zituen Aresek. PSE-EEren programan jasotakoak, denak: besteak beste, ekonomia suspertzeko neurriak, zerga sistema progresiboago bat, Lurralde Historikoen Legearen erreforma, Gernikako Estatuaren defentsa eta, hori aldatu nahi izanez gero, estatutu horrek izan zuen babesa edo handiagoa lortu beharra.

Proposamen horiei buruz, EAJko ordezkarien erantzuna zein izan den ez zuen azaldu Aresek. Buruzagi sozialistak adierazi zuen negoziazioetan EAJk eginiko proposamenean aurrekontuen inguruan egon dela zailtasun handiena. Jeltzaleek akordio zabal bat eskaini die bilera errondan parte hartu duten alderdiei, alderdiek erakunde guztietako —foru aldundiak eta udalak barne— aurrekontuak onartzea errazteko, «ez eragozteko», osoko zuzenketarik ez aurkezteko, ezta zatikako zuzenketarik ere, aurrekontuen «filosofia eta edukia eraldatzen badute».

Sozialistek ezin dutela hori onartu adierazi zuen Aresek. «Gu prest gaude administrazio guztien aurrekontuen inguruan akordioak adosteko, baina edukiei buruz eztabaidatu eta hitz egin ondoren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.