OSASUNA

Argantzunen hildako umearen kasuan deliturik ez dagoela uste du epaileak

3 urteko ume bat hil zen martxoan, eta gurasoek auzitara jo zuten anbulantziarik ez zutelako bidali haien etxera.

Argantzungo sarrera. RAUL BOGAJO, ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko urriaren 8a
14:04
Entzun

Joan den martxoaren 17koa da kasua. Barizelak jota Gasteizko Txagorritxu ospitalean egona zen bezperan Anne Ganuza neskatoa; etxera bidali zuten, azterketak egin ondoren. Hurrengo goizean, baina, egoerak okerrera egin, eta larrialdietara deitu zuten gurasoek. Haien arabera, 112 zerbitzuan esan zieten deitzeko Miranda Ebrora, eta ez zieten anbulantziarik bidali nahi izan. Salaketa jarri zuten horregatik.

Argantzunen bizi zen familia. Legez Burgosi (Espainia) dagokio, baina anbulantzia zerbitzuak-eta Gasteiztik bidaltzen dizkiete, gertuago baitaude. Polemika sortu zuen heriotzak, lurralde zatiketaren ondorio izan zitekeelakoan.

Eusko Jaurlaritzak azaldu zuenez, 112ko langileak erabaki zuen Miranda Ebroko medikua eta erizaina bidaltzea haurraren etxera, Gasteiztik anbulantzia bat igorri beharrean. Medikua eta erizaina iritsi zirenerako, baina, haurra autoan zeramaten gurasoek Gasteizera, ospitalera. Han hil zen.

Gurasoek salaketa jarri zuten, larrialdi zerbitzuek ez zutelakoan egoki jokatu. Gasteizko auzitegiak, ordea, atzera bota du salaketa, EFE albiste agentziak zabaldu duenez. Epaileak adierazi du zantzurik ez dagoela medikuen huts egitea izan zela frogatzeko.

Autopsiaren arabera, bakterio jatorriko shock septiko baten eraginez hil zen haurra. Osakidetzak ohartarazi zuen anbulantzia bat bidalita ere ez zela salbatuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.