Koronabirusa

Arintze neurriak zabaltzen hasi dira Euskal Herrian, iragarpen berrien atarian

Iparraldean maskara jada ez da nahitaezkoa aire zabalean. Nafarroan martxan dira neurri berriak. Jaurlaritzak gaur iragarri behar ditu bereak

Kalean maskararik gabe ibil zitezkeen atzo Ipar Euskal Herrian. BOB EDME.
Juanma Gallego.
2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egoera epidemiologikoaren hobekuntzaren ondorioak ikusten hasiak dira neurri murriztaileetan. Atzodanik, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ez da nahitaezkoa aire zabalean maskara erabiltzea.

Uste baino lehenago etorri da erabakia, herenegun Frantziako lehen ministro Jean Castexek ezustean iragarri baitzuen. Halere, jendea pilatzen den egoeretan babes neurri hori mantenduko dela ohartarazi zuen. Adibidez, errenkada batean itxarotean, merkatuetan, geltokietan eta estadioetan maskara jantzi behar da. Eskola jolastokietan, aldiz, ez da beharrezkoa izango; zenbait kasutan, pertsonen artean mantendu daitekeen distantzia izango da irizpidea: gutxienez metro batekoa izan beharko du.

Bide beretik, eta aspaldiko partez, Euskal Herri osoan ez da etxeratze agindurik egongo, igandetik aurrera Iparraldean bertan behera geratuko baita debekua.

Ostalaritzan, kulturan eta kirol jardueretan dauden mugak, baina, bere horretan mantenduko dituzte ekainean; datorren astean iragarriko dituzte uztailean alor horietan izango diren betekizun zehatzak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokienez, gaur biltzekoa da Labi batzordea, eta zenbait arintze iragarriko dituztela espero da. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak atzo aurreratu zuen osasun egoeraren «bilakaera onak» horretarako beta eman zezakeela, datuak ondo bidean.

Nafarroan ere, gaurtik bertatik ostalaritza eta kultura gauerdira arte zabalduta egon ahalko da, eta ostalaritza lokalen edukiera %30etik %50era handitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.