Armiñonen ehun hektareako parke fotovoltaiko bat jartzeko ingurumen baimena jaso du Ekieneak

Iberdrolarena da Ekienearen parterik handiena. Armiñonen 231.000 modulu fotovoltaiko jartzea dute xede.

Parke fotovoltaiko bat, Araban. ENDIKA PORDILLO / FOKU
Parke fotovoltaiko bat, Araban. ENDIKA PORDILLO / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko maiatzaren 22a
20:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Armiñonen (Araba) 231.000 modulu fotovoltaiko instalatzeko baimena jaso du Ekieneak, ingurumen inpaktuaren inguruko aldeko ebaluazio txostena jasota. Ehun hektareako eremua hartuko luke planta fotovoltaikoak, eta beste horrenbeste ingurumenean eragindakoa konpentsatzeko eta baso eremuak zaintzeko lursailak izango dira. Araban orain arte baimendutako parkerik handiena da. 

Duela bost urte aurkeztu zuten Iberdrolako, Eusko Jaurlaritzako, Arabako Aldundiko eta Mondragon Taldeko arduradunek Ekienea. Hain zuzen, Iberdrolarenak dira sozietatearen hiru laurden, eta %18ko parte hartzea du Eusko Jaurlaritzak ere, Energiaren Euskal erakundearen bitartez. Mondragon Taldeko Krean erakundeak (%5) eta Arabako Foru Aldundiak (%2) partaidetza txikiagoak dituzte. Garai hartan, aurreikusi zuten 2022an hastea proiektua gauzatzen, baina ez zuten asmoa bete. 

Zehazki, sozietateak Armiñongo Lacorzanako lursailean eraiki nahi du Ekienea, Ekian parte fotovoltaikoaren ondoan. Ekienea, baina, hura baino lau aldiz handiagoa izango da. Azaldu dutenez, 125,89 megawatteko potentzia izango du parkeak, eta 47.500 etxebizitza hornitu ahal izango lituzke. Ez dute zehaztu noiz hasi nahi dituzten lanak, baina bai jakinarazi dute 70 milioi euro inguru jarriko dituztela haietarako, eta kalkulatu dute 300 lanpostu inguru sor ditzakeela lanak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.