Ingurumena

Asensio diputatua ikertzen ari dira, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

GuraSOSek jakinarazi duenez, Ingurumen Fiskaltzak eskatuta egiten ari da ikerketa Gipuzkoako 5. Instrukzio Epaitegia. Bihar Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza batek bisita egingo du Zubietako instalazioetan.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Iraunkortasuneko diputatua. ANDONI CANELLADA / FOKU
inaki petxarroman
2023ko urriaren 16a
14:46
Entzun

Zubietako erraustegiaren kudeaketak eragindako auzi sokak ez du etenik. GuraSOSek jakinarazi duenez, orain Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasuneko sailburu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidente Jose Ignacio Asensio ikertzen ari dira, ingurumenaren aurkako delitu bat egin duen edo ez ebazteko. Horrez gain, dokumentuak faltsutu ote dituen ere erabaki beharko du epaitegiak, auzi berean. Asensio ez ezik, Nagore Peñalva Bengoa GHK-ko zuzendari teknikoa eta GHK-ko beste bi arduradun ere ikertzen ari dira kasu horretan.

Fiskaltzak berak jarri zuen salaketa, aurrez GuraSOSek ekainean emandako dokumentazio bat aztertu ostean. Eginbideak ireki eta gero, epaitegian aurkeztu du salaketa fiskaltzak. Horren arabera, Zubietako hondakinen balorazio energetikoko plantan hondakin arriskutsuak sortu ziren 2022an, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ez du halakorik baimentzen. Jarduera hori «ezkutatzeko», eta ingurumena zaintzeko programaren memorian ager ez zedin, hondakin kode bat eta kontzeptu bat «oker» eman zituen, «modu kontzientean» eman ere.

Hondakin horien parte bat Artaxoara (Nafarroa) bideratu zuen GHK-k, han Encofert Sansoain SM enpresaren istalazioetan kudeatu zezaten. Enpresa hori, baina, nekazaritzako ongarrietarako konpost lanetan aritzen da, eta ez dauka baimenik hondakin arriskutsuak jasotzeko, fiskaltzak salatu duenez.

Fiskaltzaren ustez, aipatutako gertakariak ingurumenaren aurkako delitu bat izan daitezke, «zigor kodearen 326.1 artikuluan tipifikatua eta zigortua». Dokumentuen faltsutze delitua ere egon daiteke egitate horietan, fiskaltzaren iritziz.

Polizia ikerketa

Ikerketa Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzara zabaltzeko aukera ere ireki du fiskaltzaren salaketak. Izan ere, hari jakinarazi behar zaizkio hondakinen lekualdatze guztiak, eta haien kudeaketari eta garraioari buruzko gora behera guztiak. Hala izanik, fiskaltzak ohartarazi du kasu honetan ez zuela espedienterik ireki ingurumen baimen bateratuaren ez betetze nabarmena izanagatik ere, nahiz eta gertaerak, frogatuko balira, arau hauste larri gisa tipifikatuta dauden.

Fiskaltzaren ustez, baina, goizegi da ondorioztatzeko sailburuordetzaren aldetik kriminalitate zantzuak daudela. Hori argitzeko, polizia ikerketa bat behar da, haren iritziz. «Susmoak badaude, eta horiek argitzeko polizia ikerketa behar da».

Duela bi aste, urriaren 6an hain justu, beste auzi batean ikertu gisa hartu zioten deklarazioa Hipolito Bilbao Intxaurragari, Eusko Jaurlaritzako ingurumen baimenen arduradunari. Hain zuzen ere, erraustegian izandako kutsadura kasu batean zerikusia izan zezakeen kasu batekin nahastuta egin zioten galdeketa Bilbaori. Erraustegiaren proiektuan eta, beraz, ingurumen baimen bateratuan agertzen ez zen hodi bat instalatzen utzi ote zuen argitu behar dute auzi horretan. BERRIAk publikatu zituen, esklusiban eta langile baten testigantzan oinarrituta, hodi horren argazkia eta informazioa.

Azkenaldian zeresan handia eman dute erraustegiak eta haren kudeaketak. Besteak beste, hainbat agerraldi egin dituzte Eusko Legebiltzarrean. Han argibideak eman dituztenen artean Arantxa Tapia sailburua dago. Besteak beste, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek eskatuta, Zubietako erraustegiaren instalazioetan bisita egingo dute bihar, ustezko irregulartasun horien denen inguruan gehiago jakiteko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.