Asier Aginako preso eria aske utzi du Auzitegi Nazionalak, zigorra etenda

Hamabost urte zeramatzan kartzelan, eta lehen graduan eta urrunduta zegoen. Urtarrilaren 16an ebakuntza bat egin zioten ondoez bategatik

Asier Aginako, 2013ko uztailean, Espainiako Auzitegi Nazionalean, epaiketan. CHEMA MOYA / EFE.
enekoitz esnaola
2019ko otsailaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Asier Aginako Etxenagusia euskal preso eria (Durango, Bizkaia, 43 urte) libre utzi zuten atzo arratsaldean, Espainiako Auzitegi Nazionalak hala erabakita. Picassent espetxean zegoen gatibu (Valentzia, Herrialde Katalanak), eta familia arratsaldean hara bidean zihoan. Gaixotasun larria du Aginakok, eta urtarrilaren 16an ebakuntza bat egin zioten, abenduan ondoezik sentitu ondoren.

Atzo atera zuen hura libre uzteko autoa Angela Murillo epailea buru duen Zigor Aretoko 4. salak, defentsa abokatuak joan den urtarrilaren 15ean egindako eskaerari erantzunez. Mediku txostena ere eman zion abokatuak epaileari, eta, Zigor Kodeko 80.4 artikuluan oinarrituta, Aginakoren kondena eteteko eskatu zuen. Ondoren, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak esan zuen auzi medikuari ere txostena eskatzeko;hark herenegun igorri zuen idatzia, eta fiskaltza ez zen Aginako askatzearen kontra agertu.

2004ko ekainean atxilotu zuten, Coulainen (Frantzia), ETArekin lotuta. Zortzi urteko zigorra ezarri zioten Frantziako Estatuan, eta, kondena amaitzean, Espainiaratu egin zuten. 2013an epaiketa egin eta zortzi urteko espetxe zigorra jarri zioten, eta hori ari zen betetzen. 2020ko maiatzaren 2rako zeukan ezarria irteera data. Aurreneko graduan zeukaten, erregimen itxian.

Picassent dago preso, halaber, Aginakoren bikotekide Aitziber Coello, 3 urteko haurrarekin. Etxerat-ek bezala Altsasu (Nafarroa) erreferentzia hartuta, 560 kilometrora dago kartzela hura.

Jaiki Hadi medikuen elkarteak duela hiru aste jakinarazi zuen 21 euskal presok dituztela gaitz larri eta sendaezinak. Aginako ez zegoen zerrendan. Hamabost izen publikoak dira —Txus Martin, Aitzol Gogorza, Ibon Iparragirre, Jagoba Codo, Mikel Otegi, Gorka Fraile, Iñaki Etxeberria, Garikoitz Arruarte, Josetxo Arizkuren, Joseba Borde, Mikel Arrieta, Ibon Fernandez Iradi, Gurutz Maiza, Kepa Arronategi eta Joseba Erostegi— eta beste seiek anonimatuan egotea erabakita dute. Jaiki Hadik dio presoengan eragina daukatela espetxealdi luzeek, adina handitzeak eta politikek, eta, beraz, zerrenda «edozein unetan» handitu daitekeela. Preso eri guztiek «lehenbailehen» eta «baldintzarik gabe» kalean egon behar dutela exijitu du.

Espainiako Gobernuan PSOE denetik —iazko ekainetik—, larri gaixorik diren hiru euskal preso gerturatu dituzte Euskal Herrira: Arronategi Zuerara (Aragoi), Codo Logroñora (Errioxa) eta Fraile Duesora (Kantabria).

Sarek manifestazioa egingo du bihar, Gasteizen, 17:00etan, gaixotasun larriak dituzten presoak aske utz ditzaten eskatzeko. AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ere deitu biharko manifestazioa arrazoi beragatik —19:30—, eta amnistia ere eskatuko du. Oier Gomez preso ohi eriaren heriotza gaitzetsiko dute bi ekinbideetan.

Beste hiru gerturatze

Espainiako Espetxe Erakundeek atzo jakinarazi zuten beste hiru euskal preso lekualdatzea erabaki dutela. Euskal Herri inguruko kartzeletara eramango dituzte: Andoni Murga Zuerara, Curtistik (Galizia); Javier Atristain Soriara (Gaztela eta Leon), Murtziatik (Murziako erkidegoa); eta Oier Goitia Villabonara (Asturias), Murtziatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.