Iazko abenduaren 30ean Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Enigma Green Power eta Savanna Power Solar enpresek hamar haize errotez osatutako parke eoliko bat egiteko asmoa zutela Artaxoa eta Mendigorria udalerrietan, eta jendaurrean jarri zituzten proiektuak, herritarrek proiektua ezagutu eta, nahi izanez gero, alegazioak aurkezteko. Bada, Gure Haizea elkarteak gaur 800 alegazio baino gehiago aurkeztu ditu Nafarroako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, nahiz eta onartu duen informazio gutxi jasota eta presaka idatzi behar izan dituela.
Iazko apirilean aurkeztu zuten proiektuan, enpresek hasiera batean zortzi haize errota instalatzeko asmoa zuten, baina, baldintzak betetzeko aldaketak egin behar zituztenez, beste bi errota sartu dituzte proiektu berrian. Horren ostean, abendu amaieran jendaurrean jarri zuten proiektua. Gure Haizea elkartearen ustez, «erokeria ekologiko eta soziala» da proiektua, eta enpresei egotzi diete Nafarroako ondare naturala eta baliabideak ustiatuta dirua atera nahi izatea.
Elkartearen ustez, helburu argi bat dago halako instalazioak «energia garbien eta trantsizio energetikoaren kontzeptuekin babestuta» presaka tramitatzearen atzean: gizartearen erantzuna murriztea. Salatu dute azken urteetan Nafarroa haize errotaz bete dutela, eta, hala, ingurune naturalak eta herriak «ito» dituztela: «Zentzurik gabeko basakeria hau gelditu behar dugu. Ez dugu utziko gure lurra sakrifizio gune bihurtzea, eta gure herriek ez dizkiete ateak irekiko espekulatzaileei. Ozen eta garbi diogu berriro: berriztagarriak bai, baina ez horrela!».
50 MW
Proiektuko haize errota bakoitzak 4,99 megawatteko potentzia izango du; hau da, zentral eolikoak guztira 49,9 megawatteko potentzia izango du. 50 megawattetik gorako zentral eolikoen tramitazioa Espainiako Gobernuaren esku dago, eta langa horretatik behera daudenak autonomia erkidegoen esku. Horregatik, enpresa askok doi-doi muga horren azpitik dauden proiektuen eskaerak egiten dituzte, tramitazioa Eusko Jaurlaritzak edo Nafarroako Gobernuak egin dezan.
Zortzi milioi euro inbertituko dituzte parkea egiteko. Aerosorgailuak 105 metro luze izango dira, eta errotorearen diametroa 149 metroko izango da.