Aske geratu da atzo Bilbon Voxen kontrako protestan atxilotutakoa

Ertzaintza Voxen aurka protestan ari zirenei oldartu zitzaien, eta manifestari bat atxilotu zuen. Alderdi ultraeskuindarrak Gasteizen egingo du gaur ekitaldi bat, eta Donostian, bihar.

Manifestari antifaxistak, ertzainez inguratuta. MIGUEL TOÑA / EFE
2020ko ekainaren 19a
23:31
Entzun

Bilboko San Frantzisko auzoan hauteskundeetako ekitaldi bat egin du Vox alderdi ultraeskuindarrak ostiral iluntzean. Mariaren Bihotza plazan zuten ekitaldia antolatua, eta Sare Antifaxistak protesta ekitaldi bat antolatu dute. Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak dispositibo handi bat antolatu dute, eta faxisten kontra protesta egitera elkartu diren 200 pertsona ingururi debekatu egin diete lekura sartzea. Istiluak izan dira Ertzaintza antifaxistei oldartu zaienean, eta horietako bat atxilotu dute; goizaldean geratu da aske.

Javier Ortega Smith Voxeko idazkari nagusiak hitz egin du Voxen ekitaldian; hogei bat lagun elkartu ditu. Antifaxisten txistu eta oihu artean, eta inguruko etxeetatik kazolak jotzen ari zirenen zarataren artean egin behar izan dute ekitaldia. Ortega Smith eta Niko Gutierrez —alderdiaren Bizkaiko hautagaia— handik ateratzen hasi direnean eta poliziak haiek babesten ari zirela sortu dira iskanbilak.

Polizia oldartu egin zaie manifestari antifaxistei. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, berriz, manifestariek terrazetako aulkiak eta botilak eta jaurti dizkiete poliziei, eta zauri arina egin dizkiete haietako batzuei. Ertzainek, berriz, 22 urteko gazte bat atxilotu dute; autoritateari atentatua egitea leporatu diote.

21:15 aldera bukatu da liskarra, eta Voxen ekitaldian izan direnak handik aterarazi dituzte. Poliziek inguratuta joan dira San Frantziskotik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.