Espainiako Espetxe Idazkaritza Nagusiak adierazi du Garikoitz Arruarte eta Gorka Lupiañez euskal presoak espetxez mugituko dituela. Arruarte Almeriako kartzelatik (Andaluzia) Soriakora (Gaztela eta Leon) eramango dute. Lupiañez, berriz, Topastik (Salamanca, Gaztela eta Leon) Logroñora (Errioxa).
Arruarte larriki gaixo dago. Izan ere, Sare Herritarra plataformak azaldu duenez, aldebiko ubeitis akutua eta espondiolartropatia ditu. 2003tik dago preso, eta beteak ditu zigorraren hiru laurdenak. Lupiañezek, berriz, hamabi urte daramatza preso. Bi kasuetan, lekualdatzearekin batera, bigarren gradua ezartzea onartu du Espetxe Idazkaritzak.