Jean Noel Etxeberri, 'Txetx': «Armagabetze hori gaurko munduari mintzatzeko modu bat ere bada»

Neke aurpegiarekin eta epaitegiaren erabakiaren beha atera da Jean Noel Etxeberri Parisko Zigor Auzitegiko auzi gelatik. Baikor mintzatu da prentsaren aitzinean.

(ID_17121437936355) Luhusoko epaiketa
Jean Neal Etxeberri, 'Txetx'. EKHI ERREMUNDEGI BELOKI
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko apirilaren 4a
05:00
Entzun
Nola zaude?

Lasai nago. Lasai sartu nintzen, eta lasai bukatu dut. Kontzientzia trankil genuen, gure betebeharra bete genuelakoan. Horrela iragan dugu auzia. Iruditzen zait ongi esplikatu ahal izan dugula zer egin genuen, zergatik egin genuen, eta nola egin genuen. Auzitegiak mintzatzera utzi gaitu; ez dakit entzun gaituen, baina irudipen hori izan dut. Ikusiko dugu zer erabakitzen duen. Uste dut lekukotasunek eta abokatuen alegazioek lagundu dutela ulertzen garai hartan zer zen jokoan.

Morvan eta Feklen lekukotasunak izan dira giltza.

Erakusten du Luhusotik apirilaren 8rako sekuentzia ez zela zernahi izan, ondorioak izan zituela maila gorenean; zinezko aldaketa bat izan zen, eta uste dut haiek berek ulertu zutela zerbait garrantzitsua zela. Bi logika izan dira auzi honetan: fiskaltzarena eta parean zeuden beste guziena, Morvan eta Fekl barne.

Zer logika?

Elkarri iheska ibiltzearen logika, gordelekuak banan-banan desegin eta etxean gordelekuak zituztenak atxilotuz. «Eta zuek, bakegileek, hori egitea eragotzi diguzue». Bigarren logikak zioen horrek ez zekarrela ezer onik. Bakearentzat eta gizartearentzat arriskutsua da, eta, gainera, horrela bukatzeak biharko mendekuak, gerlak eta gatazka bortitzak sortuko ditu.

Hori erran duzu auzi bukaeran.

Armagabetzea gauzatzeko modu original hori gaurko munduari mintzatzeko modu bat ere bada, kontrakoa azkeneraino lehertzeko obsesioa duten gerla logikek kalte egiten baitiote. Hori dela eta, kontakizunak eraiki eta iniziatibak hartu behar dira, bestelako aterabideei, elkarrizketari eta bakeari bide egiteko.

 

Zigor apalak eskatu ditu fiskaltzak, baina zigorrak.

Fiskaltzaren zigor eskaerak kontraerranean dira garatu duen argudiatzearen gogortasunarekin. Ez da logikoa eta koherentea bere buruarekin. Auzi honetan, Ipar Euskal Herriko parlamentari guziek eta auzapez nagusiek eskatu dute gure errugabetzea, izen handiko intelektualen eta mota guzietako eragileen ordezkarien ondoan. Errugabetzea eskatu dute, uste dutelako egin genuen hori baikorra izan zela. Zigortzen bagaituzte, horrek erakutsiko du sekulako desfasea dagoela Frantziako Justiziaren eta gizarte baten ordezkaritza plural eta ahobatezkoaren artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.