Arrigorriagako Udalak salatu du zinegotzietako bati eraso transfobo bat egin diotela

Xabier Cabrera Ingurumen zinegotziari «etengabeko irain transfoboak» egin zizkioten joan den larunbatean, udalerrian bertan.

Transfobiaren kontrako mobilizazio bat, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Transfobiaren kontrako mobilizazio bat, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
2026ko ekainaren 2a
14:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arrigorriagako Udalak (Bizkaia) salatu duenez, Xabier Cabrera Ingurumen zinegotziari «etengabeko irain transfoboak» egin zizkioten joan den larunbatean, udalerrian bertan. Hori dela eta, elkartasun eta babes osoa helarazi dizkio hari. Era berean, udalak eskerrak eman dizkie egoera hartan esku hartu zuten herritarrei, «zinegotzia babestu eta gertakariei modu aktiboan erantzun» baitzieten. «Horrelako jarrerek erakusten dute elkartasuna eta erantzukizun kolektiboa ezinbestekoak direla gorrotoari eta diskriminazioari aurre egiteko», azpimarratu dute.

Ekaina hasi berri da: Arrigorriagako Udalaren hitzetan, «LGTBI harrotasuna aldarrikatzeko eta ospatzeko hilabetea». Maiatzeko udalbatzarrean, adierazpen instituzional bat onartu zuten LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Gaur, ordea, asteburu honetan udaleko zinegotzi batek jasandako eraso transfoboaren berri eman dute tokiko agintariek, prentsa ohar bidez. Eraso horri «gaitzespen irmoa» adierazi diote. Esplikatu dutenez, «etengabeko irain transfoboak» egin zizkioten Cabrerari joan den larunbatean.

Zehaztu dutenez, LGTBIfobia ez da soilik eraso fisikoen bidez adierazten: «Irainak, mespretxuak, zalantzan jartzeak edo gutxiespenak ere sexu orientazioan, genero identitatean eta genero adierazpenean oinarritutako diskriminazioaren adierazpenak dira, eta ez dute lekurik gure herrian».

Erasoa

Ostiral gauean, Cabrera eta haren lagun batzuk Arrigorriagako lokal batera joan ziren herriko tabernak itxi zituztenean. Han, «betidanik» ezagutzen zuela zioen pertsona batekin topo egin zuen Ingurumen zinegotziak, eta harekin hitz egiten hasi zen: «Neska nintzenetik ezagutzen ninduela esaten zuen behin eta berriz, eta nire aurreko izena erabiliz deitzen ninduen», azaldu du Cabrerak.

Hori entzunda, zera esan zion zinegotziak: «Ni orain Xabi naiz; mutila. Horixe bera jartzen du nire nortasun agirian». Baina, amore eman ordez, «biologikoki emakumea» zela aurpegiratu zion erasotzaileak. Hori bere iritzia baino ez zela esan zion Cabrerak: «Ni gizon trans bat izateak ez dizu zuri inolako kalterik egiten», erantzun zion. «Orduan, ulertu nahi ez nuela esan zidan», gehitu du.

Azkenean, lokaletik irten behar izan zuen Cabrerak, «nazkatuta». Antsietate krisi bat ere izan zuen. Cabreraren atzetik beste kide bat irten zen lokaletik, eta, gertatutakoa jakitean, erasotzailea kaleratzea erabaki zuten.

«Ez da ohikoa»

Irainak gorabehera, pertsona horren kontrako salaketarik ez duela aurkeztuko jakinarazi du Cabrerak. «Udalak adierazpena atera zezala erabaki genuen, uste baitugu inork ez duela horrelako erasorik jasan behar herrian», azaldu du. Hain zuzen, erasoa herritarren ordezkari baten aurkakoa izan dela nabarmendu nahi izan dute agintariek: «Horrek dimentsio instituzionala du, eta agerian uzten du nolako oztopoei eta indarkeria adierazpenei aurre egin behar izaten dieten emakumeek eta genero eta sexu disidenteek eremu publikoan, politikoan eta sozialean parte hartzean».

«Harritu ninduen: herri plurala da gurea. Beharrezkoa da publikoki salatzea, atzetik datozenek horrelakorik jasan behar ez izateko»

XABIER CABRERA Arrigorriagako Udaleko Ingurumen zinegotzia

Arrigorriagako Udalak gogorarazi du horrelako erasoek ez diotela pertsona bakar bati soilik eragiten: «Mezu baztertzaile hori LGTBI kolektibo osoarentzat da». Horregatik, LGTBIfobiaren aurkako borroka gizarte osoaren ardura dela uste dute. Horiek horrela, «aniztasuna bermatzeko, diskriminazioari aurre egiteko eta ingurune seguruak eratzeko» duen konpromisoa berretsi du erakunde horrek: «Lanean jarraituko dugu Arrigorriaga herri aske, seguru eta askotarikoa izan dadin, eta pertsona guztiak askatasunez eta duintasunez bizi daitezen, beldurrik gabe». Besteak beste, udal bozeramaileen batzordeak bilkura egingo du, gaia aztertzeko, Cabrerak aurreratu duenez.

Bitartean, lokaleko kideei eskerrak eman dizkie zinegotziak, erasotzailea kaleratzeagatik. Izan ere, Cabreraren arabera, «ez da ohikoa» eraso transfoborik gertatzea Arrigorriagan: «Harritu ninduen: herri plurala da gurea. Beharrezkoa da publikoki salatzea, atzetik datozenek horrelakorik jasan behar ez izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE