Polizien eta protestari antifaxisten artean istiluak izan dira Iruñeko Iturrama auzoan

Vito Quiles faxista azkenean ez da bertaratu, baina Nafarroako Unibertsitateak erabaki du jarduera bertan behera uztea. Antifaxistak Komunikazio Fakultatean elkartu dira, eta tirabirak izan dira Espainiako Poliziarekin. Bi pertsona atxilotu dituzte.

Espainiako Poliziako zenbait agente, eta antifaxistek jaurtitutako bengala bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Espainiako Poliziako zenbait agente, eta antifaxistek jaurtitutako bengala bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2025eko urriaren 30a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Vito Quiles azkenean ez da azaldu, baina hankaz gora jarri du Nafarroako Unibertsitatearen ohiko jarduera. Eskuin muturreko ekintzaileak ekitaldi batean parte hartzera deitua zuen; Komunikazio Fakultatean egin asmo zuen, gaur arratsaldean, eta, azkenean bertan behera utzi badu ere, ehunka antifaxista bertaratu dira, argudiatuta ekitaldiaren helburua faxismoa gorestea zela. Tirabirak izan dira haien eta Espainiako Poliziaren artean, eta bi pertsona atxilotu dituzte.

Dena amaituta, Iturrama auzora jo dute manifestariek, eta poliziak oldartu egin zaizkie. Zehazki, protestan ari ziren gazteak inguruko kale eta errepideak mozten ahalegindu dira. Orduan oldartu zaie Polizia, eta liskarrak izan dira auzoan. Poliziak gomazko pilotak jaurti ditu, baita piper gasa erabili ere. Istiluak auzoan hedatu dira, eta Lopez frontoiaren inguruetara heldu, auzoaren erdigunera. 

Atzo, Nafarroako Unibertsitateak iragarri zuen ez zuela baimendua Quilesen ekitaldia, eta gaur 15:00etatik hasita bertan behera utzi du unibertsitatearen jarduera oro, liskarrak izateko arriskuagatik eta segurtasun arrazoiengatik. Horren harira, Quilesek biktima gisa aurkeztu du bere burua, eta sare sozialetan idatzi du Espainiako Poliziak ohartarazi diola ezin zuela bermatu haren segurtasuna: «etazaleen eta abertzaleen mehatxuak» aipatu ditu ekitaldia bertan behera uzteko arrazoi gisa.

Guztia hasi aurretik, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak argitu du Quilesek ez zuela baimenik Nafarroako Unibertsitatean ekitaldirik egiteko. Hala, unibertsitate inguruko bide eta errepide guztiak polizien kontrolpean zeuden arratsalde hasieratik. Halaber, Espainiako Poliziaren eta Foruzaingoaren furgonetak hara-hona zebiltzan unibertsitate inguruko errepideetan eta Iturrama auzoan.

Poliziak eta kazetariak

Poliziez gain, liskarrak izateko arriskua zegoela ikusita, kazetari andana ere bildu da fakultate aurreko zabalgunean. Hasieran, giroa oso bare zegoen. Ikasle gutxi zeuden inguruan, baina apurka 50 kide inguruko talde bat osatu da zabalgunean. Horietako batzuk Espainiako banderekin bildu dute beren burua. Halaber, 17:30 aldera, hego-ekialdetik eta campuseko zelaietan barna, mugimendu antifaxista bertaratu da, suziriak jaurtiz.

Zabalgunera iristear zirela, Espainiako Poliziaren lerro batek galarazi egin die aurrera egitea. Handik ehun bat metrora, goialdetik  so zeuden Quilesen jarraitzaileak, eta antifaxistek haien aurka egin dute oihu. «Alde hemendik» esan diete, eta faxismoaren aurkako mezuak zabaldu. «Nola egingo dugu alde? Gure unibertsitatean gaude», esan du Quilesen jarraitzaileetako batek. Segidan, gazte horrek berak «Gora Espainia!» orro egin du, eta, probokazio horri erantzunez, antifaxistek aurrerantz egin dute. 

Quiles
Espainiako polizia bat eta manifestariak. Tirabirak izan dira. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Espainiako Poliziek ez dute hautsi lerroa. Istiluen aurkako materiala zeramaten, baita gomazko balen jaurtigailuak ere. Urduritasun handia zegoen inguruan. Gazteek botilak, suziriak eta bengalak jaurti dituzte, baina, azkenean, liskarraren txinparta ez da piztu. Hori bai, fakultate aurreko zelaigunean zeuden gazteek, izutu, eta alde egin dute, kontrako norabidean, Nafarroako Unibertsitateko Museorantz.

Orduan, zurrumurrua zabaldu da Ezkirozko zelai batean istiluak egon direla antifaxisten eta polizien artean. Polizien bi furgoneta ziztu bizian atera dira harantz. Bertaratzerako, istilurik ez zen. Eta ordu erdiren buruan, 18:00 aldera, antifaxistak etorri diren bide beretik alde egin dute. Alde egiten ari zirela, objektu batek unibertsitateko ikasle bat jo du ahoan, eta min keinu nabarmena egin du. Lagunek zioten hortzen bat galdu duela.

Antifaxistek Iturrama auzorantz jo dute, eta han bai, han liskarrak izan dira manifestarien eta polizien artean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.