14 urteko neska baten gurasoak atxilotu zituen Poliziak joan den larunbatean Nafarroan, alaba bertze familia bati saltzea eta haien semearekin ezkontzera behartzea leporatuta. Bada, Tuterako (Nafarroa) epaitegiak erabaki du kasua behin-behinean artxibatzea, adingabeak erran duelako Lleidan (Herrialde Katalanak)Â bere borondatez zegoela.Â
Poliziaren ikerketaren arabera, gertakariak urtarrilean izan ziren, Nafarroako Erriberako herri batean. Adingabearen gurasoek —gizon batek eta emakume batek— beren alaba saldu zioten Lleidako familia bati, haien semearekin ezkon zedin. Trukean, neskatoaren gurasoek 5.000 euro, bost whiski botila eta oinarrizko elikagai batzuk jaso zituzten, Poliziaren arabera.
EFE berri agentziak zabaldu duenez, epaileak adingabearen testigantza jaso du, eta hark erran du Lleidan bere borondatez zegoela. Hala, epailearen irudiko, testigantza hori gainerako zantzuak baino garrantzitsuagoa da, eta horregatik erabaki du kasua artxibatzea, behin-behinean. Polizia operazioaren barruan, Mossos d'Esquadrak bertze bi gizon eta emakume bat atzeman ditu Lleidan, adingabearen erosketan parte hartzeagatik. Ezkontza behartua helburu duen giza salerosketako delitua egozten zieten guztiei, baina orain aske gelditu dira denak.Â
Iturri horiek jakinarazi dutenez, gurasoek Kataluniara eraman zuten alaba, eta hango familiarekin utzi. Poliziak azaldu duenez, adingabea eskolatu gabe zegoen, eta limosna eskatzera behartzen zuten. Lleidako gizarte zerbitzuek aurkeztutako salaketa bati esker abiatu zuen ikerketa Guardia Zibilak; horri esker identifikatu zituzten ustez inplikatutakoak, eta biktima topatzea lortu zuten. Urrian aurkitu zuten adingabea, Les Borges Blanques herrian, eta babes zentro batera eraman zuten.Â
«Gako espezifikoak»
Kasuari buruz galdetu diote Patricia Abad NABI Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendariari, eta adierazi du «aztertu beharreko gako asko» daudela. «Kasua judizializatuta dago; beraz, bi alderdi ditu. Batetik, arlo judiziala eta judizializazio horren esparruan gertatzen ari diren jarduketak daude; bi autonomia erkidegoren gaia ere bada, adingabea Katalunian baitago gaur egun. Eta, bestetik, beste eremu bereizgarri bat dago, koordinazio protokoloena: ezkontza behartuen protokoloa dugu Nafarroan, eta ez dago arlo judizialarekin hain lotuta, baizik eta kasu horien prebentzioarekin, arretarekin eta detekzioarekin», erran du.Â
Hala, adierazi du ezkontza behartuari lotutako gakoak «oso espezifikoak» direla, eta egoera aztertu behar dela. Nabarmendu du gisako kasuak ohikoak ez izan arren sexu indarkeria direla, eta horiek identifikatzeko eta artatzeko lan egin behar dela.Â