Aske utzi dituzte EHUren campuseko erasoagatik atxilotutako biak

Lesio eta gorroto delituak egotzi dizkiete, eta ezingo dute EHUren Arabako campusera gerturatu. Hirugarren atxilotua astearte goizaldean askatu zuten, eta epailearen aurrera joan beharko du hark eskatzen dioenean.

Ikasle bati egindako erasoa salatzeko, astelehenean, EHUn egindako elkarretaratzea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2018ko abenduaren 13a
22:05
Entzun

Ertzaintzak astearte arratsaldean atxilotu zituen hiru gazte, azaroaren 30ean EHUko ikasle batek salatutako erasoarekin lotuta. Gaur utzi dituzte aske azkenengo biak —20 eta 21 urte dituzte—, epailearen aurretik pasatu ondoren. Lesio eta gorroto delituak egotzi dizkiete, eta epaileak debekatu egin die biktimarengana eta EHUren Arabako campusera hurbiltzea. Bietako inor ez da unibertsitateko ikaslea. Batek aurrekariak ditu "futbolzale erradikalekin" izandako istiluengatik

Asteazken goizerako askatu zuten hirugarren atxilotua. Halako neurririk ez diote jarri hari, baina epailearen aurrera joan beharko du hark deitzen dionean.

Letren Fakultateko 19 urteko ikasle batek salatu zuen erasoa. Azaldu zuenez, bilera batetik irteten ari zela, aurpegia estalita zeramaten bi pertsonek kolpeak eman zizkioten, eta ikaslea ospitalera eraman behar izan zuten. Ebakuntza egin zioten, hautsiak baitzituen masailezurra eta sudurra. Salaketaren berri izan eta biharamunean, joan den ostegunean, Nekane Balluerka EHUko errektoreak gaitzetsi egin zuen erasoa, eta oroitarazi zuen EHUn ez dela inolako biolentziarik onartzen. Gainera, erasoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten astelehenean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.