Askapenak mobilizazioak egingo ditu «Venezuela bolivartarrari elkartasuna» adierazteko

Mugimendu internazionalistak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatu ditu ekintzak: bihar Iruñean, Bilbon eta Gasteizen, eta etzi Donostian.

kristina martin
2025eko abenduaren 3a
12:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amerikako Estatu Batuek Venezuelari militarki eraso egingo diotela mehatxu egin dioten honetan, Askapena mugimendu internazionalistak «Venezuela bolivartarrari elkartasuna» adierazteko mobilizazioak antolatu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan: Bilbon, Gasteizen eta Iruñean mobilizatzera deitu dute biharko, eta Donostian ostiralerako.

Iruñekoa egingo dute goizen, 18:00etan, udaletxe plazan. Bilboko topalekua Arriaga plazan izango da, 19:00etan. Gasteizen, berriz, 19:30ean, Posta kalean. Donostiako mobilizazioa Bulebarrean izango da, etzi, 19:00etan. Horiekin batera, abenduaren 6an, larunbatarekin, eta Durangoko Liburu eta Disko Azoka aprobetxatuta, argazki kolektibo baten bidez elkartasuna adieraztera deitu dituzte herritarrak. Hitzordua jarri dute: Durangoko Santa Ana plazan (Bizkaia), 14:30ean.

Donald Trumpen gobernuak Venezuelaren aurkako eraso militarrak eta zigor neurriak abiatuko zituela iragarri zuen, horregatik egin ditu Askapenak Venezuelari elkartasuna adierazteko deialdi horiek. Erakundeak gogora ekarri du Venezuelaren aurkako erasoak ez direla berriak: «Hugo Chavez presidente bihurtu zenetik etengabeak izan dira jasotako erasoak». AEBetako eraso horien atzean egon diren arrazoiak aipatu dituzte: «Historikoki zapaldutako herri sektore zabalei zerbitzu publikoak eta eskubide berriak ekarri zizkien, baita duintasuna, parte hartzea, herriaren protagonismoa edota botere eremuak lortzea ere».

Askapenaren iritziz, gobernu bolivartarrak ezarritako ereduak kalte egin die AEBetako interesei, eta horregatik zigortu dituzte venezuelarrak orduz geroztik: «Chavismoak mota guztietako erasoak pairatu ditu herri venezuelarraren esplotazioaz aberasten zen oligarkiaren botereari aurre egiteagatik, munduko beste herrietarako eredu askatzaile bat izateagatik eta Venezuelako petrolioa eta baliabide naturalak garapen propiorako kudeatu nahi izateagatik». Azken bi hamarkadetan «prozesu bolivartarra suntsitzeko saiakerak kontaezinak» izan direla erantsi du Euskal Herriko mugimendu internazionalistak.

Baina, erasoak eraso, «inperialismoak ez du lortu bere helburua», Askapenaren arabera. Horregatik, beste kategoria bateko erasoak abiatu nahi dituzte orain «chavismoaren kontrako ofentsiba» aurrera eramateko. Izan ere, Askapenak azaldu duenez, azken hauteskundeetan chavismoa garaile atera zen, Venezuelako eskuina gero eta ahulago dago eta gero eta mugatuagoa du eragiteko gaitasuna, Venezuelak harremanak hobetu ditu alboko estatuekin, eta herrialdeko ekonomiak hobera egin du pixkanaka-pixkanaka.

Erasoak egiteko aitzakiak

Latinoamerikako baliabide naturalak —hala nola petrolioa, gasa, litioa, urrea eta lur arraroak— eta aniztasun biologikoa kontrolpean eduki nahi izatea leporatu diete AEBei, baita hori lortzeko Venezuelaren aurkako eraso militarrak abiatzeko prest egotea ere. 

Askapenak azaldu duenez, esku hartze militarra justifikatzeko aitzakiak ez dira berriak. Horietako batzuk aipatu ditu: gobernu diktatorial bat eroraraztea eta narkotrafikoaren kontrako borroka, besteak beste.

Europako Batasunak eta Euskal Herriko eragile askok ere AEBetako politika hori babesten dutela salatu dute. «Beste herri batzuei —tartean, Venezuelari— eraso egiten dien inperialismoa Euskal Herritik ere elikatzen da. Horregatik, ezinbestekoa dugu beste herriekin solidarioa den Euskal Herria internazionalista eraikitzea».

«Hori dela eta, Venezuelako prozesu bolivartarraren defentsan atera behar dugu, baita inperialismoa eta bere laguntzaileak salatu ere, etxe ondoan ditugunetatik hasita», proposatu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.