Krisia sortu da Iruñeko udal gobernuan. Joseba Asiron alkateak presazko agerraldira deitu du 13:00etarako, eta bertan jakinarazi du gobernua "eraldatzeko" asmoa. Neurrien artean dago Ezkerra eta Aranzadi gobernutik kanporatzea. Bi alderdi horiekin kritiko azaldu da Asiron. Hortaz, Asiron sostengatzen duen laukoa bikoa izango da aurrerantzean, EH Bilduk eta Geroa Baik osatutakoa.
Atzoko osoko bilkuran abstentzioaren bidez 6 milioi euroko inbertsioko proiektua aurrera ateratzea eragoztea eta konfiantza urratzea egotzi die Asironek Ezkerrari eta Aranzadiri. Jarrera arduragabea izatea leporatu die, euren zuzenketak aurrera ez ateratzean proiektua osorik atzera bota dutelako.
Onartu du "eskuin mediatikoa eta politikoa eskuak igurtzen" ari dela, eta Aranzadiri eta Ezkerrari aurpegiratu die "gobernu barrutik oposizioa" egin izana, gogorarazi baitu ez dela lehen aldia laukoaren barruan desadostasunak sortzen direna: "Gobernu barruan desadostasunerako tartea dago, baina politikoki onartezina da sei milioiko inbertsioa bertan behera geratzea".
Hala ere, bi taldeak "aldaketarako lehentasunezko bazkidetzat" jo ditu, eta hauteskundeetarako falta den urtebetean "erantzukizunez" jokatzeko eskatu die. Herritarrei nabarmendu die egoera "bideratuta" dagoela, aldaketak "aurrera" jarraitzen duela eta ez dela "krisirik" zabaldu.
Udal gobernuaren berrantolaketan, Asironek alkatetzaren esku utziko du berdintasun arloa, eta aurpegi berri bat sartuko du gobernuan: Mikel Armendariz, parte hartze sailean.
Ezkerrako zinegotzi Edurne Eguinok arratsaldean erantzun dio alkateari, eta esan du ez dela oposizioan sentitzen, "gobernu akordioarekin konprometituta jarraitzen dugu". Gainera, "inposizioz" aritzea egotzi die EH Bilduri eta Geroa Bairi. Atzo abstenitu ziren bozketan auzitan zegoen proiektuaren %80rekin ados dago Ezkerra, hark esan duenez, baina gainerakoan ados jartzeko epea eman zion gobernuari, abstentzioarekin. "EH Bildu eta Geroa bai ez ziren gai izan %20 horretan adostasunetara iristeko". Haiek taldetik egozteko arrazoia estrategia elektorala izan daitekeela ere jarri du mahai gainean Eginok.
Oposizioa, Asironekin kritiko
Gobernu haustura hizpide izan dute Iruñeko eta Nafarroako indar politiko nagusiek. Geroa Baik ohar bat argitaratu du, aldaketarekiko konpromisoa berresteko: "Laukoaren programa akordioarekiko konpromisoak bere horretan jarraitzen du". Halaber, uste du Aranzadik eta Ezkerrak atzo abstentziora jo izana "jauzi kualitatiboa" dela "udal kudeaketarekiko jarrera oztopatzailean".
UPNrentzat, ordea, gobernu krisia "Iruñearentzat oso kaltegarria izan den esperimentu baten amaieraren hasiera" da: "Zure proiektu bakarra UPN kanporatzea bada, eta diru sailekin trukean arituta baino ezin badituzu akordioak lortu, zentzuzkoena da eztanda egitea".
PSNk, berriz, uste du Aranzadiko eta Ezkerrako zinegotziak egotzita, Asironek agerian uzten duela "lidergo gaitasun" eta "enpatia" eza adostasunak lortzeko