Arkotxa auzoko pabiloien egoera konpontzeko beharra azpimarratu du Zaratamoko Udalak, «abandonatuta» daudela eta

Gizon baten gorpua atzeman zuten herenegun pabiloi zaharretan. Ertzaintza ikerketa egiten dabil.

Ertzaintza ikerketak egiten, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
Ertzaintza ikerketak egiten, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko maiatzaren 5a
10:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizon baten gorpua agertu zen herenegun Zaratamoko Arkotxa auzoko errepide baten bazterrean (Bizkaian). Atzo, ohar bidez, Zaratamoko Udalak «atsekabea erakutsi» zuen horregatik, eta doluminak eman zizkien hilda aurkitu dutenaren senideei. Agirian zehaztu dutenez, udalak bere esku dagoen guztia «egiten jarraituko du Arkotxako pabiloi zaharretan hirigintza eta industria garapen egokia izateko».

Hain zuzen ere, Arkotxan aurkitu zuten gorpua, Outokumpuko pabiloi zaharretan. Udalak espero du «lehenbailehen argitzea» hildakoa nor den, baina «heriotzaren inguruabarrak» zeintzuk diren ere, baina, delako argibideak eskuratu artean, Outokumpu lantegi zaharraren inguruko iritzia berretsi nahi izan du Udalak: «Pobreziak hil egiten du, eta ziurgabetasuna hedatzen du gizarte osoan. Berriro diogu: bat gatoz bizilagunei Outokumpu lantegi zaharreko pabiloi abandonatuetan bizi duten egoerak pizten dien kezkarekin; izan ere, bertan, etxerik ez duten eta erabateko pobrezian dauden pertsona asko babesten dira, eta, horrela, egonezina eta ziurgabetasuna areagotu».

Adierazi dutenez, jadanik eskatua diete pabiloien jabeei «abandonu egoera hori konpontzeko», baina orain arte ez omen dute «erantzun egokirik» jaso. Udalaren ustez, «erakunde arteko esku hartzea» beharrezkoa da kasu horretan, «tokiko erakundeetatik haratagokoa». Bide horretan lan egiteko deia zabaldu diete erakunde guztiei.

Herenegun 16:30ean aurkitu zuten gorpua, Txomin Egileor errepide bazterrean, industria pabiloi abandonatuen inguruan; hala jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Herritar batek aurkitu zuen gorpua, eta Bilboko Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman zuten, autopsia egitera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA