Arrigorriagako familia zaurgarri bat etxegabetze arriskuan dagoela salatu dute

Emakume bat eta haren alaba adingabea bizi dira etxean. Ostiral goizean kaleratuko dituzte hogei urtez etxebizitza izan duten horretatik. Batu etxebizitza sindikatuak etxegabetzea geldiarazteko deia zabaldu du.

Batu etxebizitza sindikatuak gaur egin duen prentsaurrekoa, Arrigorriagan. BERRIA
Batu etxebizitza sindikatuak gaur egin duen prentsaurrekoa, Arrigorriagan. BERRIA
Maddalen Omaetxebarria
Arrigorriaga
2026ko urriaren 26a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaspar frontoiaren alboan dago Karmen izeneko emakumearen eta haren alaba adingabearen etxea, Arrigorriagako (Bizkaia) Abusu auzoan, Santa Isabel kaleko 35. zenbakian. Hogei urtez baino gehiagoz bizi izan dira bertan, baina etxegabetze arriskuan daude orain, Batu etxebizitza sindikatuak gaur salatu duenez. Familia egoera «zaurgarrian» dagoela ere ohartarazi du. Ostiralerako ezarri dute kaleratzea, 08:30erako. Baina sindikatuak eragotzi egin nahi du. Beraz, bertaratzeko deia egin die herritarrei, argudiatuta etxegabetzea gelditzeko tresna bakarrak «antolakuntza kolektiboa eta klase autodefentsa» direla.

Are, sindikatuak auzitan jarri du kaleratzeko epaia, eta azpimarratu familiako kideek ez dutela etxebizitza alternatibarik. Ama-alabak «bereziki zaurgarri» daudela ere azaldu du, eta zergatiak ere esplikatu. Dibortzio baten ondorengo prozesu judizial «luze» eta «konplexu» baten ostean ailegatu da etxegabetze agindua. Senarrarengandik banandu ostean, Karmenen esku geratu zen etxebizitza erabiltzeko eskubidea. Baina hartan bizitzeko eskubidea galdu dute orain, «doako laguntza juridikoko zerbitzuan izan diren gabezien ondorioz», sindikatuaren esanetan. Eta, azaldu dutenez, ez dute nora joan.

Azaldu dute emakumea eta adin txikiko haren alaba diru laguntzei esker bizi direla, eta kanporatzea gelditzeko «zaurgarriak direla egiaztatzen duten txosten guztiak» aurkeztu dituztela. Hala eta guztiz ere, epaiak bere bidea egin du, salatu dutenez.

«Bortitzagoak» emakumeentzat

Sindikatuko kideek azpimarratu dute Karmenena ez dela «gertaera bakan bat», eta gogora ekarri dute 2021eko azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, Joaqui izeneko emakumea ere etxegabetu zutela auzo berean, eta haren alaba eta bilobak ere kalean utzi. Ohartarazi dute kaleratzeek «emakumeengan are modu bortitzagoan» eragiten dutela, etxebizitzaren espekulazioaren arazoari emakume askok jasaten duten «bakartze ekonomikoa eta baliabide falta» gehitu behar zaizkiola eta.

Salatu dutenez, egungo egoeran «ia ezinezkoa» da ama bakar batek halako egoera bati aurre egitea», eta, horregatik, ostiral honetan Arrigorriagako Abusu auzoan biltzeko deia egin dute: «Klase elkartasunez gure auzokidearen etxea defendatzeko».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA