Arrasate, Pasaia eta Zestoa tentsio handiko eremu izendatu dituzte

Hiru udalerri horietan datozen urteetan 1.500 etxebizitza eraikitzeko asmoa dute. Euskal Herrian 62 dira jada tentsio handiko eremu izendatutako udalerriak.

Arregi, Itxaso, Alberro eta Morras, gaur, Donostian. IREKIA
Arregi, Itxaso, Alberro eta Morras, gaur, Donostian. IREKIA
Paulo Ostolaza.
2026ko apirilaren 27a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arrasate, Pasaia eta Zestoa (Gipuzkoa) batu dira tentsio handiko eremuen zerrendara. Ondorioz, jada 62 udalerri dira Euskal Herrian: 24 Lapurdin; 21 Nafarroan; Gasteiz Araban; Bilbo, Barakaldo eta Galdakaoko zati bat Bizkaian; eta hamahiru Gipuzkoan: gaur aurkeztutako hirurez gain, Errenteria, Zumaia, Lasarte-Oria, Irun, Donostia, Astigarraga, Usurbil, Hernani, Tolosa eta Lezo.

Izendapena bihar egingo da ofizial, Espainiako Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratzen dituztenean, baina gaur egin dute aurkezpena. Han izan dira Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua, eta Arrasate, Pasaia eta Zestoako alkateak, Maider Morras, Teo Alberro eta Mikel Arregi.

«[Tentsio handiko eremu izendatzeak] bermatzen du alokairuaren merkatu osoak babes mekanismo eraginkorrak izatea, bai maizterrentzat, bai jabeentzat»

DENIS ITXASO Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua

Sailburuak azaldu duenez, aurrerantzean hiru udalerri horiek zenbait neurri aplikatu ahal izango dituzte «alokairuaren prezioak mugatzeko, etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzeko eta, etxe bat eskuratzeko zailtasunen aurrean, herritarrak babesteko». Zehazki, aipatu du hiru udalerri horietan datozen urteetan denera 1.500 etxebizitza eraikitzeko asmoa dagoela, eta 1.800 ere izan daitezkeela «haien plangintzetan aurreikusitako hirigintza potentzial guztia garatzen bada».

Itxasok kontatu du beste udalerri mordoxka bat ere ari direla egiten tentsio handiko eremu izendatuak izateko izapideak: Bergara, Deba, Oiartzun, Oñati eta Orio Gipuzkoan, eta Basauri, Sopela, Urduliz, Gorliz, Bermeo, Lekeitio eta Elorrio Bizkaian. Horrez gain, gogorarazi du erreferentziazko prezioen indizea joan den astean jarri zela martxan Araban eta Bizkaian: «Horrek bermatzen du alokairuaren merkatu osoak babes mekanismo eraginkorrak izatea, bai maizterrentzat, bai jabeentzat».

Arrasate, Pasaia eta Zestoa

Herriz herriko datuak aipatu dituzte gaurko agerraldian. Arrasaten, esaterako, alokairuen prezioa %23,9 igo zen 2017 eta 2022 artean. «Udalak egindako diagnostikoak agerian uzten du etxebizitza oinarrizko eskubide gisa bermatzetik urrun gaudela, nagusiki merkatuaren dinamiken arabera arautu baita. Tentsio handiko eremu izendatuta, mugak jarri nahi dizkiegu mekanismo horiei, eta tresna juridiko eta instituzionalak ezarri, etxebizitza herritarren zerbitzura jartzeko», adierazi du Morrasek.

Hori ikusita, udalak hiru urterako ekintza plan bat osatu du, eta «osoko esku hartze bat» planteatu. Haren arabera, datozen hamabost urteetan mila etxebizitza babestu inguru eraikiko dituzte herrian, jada eginda dagoen parkea mobilizatuko dute, eta gizarte politikak indartuko dituzte. Besteak beste, hiru herriek erakutsi dute etxe hutsei metro koadroko hamar euroko kanona ezartzeko asmoa.

Pasaian, familiek, batez beste, diru sarreren %35,9 bideratzen dituzte etxebizitza ordaintzera, eta are gehiago, adibidez, Trintxerpen (%37,4). Azken urteetan, prezioak %35 garestitu dira erosteko etxebizitzetan, eta %23,3 alokairuan daudenetan. Datozen urteetan laurehun etxe inguru eraikitzeko asmoa dute han, hainbat promozio txikiri esker.

62

 

Tentsio handiko izendatutako udalerriak Euskal Herrian. Gaur iragarritako hirurekin, 62 dira Euskal Herrian tentsio handiko eremu izendatutako udalerriak. Haietan bizi dira biztanleen erdiak baino gehiago, zerrendaren barnean baitaude, besteak beste, Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñea. 

Izan ere, Alberro alkateak kontatu du «ia erabat sendotuta dagoen udalerri bat» dela Pasaia, «kanporantz hazteko tarterik ez duena», eta, horregatik, beste bide batzuen alde egin behar dutela: «Etxebizitza hutsak aktibatu, birgaitu, eta bizitza erdigunean jarriko duten formula alternatiboak garatu behar ditugu, eta espekulazioa baztertu. Eskura ditugun tresna guztiak erabiliko ditugu etxebizitza hutsak mugiarazteko eta jokabide espekulatiboak geldiarazteko. Ezin dugu onartu Pasaian bizitzea pribilegioa izatea».

Azkenik, Zestoan, biztanleria %22,6 ugaritu da azken urteetan, eta, aurreikuspenen arabera, hazten jarraituko du. Arregi alkatearen arabera, «Zestoa demografikoki oso sakabanatuta dago, auzo ugari ditu, eta horietako gehienetan, bizitegi eskaintzarik ez dagoenez, herrigune nagusian are tentsio handiagoa sortzen da».

Udalak egin du ekintza plan bat, eta zenbait neurri jaso ditu bertan: etxebizitza publikoen parkea handitzea, etxe hutsei kanona ezartzea, gazteei alokairurako laguntzak ematea... «Zestoak bizitegi presio handia du bere kokapenagatik. Soluzio berririk gabe, belaunaldi gazteek alde egin beharko dute, eta horrek herria zahartzea ekarriko du», ohartarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA