Belen Uranga.
Soziolinguistika Klusterreko ikerlaria

Aro berri baterako erronkak

2025eko abenduaren 3a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zenbait joera globalek are gehiago piztu dute euskararen etorkizunaren inguruko kezka, euskaldunon egiturazko jazarpenaren testuinguruaren baitan. Euskara minorizazio-egoeratik ateratzeko ahaleginean hamarkadak iraun duen aro batek agortze-zantzuak eman ditu. Eta, azken urtean, hau ikustera ekarri gaituzten datuak, ikerketak, liburuak, hausnarketa-prozesuak eta proposamenak izan ditugu mintzagai. Guztien diagnostikoa ez da berbera, baina nabarmentzen da aldaketa kualitatibo sendoa gauzatzeko urgentzia. Eta interesgune kritiko komun batzuk ere identifikatu daitezke.

Hizkuntza-transmisioaren etena da hizkuntza-ordezkatze prozesuaren gauzatzea; eta arrisku hori saihestea, berriz, hizkuntza biziberritzeko saiakeran, helburuetan lehena. Azken hamarkadetan aurrerapen handia izan bada ere, lorpenak lurralde guztietara eta euskaldun-tipologia osoan hedatzea erronka da. Familietako hizkuntza-politika elikatzeko beharra dago: nola ziurtatu etxean euskaldundutako haurrak ez ditzala kaleak erdaldundu? Nola eman segida, neurri batean, eskolako testuinguruari etxeetan? Nola elkarlotu artxipelagotan banatuta dauden irla euskaldunak?

Euskal eskolaren lanari esker, gaitasun linguistikoak handitu dira eta euskarazko sozializazio-aukerak zabaldu; baita historikoki hizkuntza-ordezkapena gauzatua zuten lurraldeetan ere. Hala ere, erronkak handiak dira: haur eta gazteen aukera-berdintasuna bermatzea, ahozko komunikazioa indartuz gaitasuna hobetzea eta erabilera erreal bihurtzea, besteak beste. Gizarteko kultura —eta hizkuntza— aniztasunean euskara ardatz izango duen proiektu inklusiboa diseinatzea, eta segregazioa gainditzeko neurriak ezartzea ere erronka da oraindik. Gainera, unibertsitateak ere badu funtzio estrategikoa: eraldaketa kolektiboa oinarri zientifiko eta profesionalen gainean garatzen laguntzeko soziolinguistikari tokia egitea edo irakaslegaien prestakuntzan kontzientzia soziolinguistiko aktiboa sustatzea, esaterako. Zerrendatutakoek erakusten dute, Itziar Idiazabalek dioen moduan, «hezkuntza dela euskararen biziberritzearen ardatz estrategiko nagusia». Ezin gara despistatu.

Esparru sozioekonomikoari begiratuta, administrazioan euskararen presentzia handitu da, baina bada zereginik. Bereziki, azkenaldiko joera judizial atzerakoiei aurre egiten. Sektore pribatuan egoera ahulagoa da. Globalizazioaren testuinguruan, beharrezkoa da euskararen erabilera normalizatua —eta aniztasun linguistikoaren kudeaketa aurreratua— balio erantsitzat hartzea, enpresetan eta gizarte-eragileetan jarrera proaktiboak sustatuz. Izan ere, lan-munduak funtsezko zeregina du euskalduntzen ari den gizartearen motibazioa sendotzeko eta migrazioak dakartzan erronkei erantzuteko.

Migratuen harrerari modu antolatuan heltzea lehentasunezkoa da dagoeneko. Prospekzioek erakutsi dute epe laburrean etorkinen presentzia modu esanguratsuan handituko dela, baina baita Euskal Herriko gizarte heldua gero eta euskaldunagoa izango dela ere. Horrek aukera berriak sortzen ditu. Beharrezkoa da erakustea euskara gizartean aurrera egiteko tresna baliagarria dela, migrazioaren integrazio soziolinguistiko betea gauzatuko bada. Xede horrekin, harrera- eta inklusio-politiketan sakontzeko ordua da, tokiko ezaugarrietara egokituz, eta komunitatearen parte-hartzea eta kohesioa indartuz.

Biziberritze-estrategian lurralde-ikuspegia aintzat hartu behar da, lurraldeen arteko elkarreragina eta lotura zainduz. Zentzu horretan, arnasguneen funtsezko rola kontuan hartu eta hauen ahultzearen aurrean babes-neurriak aplikatu behar dira, eta beste zonen trakzioa egiten jarrai dezaten erraztu. Bestalde, euskalduntzen ari diren lurraldeetan euskarara biltzen ari diren milaka euskaldunen kapital emozional eta sozialak balio handia du euskalduntze-prozesuan eta erronka handia dago horiek hiztun aktiboak, saretuak eta konprometituak izaten jarraitzeko bideak eskaintzean.

Kulturgintzaren eremuan ere jauzi kualitatiboa behar da. Hizkuntza biziberritzeko ezinbestekoa da kultura ez ulertzea soilik eskaintza edo ikuskizun modura, baizik eta hiztunak aktibatzeko, pertenentzia-sentimendua elikatzeko eta esperientzia kolektiboak sortzeko bide gisa. Tokiko kulturgintza komunitarioak erakutsi du kultur jardunek hiztun aktiboak saretzen dituztela eta irudimena eraldaketarako tresna bihurtzen dutela. Horregatik, beharrezkoa da kultura-, hizkuntza- eta gizarte-politiken arteko koordinazio berria, tokiko sareetan eta herri-dinamika parte-hartzaileetan oinarritua.

Beraz, pertsona guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeaz gain, beharrezkoa da gizarte-kohesioa, parte-hartzea eta elkartasuna sustatuko dituen ikuspegi integrala, euskararen normalizazioa ongizate orokorraren osagai gisa ulertzea ekarriko duena. Lapurdin zein Araban, Nafarroan zein Bizkaian, Zuberoan zein Gipuzkoan. Horretarako, «nazioa», «herri(a)», «komunitatea», «jasangarritasuna» eta «bizigarritasuna» bezalako kontzeptuak birdefinitu beharko dira, eredu partekatu baten baitan. Hautu kontzienteek eta erantzukizunezko konpromisoek soilik emango diote euskararen biziberritzeari izaera kolektiboa eta norbanakoa josteko aukera. Erronka da euskaraz hitz egiteko borondatea areagotzea eta aukerak ziurtatzea. Euskarak neurri batean eremu formaletan txertatzea lortu duen honetan, komunitate- eta identifikazio-hizkuntza izaera sendotu behar da berriz, euskal hiztun-komunitate eleaniztun eta bizia etorkizunera proiektatzeko.

Euskararen biziberritzearen une historiko honetan ez dugu aurrera egingo banaturik. Beharrezkoa da intelektualen, profesionalen, erakunde arduradunen, erakunde sozial, politiko eta kulturalen, herri-mugimenduen eta herritarren arteko adoste-ariketa azkar eta eraginkorra. Euskararen biziberritzeak ez du behar soilik formula tekniko bat, baizik eta batera-jotze kolektiboa: ikuspegi partekatua, lankidetza-sarea eta elkarrekiko konfiantza. Indarrak metatuz eta borondate kolektibo sendo eta iraunkorraren bidez soilik lor daiteke biziberritzearen helburu estrategikoak egiazko errealitate bihurtzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.