UPNk salaketa aurkeztu du Espainiako Auzitegi Nazionalean, EH Bilduko Iruñeko zinegotzi Endika Alonsoren eta Arbizuko alkate Francisco Javier Razkinen aurka. «Terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea» leporatzen die biei ala biei, Hatortxu Rock jaialdian euskal presoen alde agertu izanagatik. Zehazki, UPNk delitutzat jo ditu Alonsok oholtza gainean esandako hitz hauek: «Denak etxean izan arte. Gora gu eta gutarrak. Gora Hatortxu!». Alderdi eskuindarreko buru Cristina Ibarrolaren ustez, hori «ETAko presoen aldeko mezu esplizitu baten gisakoa da».
Auziaz galdetu diote Iruñeko alkate Joseba Asironi. Haren ustez, «giza eskubideen alde agertzea ezin da delitu bihurtu», eta hori da UPNk egin duena, eledun abertzaleen aldeko salaketa aurkeztuta: «Endika Alonso, beste askotan bezala, pertsonen eskubideen alde aritu zen; kasu honetan, presoen eskubideen alde. Eta hori ezin da inoiz delitu izan».
Alkateak gaineratu du Espainiako eskuinak «joera handia» duela «politika judizializatzeko»: «Eztabaida politikoaren esparrutik atera behar ez litzatekeena eramaten dute epaitegien eremura».
Atzo, auziaz hitz egin zuen Iruñeko Udalaren Euskara eta Hezkuntza alorreko zinegotzi Aitziber Campionek ere. Alkatearen antzera, hark ere uste du Alonsoren hitzak ezin direla delitu izan: «Oinarrizko eskubideak errespeta daitezela, ez dadila neurri diskriminatzailerik aplikatu, legea bete dadila... hori eskatzea ez da susmagarria, guztiz demokratikoa baizik».
Campionen irudiko, EH Bilduren konpromisoa eta politika ulertzeko modua «ez dira erakundeetara mugatzen, eta hori UPNk ez du ulertzen».
Auzitegi Nazionalaren ikerketa
UPNk jarritako ikerketa tramiterako onartu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta ikerketa abiatzeko agindu dio Guardia Zibilari, ebazteko Alonsok eta Razkinek esanikoak delitu diren ala ez. Besteak beste, Hatortxu Rockeko amaiera ekitaldiko irudiak aurkeztea galdegin diote EITBri.
Ekitaldi horretan parte hartu zuen Alonsok. Arbizuko alkateak, berriz, 2021ean zendutako Fran Baldaren omenezko ekitaldi batean parte hartu zuen. Ezker abertzaleko militante historikoa zen Balda.