Andoni Egañak duela lau urteko bertso txapelketa nagusiaren bezperatan esan zuen zehaztasunera jo nahi zuela, eta BECeko “behiak jezteko” aulki txikia daahalegin haren adierazgarri. Ondo atera zitzaion -orduan ere-. Xabier Arzalluzek (Azkoitia, Gipuzkoa; 76 urte) politika anbiguoa egin izanaren fama du, baina baita zehatza izatea ere mitinetan, hitzaldietan eta bestelakoetan. Bere azkeneko agerraldian ere erakutsi du erakargarria dela horregatik.
Errenterian (Gipuzkoa) eman du azken hitzaldia -atzo gauean-, eta Kaka, Cristiano Ronaldo, Rubalcaba, Otegi, Tejero, Ibarretxe… izan ditu hizpide.
Reina aretoa lepo dago; 150 lagun bai. Iritsi da Arzalluz, eta jendea zutik jarri da, txalo jotzeko. “Ez dakit oraindik nolatan etortzen zareten ni entzutera”, bota die EAJko Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidente ohiak. “Tira, denbora hauek hitz egiteko eta pentsatzeko dira, ni ja tomate eta letxuga artean nabilen arren”.
Frankismoaz geroztik EAJk bizi duen “garairik estuena” hau dela iritzi dio alderdi jeltzaleko buru ohiak, eta orain arte egindakoa defenditu du. “Euskadiko Estatutua egitean, hutsegite bakarra eduki genuen: Hegoaldeko Estatutua nahi genuen eta ez zen lortu. Eragotzi egin ziguten. Bestela, 1936ko Estatutua baino hobea izan zen”. Kontzertu Ekonomikoa Espainiako 1981eko estatu kolpe saioa baino lehenago -"hilabete lehenago"- lotu izana erabakigarria izan zela iritzi dio, “Tejerazoa izan zenean artean lotzeke bazen, oraindik ez genukeelako kontzerturik. EAJkook estutu genuen Adolfo Suarez [Espainiako Gobernuko orduko presidentea]. Ondorioz: EAJ ez balego, hemen ez legoke autonomiarik. Guk antolatu dugu herria, eta ezingo dute desmuntatu sozialista hauek”.
Ibarretxeri eta Otegiri esan zien
“Euskadi antolatu” eta gerora eman zuen EAJk aldaketa, Arzalluzek dioenez, artean Eusko Jaurlaritzan zirela. Beregatik? “Ibarretxek [Jaurlaritzako orduko lehendakariak] galdetu zidan ea zer politika egin behar genuen. ‘Defenditzeko moduko eta maila handian bizitzeko boterea eta baliabideak ditugu. Orain ez genuke eskumen gehiago lortzeko borrokan segitu behar. Autodeterminazioa behar da, herri bezala politikoki hitz egiteko. Estatua izateko. Hori da alderdi honen azken helburua, horretarako sortu zen'”. Ibarretxe “ados” zegoen EAJko buruarekin, honen ustez, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Estatutu Politiko Berria planteatu zuen 2003ko irailean; “herri honen aitortza eta erabaki eskubidea”, Arzalluzek azpimarratu duenez. “Gero etorri zen herri galdeketaren proposamena”.
Hogei minutu daramatza hitzaldian -lehen bost minutuak baizik ez ditu egin euskaraz, jende artean erdaldunak ere badaudelako-, eta txaketa kendu du. Tankeez mintzatzeko garaia heldu zaio. “Ibarretxek hori planteatzean, eta HB hasi zenean hari aldeko botoa ematen -Ibarretxek behar zituenak, hori bai-, Madrilen pentsatu zuten: ‘Tipo hauek [Eusko Legebiltzarrean] inoiz igual independentzia aldarrikatuko dute!’. Orduan esan zuten: ‘HB, kalera instituzioetatik’, parlamentatuan gehiengoa kentzeko abertzaleei. Sortu zuten [Espainiako] Alderdien Legea eta bidali dute. Eta gero zer esan zuten? ‘Ibarretxe eraitsi behar da’. Horretarako ere baliatu dute Alderdien Legea, Patxi Lopez hau jartzeko lehendakari. Izan ere, eta ondorengoak ahoberokeria dirudien arren, espainol hauentzat benetan kezkagarria EAJ bezalako mugimendu demokratiko indartsua da, eta EAJren bila joan dira”.
Tankeak orain. “Espainiako 1978ko Konstituzioan 8. artikulua jarri zuten, militarrek baldintzatuta eta PSOEk-eta onartuta, eta oraindik horrekin dabiltza militar batzuk. Ibarretxek Estatutu Berria atera zuenean, militar batek gutun bidez aipatu zidan Espainiari traizio egin ziola lehendakariak eta, Estatutua gauzatuz gero, tankeek Ajuria-Enea aurrera joan beharko luketela. Nik erantzun nion: ‘Besoak altxatuta egongo gara han!’ [keinua egin du]. Lagunok, Europan tankeak dagoeneko ez dituzte onartzen, horrela ez da euskal auzia konponduko”.
ETAren pistolekin ere inora ezin da joan, Arzalluzen arabera, eta azaldu du Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiari horixe bera esan ziola Martutene Donostiako kartzelan duela hilabete batzuk, bisitara joan zitzaionean. “1977an Xibertako negoziazio haietan ere esan nien ETAkoei-eta pistola mahai gainean jarrita ni ez nintzela haiekin inora joango”.
Orain zer?
Eta hemendik aurrera zer? 1. Krisi ekonomikoari aurre egitea. 2. Euskal -"zazpi lurraldeetako"- estatua sortzeko bidea egitea. Hori uste du jeltzaleen lider izandakoak.
Krisiari garrantzi handia ematen dio, “oso gogorra delako eta gogorragoa izango delako”. Menturaz, krisiak 2013raino segituko duela aipatu du, baita Espainiako Estatuan langabezia %30era ailegatuko dela esaten dutela ere -%17koa da gaur-. “Hemen hobeto gaude”. “Hemen” horretan “ustelkeria” egon badagoela aitortu du -hor ez da zehatza izan, ez baitu kasurik aipatu-, “baina Espainian handiagoa da. Ikusi duzue, ezta, zer egin duen Real Madrileko presidenteak oraintxe bertan? Kakagatik eta beste portuges horregatik [Cristiano Ronaldogatik] 150 milioi euro pasa ordaindu ditu. Baina nola? Bankuek emandako mailegu bidez! Eta gero Gipuzkoako enpresaburu txiki bat hor dabil bere makina bat ezin salduta, bankuak erostaileari ez diolako horretarako mailegurik ahalbidetzen. Real Madrili bai, 150 milioi euro, eta espainolak pozik daude! Eskandalua da!”. Ez du ustelen izenik bota, “barrura ez joateko”.
Espainian egoera politikoa “jasanezina” dela dio. “[Jose Luis Rodriguez] Zapaterorena baino gobernu inutilagorik ez dut ezagutu. Zapatero hau ez daukat inteligentetzat. Begira zer egin duen Katalunian eta Euskadin: han CiU kendu zuen Generalitatetik, hemen EAJ. Eta orain PSOEk ez dauka gehiengorik Kongresuan. Nola atera nahi ditu aurrera aurrekontuak? Ezin CiU eta EAJ gabe. Legeen lege dira aurrekontuak! Eta Jaurlaritzan, berriz, nola aguantatu behar du PSE-EEk PPren presioa?”.
Bere Rubalcaba nahi
Baina -Arzalluzen hitzak interpretatuz-, Zapaterok Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroa dauka, eta EAJko buru ohiak aitortu du halakorik nahiko lukeela beretzat. “EBBn nintzela galdetzen nuen bileretan: ‘Zein da zuetatik Rubalcabaren laguna?’. Izan ere, bertan hitz egiten genuen guztia argitaratzen zen gero. Zeharo infiltratuta gaude, gure telefono dei denak entzuten dituzte… Rubalcabak beti gezurra darabil, baina dena daki. Eskerrak gero txarrak diren! Gauza bat lortu gabe utzi nuen nik EAJ: informazio talde baten eraketa”.
Lehen aldiz dago EAJ Eusko Jaurlaritzatik at, eta EBBko buru izandakoak dio ‘bere’ “jendea beldurtuta eta sufritzen” dagoela. “Eta abertzaleok elkarri gorrotoa diogu. Baina nik ez daukat beldurrik. Gainera, egoera hau igual komeni zaigu. Zer egin? Ez galdu fedea, energia ere ez. Gu euskaldunak gara. Berriro diot: euskal estatua lortzeko sortu zen EAJ. Barruan batzuek uste dute oraindik ez dela garaia, baina hau da hatza altxatzeko sasoia. Ibarretxe joan da, baina hor daude EAJko txostenak. Ikusi berri ditugu Montenegroren edota Kosovoren independentzia lorpenak. Groenlandiarena ere ikusiko dugu, Eskoziak 2010erako erreferenduma du antolatua… Seguru nago Euskadiren independentzia ere etorriko dela”. Eta jendeak txalo egin dio.
Ordubete eta hamar minutu daramatza Arzalluzek isildu ere egin gabe, paper mutur bateko eskema txiki batez baliatuz. Beti izan da hizlari ona. “Ez dakit zuen intereseko diren gauzak esan ditudan. Gainera, zaharra nago ja”. “Grinarekin, ordea”, erantzun dio emakume edadetu batek.
Politika
Arzalluzen gauzak
Errenteriako aretoa lepo bete da EAJko presidente ohiaren hitzaldia entzuteko. "Denbora hauek hitz egiteko eta pentsatzeko dira", esan du Arzalluzek, eta euskal estatua lortzeko bidea segitu behar dela iritzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu