Ezohiko datu batek arreta eman die legelariei eta juristei: azken hamar urteetan ugaritu egin dira talde politikoek parlamentuetan aurkeztutako lege proposamenak. Historikoki gobernuena izan da legegintza ekimena, lege proiektuen bidez aurkeztu eta onartu izan baitira lege gehienak. Ordea, araudiak talde politikoei eskaintzen dien aukera areagotu egin da azkenaldian, hala tokiko legebiltzarretan, nola Espainiako Kongresuan, eta horrek joera aldaketa bat eragin du, orain arte oso gutxi erabiltzen baitzen bide hori.
Hori zergatik gertatu den eta horrek araugintzan zer ondorio izan ditzakeen aztertu zuten Eusko Legebiltzarrean joan den astean, zuzenbide parlamentarioari buruzko jardunaldietan. Bertan parte hartu zuen Joan Vintrok (Bartzelona, 1953), eta ekimen politikoaren eta arauen kalitatearen arteko oreka zailaz hitz egin zuen. Bartzelonako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna da Vintro, eta Kataluniako Parlamentuko legelaria izan zen hogeita bost urtez. 2006an Kataluniako Estatutua idazteko batzordearen aholkularia ere izan zen, eta gaur egun Estatutua Bermatzeko Kontseiluko kidea da.
Zein arrazoi dago lege proposamenak ugaritzearen atzean?
Batez ere bi arrazoi daude fenomeno horren atzean. Batetik, zatiketa politikoa. Lehen ohikoagoa zen gehiengo absolutua izatea; alderdi bat edo bi nahikoa ziren parlamentuan gehiengoa lortzeko. 2015etik aurrera, ordea, alderdi gehiago daude parlamentuetan, eta gehiengoak osatzea zailagoa da. Ondorioz, gobernu hiperminoritarioak sortu dira, babes ez oso sendoak eta aldakorrak dituztenak, eta horrek nolabaiteko segurtasun falta eta ezegonkortasuna areagotzea eragin du. Beste arrazoia zera da: lege proiektuak egitea konplexuagoa dela lege proposamenak egitea baino, azterlan gehiago aurkeztu behar direlako. Batez ere, bi faktore horien bateratzeak eragin du lege proposamenak ugaritu izana.
Nola eragiten dio horrek oposizioaren edo taldeen jardunari?
Lege proposamenek oposizioaren bozgorailu lanak egiteko balio izan dute orain arte. Oposizioko taldeek lege proposamenak aurkeztu izan dituzte aurrera egingo ez dutela jakinda ere. Alternatibak aurkezteko modu bat da. Beti egin da horrela, orain ere hala egiten da, eta etorkizunean ere halaxe egingo dute, helburu horrexekin. Baina badago beste arrazoi bat: gobernuak ezegonkorrak direnean edo ahul daudenean, modu batera edo bestera hura babestu ditzaketen taldeei protagonismoa emateko ere erabiltzen dira lege proposamenak, gero eta gehiago. Gobernuaren egitasmoaren parte bihurtzen dira horrela, hark erabat bere egin ez dezan.
Datuen arabera, ordea, batez ere gobernuko alderdiek erabili dute bide hori. Gobernuak parlamentuaren eginkizuna hartu duela esan nahi du? Iruzur juridiko bat da?
Ez, ez. Gobernu batek bere ekimen legegilea lege proiektu baten bidez gauzatzea bezain legezkoa da lege proposamenen bidez gauzatzea. Ez dago oztoporik gobernuko alderdiek ere bide hori erabiltzeko. Eta [Espainiako] Auzitegi Konstituzionalak ere argi utzi zuen hori. Politikoki, baliteke batzuei egokia iruditzea eta beste batzuei ez, baina ez da lege iruzur bat. Egia da batek besteak baino baldintza zorrotzagoak dituela, baina arauak hala dio. Agian mekanismo zorrotzago batzuk ezarri behar dira? Tira, hori da eztabaidagaia.
Legeen kalitatean eragin dezake horrek?
Lege proposamenak aurkezteko baldintzak errazagoak direnez, baliteke legeak jatorrian kalitate txikiagoa izatea, bai. Baina ezin da horregatik parlamentuaren ekimen legegilea gutxietsi. Ezin da patologiatzat jo konstituzionalki aitortutako ahalmen bat. Zerbait egitekotan, lege proposamenei aplikatu beharreko mekanismo batzuk aurreikusi behar dira. Akaso ez lege proiektuei eskatzen zaizkienak beste, ez eta hain zorrotzak. Baina gutxieneko batzuk bai, segurtasun juridiko hori bermatzeko.
Nola egiten da hori?
Zaila da teorizatzen. Batetik, lege proiektuen prozesua, agian, zerbait arindu daiteke. Eta, bestetik, lege proposamenei gaur egun exijitzen zaiena baino zerbait gehiago eskatu behar zaie, gaur egun ez baitzaie apenas ezer eskatzen, legea zertarako egin nahi duten azaltzeko baino ez.
Oposizioko taldeek ez dute baliabide juridiko nahikorik horretarako, ordea. Horri dagokionez, Bulego Legegile bat eratzeko proposamenaz hitz egin zenuen. Garatu dezakezu?
Eusko Legebiltzarreko legelari baten lanean jasotako ideia da, eta gustuko dut. Aurreikusten eta eratzen zaila da, ziur aski, baina interesgarria da. Hau da, parlamentu guztietan legegintza bulego bat egotea, zeinetan profil teknikoko askotariko langileek funtzionario gisa edo kanpoko laguntzaile gisa jardungo duten —hori aztertu beharko litzateke— talde parlamentarioei aholkularitza ematen lege proposamen bat egin nahi dutenean. Behin onartutako lege proposamenak eta lege proiektuak berrikusiko lituzkete, halaber, horiek ere beti ez baitira teknikoki zuzenak izaten, tramitazioan egiten zaizkien zuzenketak tarteko.
Badago halakorik hemen gertu?
Ezaugarri horiek dituen bulegorik ez dago Espainian; halere, beste herrialde batzuetan badituzte parlamentuetan antzeko eginkizunak dituzten profesionalak.
Herri ekinaldi legegileei sarritan egozten zaie legediarekin bat ez etortzea. Uste duzu halako zerbitzu batek lagundu dezakeela politikarekiko atxikimendu faltari aurre egiten eta parte hartze demokratikoa indartzen?
Esango nuke baietz. Herri ekinaldi legegileei buruzko Kataluniako legean, adibidez, jasota dago ekinaldiaren sustatzaileak parlamentuko zerbitzu juridikoen laguntza izan dezakeela testua idazterakoan.
Halere, ez ote dago arazoa beste muturrean? Alegia, ez ote zaie lege proiektuei gehiegi eskatzen?
Eztabaidaren amaieran atera zen galdera hori, eta, tira, izan liteke, bai, azterlan eta txosten gehiegi eskatzea. Europako Batasunetik datorren kontu bat da, eta nik asmo ona ikusten diot horri, ezin baita presaka eta burutazioen arabera arautu. Hein batean, hori baita gaur egun egiten dena: asko, azkar eta gaizki arautzen da. Zuhurtziaz arautu behar da, denboraz, eta ongi aztertuta zertarako egin nahi den lege hori. Lege proiektu bat aurkeztea konplexua da, eta ulertzen dut gobernuak presa izaten dutela askotan; are gehiago gutxiengoan badago. Baina oreka bilatu behar da horretan ere.
Tramitazioan izaten dute beste oztopoetako bat: Legebiltzarreko Mahaiaren galbahea pasa beharra. Zer-nolako garrantzia du mahai horrek prozesu legegilean?
Erabakigarria da, parlamentuan eztabaidatu nahi den edozein proposamen tramiterako onartu edo ez erabakitzea berari dagokiolako. Kontua da zer parametro erabiltzen den filtro lan hori egiteko. Nire ustez, arauak ezartzen dituen betekizunak zuzen betetzen dituela bermatzea dagokio Mahaiari. Zein da arazoa? Espainian Auzitegi Konstituzionalak beste irizpide batzuk ezarri dituela jurisprudentzia bidez. Alegia, Mahaiak formatik haragoko kontrola izan behar duela dio, eta konstituzioaren kontrakoak izan daitekeenak identifikatu behar dituela. Eta hori, nire iritziz, zera da: Mahairi ez dagozkion ahalmenak ematea.
Eztabaidari mugak jarri dizkio, alegia.
Kataluniako prozesuan ikusi zen hori. Are gehiago korapilatu da hori orduz geroztik. Izan ere, Auzitegi Konstituzionalak halako ohar txiki bat gehitu zuen prozesu hari lotutako ebazpenetan, esanez proposamenetako batzuk konstituzioaren kontrakoak zirenez etorkizunean galarazi egin behar duela antzeko beste bat tramiterako onartzea. Eta kideei zigor penalak ezartzeko mehatxu eginez, gainera. Ez da teoria hutsa; jurisprudentzia hori aplikatu da jada, eta ez Katalunian bakarrik.
Ekimen politikoa eta segurtasun juridikoa uztartzea, hori da giltza, beraz?
Uste dut Auzitegi Konstituzionala bide okerrean sartu dela gai honekin. Estatu demokratiko batekin bateraezina den jurisprudentzia bat ezarri dute, nire iritziz. Hau da, estatu demokratiko batean parlamentuak edozertaz hitz egiteko aukera izan behar du. Gero esango du onartu den hori legezkoa den edo ez. Baina bitartean parlamentuaren askatasunari muga jartzea da hori.
Garai likido hauetan, zer garrantzi dute parlamentuek?
Instituzio garrantzitsuak dira, herritarren borondate politikoaren isla baitira. Demokratikoki hautatutako parlamentu batek gizartearen pluraltasuna adierazten du, eta, beraz, sistemaren instituzio nagusietako bat behar du izan. Garrantzitsua da herritarrak kezkatzen dituzten gaiei buruz bertan eztabaidatzea. Beste kontu bat da eztabaida horiek gero zer terminotan egiten diren, eta nola. Izan ere, adierazteko eta hitz egiteko moduak, jarrerak, kohesio demokratikorako faktore izan daitezke batzuetan, baina baita politikari atxikimendurik ez izateko motibo ere.