Aske dira Iruñeko istiluetan atxilotutako biak

Elkarretaratze bat egin dute Nabarrerian, atxilotuei elkartasuna adierazteko.

Ostegunean atxilotutako bi lagunei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ostegunean atxilotutako bi lagunei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
xabier martin
2025eko urriaren 31
15:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Polizien eta protestari antifaxisten artean istiluak izan ziren atzo Nafarroako Unibertsitatean eta Iturrama auzoan. Vito Quiles faxista azkenean ez zen bertaratu, nahiz eta aurreko egunetan iragarri zuen ekintza bat egingo zuela, eta unibertsitateak erabaki zuen jarduera bertan behera uztea. Quiles agertzekoa zela eta, zenbait talde antifaxista elkartu ziren Komunikazio Fakultatean. Horien eta Espainiako Poliziaren artean istiluak egon ziren, eta bi pertsona atxilotu zituzten. Poliziak jakinarazi duenez, bost pertsona zauritu ziren. Bi atxilotuak epailearen aurretik igaro dira, eta aske utzi ditu.

Talde antifaxistek deituta, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Iruñeko Nabarrerian, Atxilotuekin elkartasuna lelopean. Dozenaka lagun elkartu dira protestan.

Iruñeko alkate Joseba Asironek (EH Bildu) «bizikidetzarako balioak» defendatu ditu gaur, Iruñeko liskar «deitoragarrien» harira: «Iruñea elkarbizitzarako hiria da; denok izan behar dugu tokia bertan». Liskarrei buruz galdetu diote Asironi, eta esan du ez dakiela «zehatz-mehatz nola» hasi ziren, baina «denek» ikusten dutela istilu horiek «beste hiri batzuetan» ere eragiten ari direla. «Oraintxe bertan, garrantzitsuena ez da jakitea errua nork duen».

Iruñeko alkateak erantsi du gertatu denak zera erakusten duela: «Oraindik bada probokatzen ibili nahi duenik, eta, bestalde, bada probokazioei erantzun nahi dienik». Edonola ere uste du «batzuk» «gertaera larri horietaz baliatzen» saiatzen ari direla «nafarrak banatzeko».

PSNk, berriz, «erabat» gaitzetsi ditu atzoko liskarrak, eta sozialistek «bizikidetzarekin eta errespetuarekin duten konpromisoa» nabarmendu: «Indarkeria deitoratzen dugu, edozein motatakoa izanik ere». PSNko Antolakuntza idazkari Esther Isok ohar bat irakurri du, eta adierazi «indarkeria eta gorrotoa» ez direla bidea. Halaber, Isok gogoratu du PSNk abisua eman zuela Vito Quilesen ekintzak ekar zitzakeen ondorioei buruz.

Horrez gain, PSNk «elkartasuna eta babesa» agertu dizkio El Español hedabideko kazetari bati, liskarretan zauritu zutelako, eta baita Nafarroako Unibertsitateari ere. «Argi eta garbi esan genuen ez genuela nahi Quiles Iruñera etortzea, eta uste horri eusten diogu oraindik». Erantsi du PSN ez dagoela «ez batzuekin ez besteekin, muturrak baitira halako egoerak eragiten ari direnak».

(ID_15471678) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2025-10-30, Iruñea. Vito Quiles Opusaren Unibertsitatean
Lehen tirabirak Poliziaren eta antifaxisten artean. JESUS DIGES / EFE

«Kale borroka itzuli da»

UPN oso bestela aritu da atzoko istiluei buruz. Cristina Ibarrola alderdiko presidenteak gertaera gaitzetsi du, eta PSN «konplizetzat» jo. «Kale borroka itzultzearen konplize da PSN, kale terrorismoaren eta abertzaleen indarkeria faxistaren konplize». Akusazio larri horiei erantzunez, PSNko eledun Isok ziurtatu du Ibarrolak «zuzendu» egin behar dituela esandakoak. «Ahaleginetan ari dira gure alderdia gertaera horiekin nahasteko. Gezurra da goitik behera: ez dugu zerikusirik izan pasatu den horrekin».

Ibarrolak ez du inolako asmorik esandakoa zuzentzeko. UPNko buruak gaineratu du «erasoak berriz hasi» direla: «herritarren aurka, kazetarien aurka, Poliziaren aurka...».

Nafarroako Parlamentuko EH Bilduren eledun Laura Aznalek, berriz, ez du adierazpenik egin atzoko istiluen inguruan. Koalizio abertzaleak Nafarroako Gobernuarekin egin duen aurrekontu akordioaren eguna izan da gaurkoa, eta erantsi du «hala dagokionean» egingo dituztela istiluei buruzko adierazpenak.

Bestalde, Nafarroako Kazetarien Elkarteak «indarkeria modu guztiak gaitzetsi» ditu ohar baten bidez, eta elkartasuna azaldu die atzo zauritu zituzten kazetariei. Oharrean, El Español hedabideko kazetaria aipatu dute, baina baita Diario de Navarra-ko beste bat ere, mehatxu egin ziotelakoan.

Hain zuzen, Vito Quiles faxistak eta haren jarraitzaile batzuek Diario de Navarra-ren egoitzaren aurrealdea aukeratu dute bideo bat grabatzeko eta atzoko gertaeren inguruko ikuspegia plazaratzeko. Hedabide horretako kazetari batek esan die ez zutela horretarako baimenik, eta Quilesek hau erantzun du: «Zuen lagunek, terroristek, ez digute utzi Nafarroan sartzen». Hala kontatu dute Diario de Navarra-n bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.