Arrizabalaga (EAJ): «Ez dugu onartuko nazio aitortza folklorikorik»

EAJren GBBk ekitaldi bat egin du Mutrikun, alderdiaren sorreraren urtemuga dela-eta urtero egiten duen gisan.

Arrizabalaga, gaur, Mutrikun. ANDONI CANELLADA / FOKU
Arrizabalaga, gaur, Mutrikun. ANDONI CANELLADA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
Mutriku
2025eko uztailaren 31
14:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Maria Eugenia Arrizabalaga EAJren GBBko presidenteak esan du ez dakiela estatutu berri baterako negoziazioak zein puntutan dauden, baina GBBren ikuspuntua ahots goran azaldu nahi izan du: «Ez dugu onartuko nazio aitortza folklorikorik». Nazio aitortza «eskubide politiko guztiekin» onartzearen aldekoak direla azpimarratu du, eta betoak baztertu ditu. «Ez dugu betorik onartuko. Eman dezagun alderdi sozialistaz ari naizelaEman dezagun alderdi sozialistaz ari naizela». Gaztelaniaz egin dituen esaldi bakanetakoa izan da, eta mitinera elkartu diren dozenaka lagunen irria eragin du. Alderdiaren sorreraren urtemugaren harira urtero Mutrikun, Gipuzkoan, egin ohi duten ekitaldian hartu du hitza Arrizabalagak. Alboan izan ditu Markel Olano eta Xabier Barandiaran legebiltzarkideak, besteak beste.

Nazio aitortza bat aldarrikatu du erabakitzeko eskubidea ere jasoko duena. Azpimarratu du EAJ adostasunen eta pluraltasunaren alderdia dela, «baina betorik gabe», halakorik ezin dela onartu azpimarratuta.

Hitzaldiaren beste tarte luze bat hartu du EH Bildurekin akordioak «ezinezkoak» direla esateko. Gogoratu du 2018an Estatutuaren harira oinarri eta printzipioen inguruko akordio bat izan zela, baina hortik harago ez dela ezer adosterik izan, eta koalizioari egotzi dio erantzukizuna. «Iaioak dira hitz potoloak esaten. Akordio estrategikoak eskaintzen, baina orain arte EAJk egindako guztiak ez duela ezertarako balio diote». Osasun ituna eta segurtasun foroa aipatu ditu, besteak beste. «Horrelako jarrera politikoa duenarekin aski zaila da konfiantzak eraikitzea». Baina «dinamika antzu» hori aldatzen saiatuko dela gehitu du.

Bertaratutako militanteei bi eskaera egin dizkie: kontzientzia nazionala hedatzeko eta «populismoaren kontrako militante aktibo izateko. Gezurra entzutean, erantzun eta egia esan». Halaber, Gazako sarraskia deitoratu du, «ez da jasangarria».

Barne kohesioa

Aitor Esteban EAJren EBBko lehendakaria militanteei zuzendu zaie halaber, gutun bidez. Izan ere, iragan astelehenean egin zuten alderdiaren 130. urtemugaren sorrerako ekitaldia Bilboko Albia lorategietan, Sabino Aranaren estatuaren alboan, hari lore eskaintza egin ostean.

Estebanek gogora ekarri du iragan urtarrilean EAJren EBBko lehendakari hautatu zutenetik lehen aldiz zuzentzen ari zitzaiola militantziari, «esker onez». Aukeratua izan zenean militanteek emandako agindua betetzeko konpromisoa berresten duela esan du: «Alderdia denbora berrietara egokitzea erabakiak hartzeko prozesuak arinagoak izan daitezen». Komunikazioa hobetuko duela ere hitzeman du, «gero eta publiko askotarikoagora moldatuz». Alderdikideei informazioa helarazteko bide berri batzuk sortuko dituztela azaldu du, «zuek baitzarete alderdiaren bihotza. Bihotz taupada berberak barne hartzen gaituen 22.000 arimak».

Militanteei eskertu egin die «hor segitzea, alderdiari eusten», hain zuzen politikarekiko «desatxikimendua» hain zabaldua den honetan. «Politikagintza aldarrikatu nahi dut gizartea eraldatzeko tresna gisa». Eta barne kohesiorako deia egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.