Arrakastatsua izan da udaberrian egin ohi duten elikagai bilketaren lehen eguna

Gaur hasi da elikagai bankuek antolatutako udaberriko bilketa Euskal Herrian. Gipuzkoan, egoera «kritikoari» aurre egitea eta bildutakoa behar duten guztiei ematea da asmoa. Bihar ere elikagaiak biltzen arituko dira.

Boluntarioak udaberrian egin ohi duten bilketako elikagaiak eta produktuak kaxetan antolatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Boluntarioak udaberrian egin ohi duten bilketako elikagaiak eta produktuak kaxetan antolatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Estibaliz Navarro Argaz
2025eko maiatzaren 23a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Goizeko hamaikak baino lehen hasi dira elkartzen Gipuzkoako Elikagai Bankuko arduradunak eta boluntarioak Donostiako San Martin merkatuko Super Amara supermerkatuan. Boluntarioak Gureak taldekoak dira. Txaleko urdinak dituzte soinean, eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin elkarlanean aritzen den enplegu zentro bereziaren logoa daramate bizkarrean. Bi arduradunek txaleko horiak dituzte, argi ikus dadin antolatzaileak direla. 

Boluntarioak poltsak banatzen ari dira supermerkatuko sarreran. Bertan, erosleek elikagaiak eta produktuak bilduko dituzte; higiene pertsonaleko produktuak, besteak beste. Izan ere, elikagaiak biltzeko deia egina zuten gaurko eta biharko, biltegiak huts geratzen ari baitira. Gipuzkoakoak gutxienez 350.000 kilo elikagai bildu behar ditu, 17.000 pertsona zaurgarriri baino gehiagori udazkenera arte janaria emango zaiela bermatzeko. 

Oraingoz, giroa lasai dago. Jende gutxi hurbiltzen ari da janaria ematera. Goizak aurrera egin ahala, gero eta jende gehiago gerturatu da. Boluntarioak hara eta hona dabiltza dena antolatzen kartoizko kaxetan, gauza bakoitza bere lekuan jartzen: pasta pastaren kaxan, latak laten lekuan, eta higienerako produktuak bereizita, gero errazago banatu ahal izateko. Kaxa bakoitzak etiketa bat du, horrela badakite non sartu gauza bakoitza. 

Emakume bat gerturatu da poltsa betea zuela, eta behar duenari laguntzeko prest dagoela esan du: «Laguntzera natorren lehen aldia hau, baina, laguntzeko aukera badut, halaxe egin nahi dut. Ez ditut elikagai asko eman, baina uste dut bakoitzak pixka bat jarrita asko lagundu dezakegula».

Arduradunetako batek onartu du udaberriko kanpaina azaroan egiten dutena baino txikiagoa dela, orduan biltzen baitute elikagai gehien. «Orain erreserbak oso apalak dira, eta jasotzen dugun guztia oso ondo datorkigu», azaldu du kaxetan etiketak itsasten dituen bitartean, dena txukun mantentzeko. Gipuzkoako Elikagai Bankuak aste honetan ohartarazi du haren biltegiak «ia hutsik» daudela.

Gehien ematen ari diren produktuak arroza, pasta eta kontserba latak dira. Aurten, ordea, berrikuntza bat dagoela azaldu du arduradunak: olio gehiago ematen ari dira. «Olioa beti falta da, eta orain prezioa pixka bat jaitsi denez, jendea olio gehiago ematen ari da. Horrek asko laguntzen digu», esan du irribarrez.

Dohaintzak bi modutara egin daitezkeela azaldu dute arduradunek: batetik, jendeak supermerkatuan erosketa egin eta sarreran emandako poltsetan sar dezake, eta ondoren boluntarioek dena antolatuko dute; bestetik, bonu solidarioen bidez dohaintza bat egin dezakete, hau da, jendeak bonu horiek eros ditzake, gero elikagai bankuak gehien falta diren produktuak eros ditzan diru horri esker. «Askotan pasta eta arroz asko jasotzen dugu, baina beste produktu batzuk falta dira, hala nola haragia, arraina edo higienerako produktuak. Bonuei esker, gehien behar dena eros dezakegu», azaldu du arduradun batek.

Dohaintzaren atzean daudenak

Kutxak apurka-apurka betetzen diren bitartean, adineko pertsona batzuk beren dohaintzak ematera hurbildu dira, lasaitasunez eta laguntzeko gogoz. Pilar Mendizabal izan da askotariko elikagaiak eman dituen emakumeetako bat. «Ezin dut asko eman, baina ekartzen dudana maitasunez egiten dut beti. Jende askok behar du, eta guri ez zaigu ezer kostatzen zerbait ematea». Ondoan, Jose Aranburuk poltsa beteta eman dio boluntarioari: «Ahal dugun bakoitzean etortzen gara. Guztiok egin behar dugu hau, une txarrak pasatzen ari denari lagundu. Niri halaxe irakatsi zidaten, eta orain laguntza hori eman nahi dut».

«Ahal dugun bakoitzean etortzen gara. Guztiok egin behar dugu hau, une txarrak pasatzen ari denari lagundu. Niri halaxe irakatsi zidaten, eta orain laguntza hori eman nahi dut»

JOSE ARANBURUJanaria eman duen herritarra

Ama bat iritsi da alabarekin batera. «Gazteek ere laguntzen ikasi behar dute, hori ikustea gustatzen zait. Bakoitzak pixka bat jartzen badu, honek funtzionatuko du», esan du, biek poltsa kutxan uzten duten bitartean. Onartu du horrelako gauzak egitea txikitatik erakutsi behar zaiela: «Garrantzitsua da jakitea ahal dugunean besteei laguntza eskaini behar diegula».

Teresa Garciak ere arroz paketeak eta lata batzuk eman ditu: «Badakit keinu bakoitzak laguntzen duela, txikia izanda ere. Ez da asko, baina parte hartzea da garrantzitsuena». Atzetik, Ignacio Lopezek bonu solidarioen erabilgarritasunaz hitz egin du: «Pentsioarekin ez dago asko sobran, baina beti baztertzen dut diru pixka bat kanpaina hauetarako. Ideia ona da bonuekin ere dohaintza egin ahal izatea; bilketa guztia egin eta gero badakite zer falta den, eta bonuen bidez erosi egiten dute». 

«Badakit keinu bakoitzak laguntzen duela, txikia izanda ere. Ez da asko, baina parte hartzea da garrantzitsuena»

TERESA GARCIA Janaria eman duen herritarra

Batzuentzat, aldiz, lehen aldia da horrelako dohaintza bat egiten dutena. Elena Santamariak, esaterako, lehen aldiz egin du erosketa bat behar dutenentzat: «Lagun batek hitz egin zidan kanpaina honi buruz, eta zerbait ekarri behar nuela pentsatu nuen. Gehiagotan etortzeko asmoa dut», dio ilusioz. 

Goiz arrakastatsua

Hamabiak dira, eta mugimendu handiagoa nabari da. Boluntarioak poltsa gehiago eskatzen ari dira jendeari supermerkatura sartu aurretik emateko, kaxak beteak eramaten ari dira, eta etiketa gehiago behar dituzte kaxetan jartzeko. Jendea gerturatzen ari da, bai elikagaiak ematera bai elikagaiak zertarako diren galdetzera. Boluntarioak etengabe ari dira dena antolatzen, irribarrez eta gogo handiz laguntzen ari dira denak. 

Arduradunek azaldu dute kanpainak zabalik jarraituko duela larunbat honetan, bai San Martin merkatuko supermerkatuan eta baita inguruko beste supermerkatu batzuetan ere, lagundu nahi dutenentzat. Asmoa da ahalik eta produktu gehien biltzea, elikagai bankuko egoera «kritikoari» erantzuteko.

Pozik adierazi dute esperotakoa betetzen ari dela eta bilketa arrakasta handia izaten ari dela: «Pozik nago jasotzen ari garena ikusita. Horrela jarraituz gero, kanpaina arrakastatsua izango da, eta familia askori lagundu ahal izango diogu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.