Euskal presoak

Armonia Txantreanaren pankartatik Ruizen irudia kentzeko eskatu du Nafarroako Gobernuak

Txantrea auzoko peñak Ruizek espetxean jaso duen tratuaren eta sakabanaketaren aurkako mezuak jaso ditu aurten, eta euskal presoak egin berri duen gose greba gogoratu du.

2020ko ekainaren 27a
13:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Armonia Txantreana Iruñeko peñaren pankartatik Patxi Ruiz euskal presoaren irudia "berehala" kentzeko eskatu du Nafarroako Gobernuak. Javier Remirez kontsailariak Twitterreko bere kontuan ohartarazi du hal egin ezean auzitara eraman dezaketela pankarta hori. Martin Zabalza Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubide zuzendariak ere esan du kendu egin beharko luketela, "ETAren biktimak umiliatzen dituelako, elkarbizitzan laguntzen ez duelako eta biolentziaren kulturari zilegitasuna ematen diolako".

Iruñeko peñek atzo aurkeztu zituzten aurten dantzatuko ez dituzten sanferminetako pankartak. Horietako batean, Armonia Txantreanarenean, Patxi Ruiz euskal presoaren irudia agertzen da, espetxean jaso duen tratuaren kontrako mezu batekin batera: "Patxi Ruiz SOS. 30 egun gose greban. Tratu txarrik, jipoirik eta mehatxurik ez. Dispertsioarekin amaitu". Ruiz Murtzia II espetxean dago, Euskal Herritik 755 kilometrora, eta 31 eguneko gose greba bat egin du presoek espetxean COVID-19aren krisia kudeatzen ari ziren moduagatik hainbat protesta egin eta funtzionario batzuengandik mehatxuak jaso ostean. Ekainaren 10ean utzi zuen gose greba.

Ramirezek gaineratu du Armoniaren pankarta ez dutela ikusgai jarriko Baluarten eta ezta Nafarroako Gobernuaren beste eraikin batean ere. Sare sozialetan Armoniako peñakideren bazkideren batek adierazi du eurek atzo izan zutela pankartaren berri eta zenbaitzuek azalpenak eskatu dituztela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.