politika

Argalaren ezkontzako bi aitabitxiak, 41 urteren ondoren berriro elkarrekin

Eloi Uriarte ETA m-ko kidea eta Gregorio Garitaonaindia Borda pm-koa izan ziren Yeuko konfinamenduko ospakizuneko bi testiguak, 1977an. Joan den ostiralean egin zuten berriro topo, Oñatin, BERRIAren elkarrizketa bat aitzakia hartuta.

Eloi Uriarte eta Gregorio Garitaonaindia 'Borda', joan den ostiralean, Oñatin. BERRIA
enekoitz esnaola
2018ko ekainaren 26a
07:25
Entzun

Eloi Uriartek joan den apirilaren 29an, BERRIAn, ETAren ibilbideari buruzko elkarrizketako sortako ale batean: “Yeun [ETAko] milien eta poli-milien arteko giroa ez zen txarra. Talde bakoitzak bere gauzak zituen, baina hartu-emana lasaia zen. Anekdota bat: han ezkondu zen Argala, eta aitabitxia mili bat izan zen —neu—, eta bestea, poli-mili bat”.

Hori leitu Ander Lizarraldek eta Xabier Igartuak (Oñati, Gipuzkoa), eta martxan jarri zuten ezkontzako bi aitabitxiak elkartzeko operazioa, bai baitakite zein izan zen ETA pm-koa: Gregorio Garitaonaindia Borda bergarar eta Oñatiko bizilaguna. Izan ere, iazko irailean Bordari buruzko liburua argitaratu zuen Lizarraldek —Boluntario baten ibilerak, eta beste—, eta kapitulu batean Yeuko (Bretainia) konfinamendu garaiko istorioak dakartza; kasurako, Jose Miguel Beñaran Argala ETAko buruzagiaren eta Maria Asun Aranaren ezkontzakoa —1977-02-11, udaletxea—. Justuki, Bordaren urtebetetze eguna zen —24 urte—, eta horregatik aukeratu zuen aitabitxietako Argalak.

Bordari azaldu zioten Uriartek BERRIAn esandakoa, eta proposatu polita izango zela hari liburua eta Argalaren ezkontzako udal agiriaren kopia bidaltzea etxera. Igartuak duela aste batzuk Uriarteri deitu eta esan zion irakurri zuela elkarrizketa, Bordaren ezaguna dela, eta Lizarralde eta hirurak Miarritzera (Lapurdi) joatekotan ziren, han bizi baita Uriarte —Soraluzekoa (Gipuzkoa) da sortzez, baina 1974an ihes egin zuen—. Horrek esan zien joan den aste bukaeran Oñatin bertan egongo zela. Halaxe, ostiralean elkartu ziren Uriarte eta Borda —beste bi haiekin batera—, hantxe; ordukoa da argazkia. Yeuko egonalditik elkarrekin egon gabeak ziren, 41 urte elkar ikusteke, eta hunkigarritzat jo zuten enkontrua. Lizarralderen liburuak Yeuko konfinamenduaz dakarren pasartea eta udal ziuragiria oparitu zizkioten Uriarteri. Oñatiko Udalak lortu zuen agiria, Yeukoari eskatuta, Bordari buruzko libururako.

Aurtengo abenduaren 21ean 40 urte beteko dira Argala (Arrigorriaga, Bizkaia, 1949) hil zutenetik. BVEk hil zuen, Angelun (Lapurdi), auto azpian jarritako bonba bat leherrarazita. Maria Asun Arana Arrasatekoa da (Gipuzkoa), eta han bizi da gaur egun.

Argala-Arana ezkontzako udal agiria (1977-2-11, Yeu, Bretainia)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.