Askek «amnistiaren aldeko borrokan murgiltzera» deitu du Zaballara egindako martxan

Askek salatu duenez, Ertzaintzak miatu egin ditu bertaratutako guztiak.

Dozenaka lagunek Zaballako espetxerainoko bidea egin dute, Askek deituta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Dozenaka lagunek Zaballako espetxerainoko bidea egin dute, Askek deituta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko abenduaren 27a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aske mugimenduak martxa bat egin du Zaballako espetxera, euskal preso politikoen egoera salatzeko eta askatu ditzatela eskatzeko. Horrez gain, «amnistiaren aldeko borrokan murgiltzera» deitu du. Dozenaka lagun elkartu dira, hainbat ikurrekin, eta Ertzaintzak kontrol zorrotzak ezarri ditu bide osoan. Askek jakinarazi duenez, Subillako irteeran, Araban, banan-banan miatu dituzte martxara zihoazen guztiak. Bestalde, poliziek martxa guztia grabatu eta kontrolatu dute drone baten eta helikoptero baten bitartez. 

zaballa
Salatu dute martxan parte hartu duten guztiak miatu dituztela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Antolakundeak salatu du kalean apaltzen ari dela euskal preso politikoei babesa helarazteko hedatua zen elkartasun sarea: «Eta etsaiak amaierako kolpea emateko asmo sendoa dauka, kriminalizazioaren eta debekuaren eskutik. Horrela bakarrik uler daitezke ongietorrien desagerpenari begirako azken kriminalizazio saiakera eta elkartasuna bultzatzeko espetxe martxak —gaurkoa bezalakoak— egitearren ezarri nahi dituzten 153.600 euroren isunak». Taldeak deritzo horren guztiaren helburua zera dela, «Euskal Herriaren eta haren langile klasearen askatasuna errotik moztea»; halaxe adierazi dute ohar bidez.

Horri aurre egiteko antolatzera deitu du. «Askatasuna ez da etorriko etsaiaren gupidagatik. Soilik militantzia konprometituaren eta antolakuntzaren bidez egikarituko da». Eta elkartasuna bidali nahi izan diete «Euskal Herri Langilearen askapenaren alde eta etsaiaren okupazioaren aurka diharduten militante iraultzaileei. Ez bakarrik gaur Zaballan bahituta dauden euskal preso politikoei, baizik eta baita oraindik frantziar eta espainiar estatuetako espetxeetan zilegi den zio batengatik bahituta jarraitzen duten guztiei ere». Esan dute ez dutela amore emango «Euskal Herri guztia aske ikusi arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.