Nafarroako Gobernuak zorroztu eginen ditu izurriteari aurre egiteko neurri murriztaileak; hala jakinarazi du Osasun kontseilari Santos Indurainek. «Datozen egunak bereziki kalteberak izanen dira pandemiaren inpaktuari dagokionez, eta premiazkoa da mugak gogortzea». Gobernuak iragarri duenez, Aste Santuan tabernetako barnealdeak itxiak izan beharko dira herrialdean, eta, gainera, murriztu eginen da komertzioetan gehienez bil daitekeen lagunen kopurua. Zehazki, merkataritza gune handietan gehienezko edukiera %40 zen orain arte; neurri berriak indarrean sartutakoan, berriz, %30 izanen da.
Indurainek zehaztu duenez, neurri berriak apirilaren 1ean sartuko dira indarrean, «beranduenez», eta hilaren 8ra arte izanen dira ezarriak, oraingoz. Kontseilariaren esanetan, gobernuak orduan erabakiko du neurriei eutsi edo ez.
Hilabete joan da Nafarroako Gobernuak ostalaritzako neurri murriztaileak leundu eta barnealdea zabaltzea baimendu zuenetik. Irekiera baimendua egon den asteetan, gobernuak %30ean zuen ezarria gehienezko edukiera espazio horietarako. Guztiz itxita egonen dira datorren astetik aurrera, eta Indurainek onartu du neurria «kolpe latza» izanen dela sektorearentzat. Dena dela, argudiatu du besteak beste hori dela kutsatzeak eteteko bidea. «Ez da gehiagotan errepikatu beharrik; jakina da mugikortasunaren eta harreman sozialen areagotzeak kutsatzeen goraldia dakarrela berekin», azaldu du.