Joan den abenduaren 22ko Gabonetako Loteriak poztasuna eraman zuen Igorrera (Bizkaia), Arratiko Zekorrak errugbi taldeak saldutako 90.693 zenbakiak 15 milioi euro irabazi baitzituen han. Hilabete batzuk igaro ostean, ordea, poztasuna haserre bilakatu da loteria txartelak erosi zituzten 80 lagun ingururentzat. Klubeko zuzendaritzak Euskadi Irratian aitortu du behar baino 225 partizipazio gehiago saldu zituela. Txartel bakoitzari 9.600 euro dagozkio, eta ikusteko dago orain kobratu ez dutenek diru hori jaso ahal izango duten. Errugbi taldeko ordezkariek «lehenbailehen» eskainiko diete konponbide bat loteriaren saria kobratu ezin izan dutenei.
43 kaltetuk salaketa aurkeztu dute, EFE agentziaren arabera. Ertzaintzak ikerketa abiatu du, errugbi taldeko arduradunek iruzur delitua egin duten ikusteko. Kaltetuek jakinarazi dute plataforma bat sortuko dutela, hartu beharreko neurriak elkarrekin hitzartzeko eta hartzeko. Bihar bilduko dira plataforma sortzeko. Momentuz Telegrameko kanal batean elkartu dira. Kanalean kaltetuei eskatu diete salaketa aurkezteko.
«Logikoki, jende asko oso haserre dago», onartu du Unai Zuluaga errugbi taldeko presidenteak, «baina uste dugu kaltetu guztiei banan-banan deituko diegula balizko konponbide bat jakinarazteko». Zuluagak ez du konponbidearen xehetasunik eman. Ertzaintzara jo dutenei esan die klubeko ordezkariek «kudeaketa txarra» egin izana onartzen dutela, baina ez dagoela «besterik»: «Ez dugu inor engainatu eta klubeko inor ez da diruaz jabetu. Agiriak aurkeztu zituzten lehenengo pertsonei ordaindu diegu. Sentitzen dut, hanka sartu dugulako, baina borondatea baldin badago konpondu daiteke».
Arratiko Zekorrak errugbi taldearen inguruak inoizko egunik zoriontsuenetako bat izan zuen joan den abenduaren 22an. Ez zen izan kirol arloan erdietsitako lorpen batengatik, Gabonetako Loteriaren hirugarren sariagatik baizik. Klubak 14 milioi euro baino gehiago banatu zituen jokalarien, senideen eta jarraitzaileen artean; bost euroko txartelen bat eskuratu zuen edozein norbanakoren artean ere bai. Lau euro ziren jokoan, eta euro bat zen dohaintzakoa. Guztira, 285 txartel saldu zituzten.
2,2 milioi euro zor
Egun hartatik ia bost hilabetera, poztasuna haserre bilakatu da loteria txartela erosi zuten hainbat lagunentzat, eta arazo handia errugbi taldeko arduradunentzat: klubak berak kobratu zuen saria, baina saritutako partizipazioren bat erosi zuten 700 pertsonetatik gutxienez 80k salatu dute dagokien dirua jaso gabe jarraitzen dutela, nahiz eta hilabeteak daramatzaten klubari eskatzen. Horren arrazoia: Leongo Villamanin herrian (Espainia) Gabonetako zozketako sari nagusiarekin gertatu zen bezala, Arratiko Zekorrak taldeak behar baino loteria txartel gehiago saldu zituen.
Otsailaren erdian klubak sarituei eskatu zien haien datuak emateko, sariaren dirua ordaindu ahal izateko. Ordaintzen hasi ziren. Herenegun arratsaldean, ordea, konturatu ziren 225 partizipazio zituztela ordaintzeko, eta jada ez zeukatela dirurik, Unai Zuluaga taldeko presidenteak onartu duenez. «Hasieran pentsatu genuen batzuk faltsuak izan zitezkeela, baina egiaztatu genuen benetakoak zirela», azaldu du.
Kaltetu batek Europa Press agentziari esan dionez, bost partizipazio ditu. Bankuan gorde zituen. Errugbi taldeak hitzorduak jarri zituen sariak kobratzeko. «Kobratu zutenek esan zuten hamabost egunetan jasotzen zela dirua, baina nik amaren eta nire partizipazioak eman nituen martxoaren 31n, eta oraindik ez dugu dirurik jaso», kontatu dio emakumeak agentziari. Lagun batek esan zion dirua kobratzeko «arazoak» zeudela. «Orain esan dute 5.000 euro dituztela kontu korrontean, ez daukate dirurik eta bi milioi euro zor dituzte».
Zuzendaritza Batzordeak kaltetuetako batzuei jakinarazi dien bertsioa da zozketaren aurreko asteetan klubeko hainbat kidek 1.425 txartel jarri zituztela salgai, 25 unitateko 57 takotan banatuta. Orain egindako zenbaketak egiaztatu du 225 txartel gehiago daudela eta 2,2 milioi gehiago ordaindu behar direla. Errugbi taldeak ez dauka diru kopuru hori kaltetuei ordaindu ahal izateko. Taldeko arduradunek aitortu dute soberako txartel kopuru hori saldu zutela, eta zenbateko handi hori nola ordaindu erabaki beharko dute: egoera nola bideratu aztertzen ari dira, adierazi dutenez.