Frantziako Estatuko espetxeetan hamar urtetik gora igaro ondoren, atzo Espainiaratu zuten Ibon Goieaskoetxea euskal presoa, eta, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik igaro ondotik, behin-behinean aske utzi dute. 1997an Espainiako erregearen aurka egiten saiatzea leporatzen dion auzi batengatik eraman dute Goieaskoetxea Espainiako Auzitegi Nazionalera, baina, abokatuaren arabera, fiskalak ez zuen nahikoa froga ikusi horretarako, eta behin-behinean aske uztea galdegin du. Hala, neurri gisa, hamabostean behin sinatzera joan beharko da epaitegira.
2010eko otsailean atxilotu zuten Goieaskoetxea, Normandian, ETAko kide izatea leporatuta, eta hamalau urteko zigorra ezarri zion auzitegiak 2015ean. Urte hartan, Fleuryko espetxeko zaindariek jipoitu zutela salatu zuen. Hiru urte geroago, Arleseko presondegian zela, Euskal Herritik 850 kilometrora, auto istripua izan zuten espetxe hartara bidean ziren senideek.