Abian da greba orokorra Hego Euskal Herrian, etxebizitza eskubidea bermatzearen alde eta espekulazioaren kontra. Goizeko piketeak amaitu dira. Mugimendu handia egon da errepideetan, herri eta hiriguneetako sarrera eta irteeretan, unibertsitateetan, eta industrialdeetan. Poliziarekin zenbait istilu izan dira, eta pertsona bat atxilotu dute Iruñean, eta beste bat Zamudion (Bizkaia).
LAB Nafarroak jakinarazi duenez, Espainiako Poliziak manifestari bat atxilotu du Iruñeko Karlos III.a etorbideko Caixabanken aurrean egindako piketean. Horrez gain, bortizki mugiarazi dituzte handik. Zamudion, berriz, CCOOko ordezkari bat atxilotu eta zauritu du Ertzaintzak, teknologia parkean pikete informatibo batean ari zirela. CCOOren esanetan, Ertzaintzaren erantzuna «zeharo neurrigabea» izan da. Ordezkari sindikala ABB enpresakoa da; Gurutzetako ospitalera eraman dute.
Sindikatuen goizeko balorazioa
Etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorraren aurreneko balorazioa zabaldu berri du LAB sindikatuak. Esan duenez, oihartzun «zabala» izaten ari da Hego Euskal Herri osoan, eta lantokietako jarduera ohi baino apalagoa izaten ari da. Sindikatuaren arabera, oraingoz lanuztearen eragina errepideetan, herri eta hiriguneetako sarrera-irteeretan eta poligono eta industrialdeetako jardueran nabaritu da gehien.
Hain justu, erantzuna «oso zabala» izaten ari da industrian, eta ekoizpena guztiz geldi edo nabarmen etenda dago: Gipuzkoan, Fagor Automation, Irizar eta CAF enpresetan; Bizkaian, Cementos Lemona, Nemak eta Gestamp enpresetan; Araban, Arcelor Mittal, Mercedes eta Tubacex enpresetan; eta, Nafarroan, Lamapor, Savera eta Mecalsa enpresetan.
Zerbitzu pribatu eta publikoetan ere grebaren eragina sendoa izaten ari dela jakinarazi du LABek. Zehaztu duenez, espero da Pasaiako eta Santurtziko portuetan erantzun zabala izatea, herri askotako saltokiak ixtea, eta ikastetxe publiko zein pribatuetan langile askok grebarekin bat egitea.
Hezkuntzako datuei dagokienez, «oso onak» direla adierazi du LABeko Hezkuntzako arduradun Aritz Villarrek, eta egun osoan ere hala izango direla gehitu. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gehiegizko gutxieneko zerbitzuak jarri dituela salatu du, eta langileei eta ikasleei babesa eskertu die.
Haurreskolak partzuergoan erantzuna «ia erabatekoa» izango dela esan du, eta Ikastolen sarean, berriz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %70eko eragina espero dute, eta ia erabatekoa Nafarroan.
Unibertsitate mailako hezkuntzan, Euskal Herriko Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan jarduera akademikoa «oso murritza» izango dela ere adierazi du sindikatuak. Mondragon Unibertsitatean, lau fakultatetatik hiru itxita daudela gehitu du.
CCOO eta UGT sindikatuek goizean goiz egin dute grebaren lehen balorazioa, gaueko txandak kontuan hartuta. Esan dute «erantzun zabala» izan duela. Esaterako, aipatu dute automozioaren sektorean %90ekoa izan dela greba, eta Iruñeko Volkswagen enpresan geldialdia «erabatekoa» izan dela.
Manifestazioak aurki
Manifestariak goizeko deialdi nagusietarako bidean dira. Hauek dira manifestazioen leku eta orduak: 12:30ean Bilbon, Iruñean, Donostian eta Tuteran (Nafarroa); 12:00etan Gasteizen eta Eibarren (Gipuzkoa).