Polizia operazioa

Asteartean atxilotutako bi preso sartu dituzte eta beste lau libre utzi

Atxilotuen senideei jazarri zaie Polizia Auzitegi Nazionalaren inguruan, eta Txelui Morenoren beste seme bat atxilotu duteNafarroako hainbat kazetarik adierazpen askatasunaren aldeko idatzi bat kaleratu dute

Hainbat komunikabidetako kazetariak agertu ziren atzo prentsaurrekoan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
O. Elduaien- E. Elizondo
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Espetxeratu egin dituzte asteartean Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak atxilotutako hamar lagunetatik bi —Miguel Angel Llamas Pitu eta Iker Moreno— eta libre utzi dituzte beste lau —Edurne Sanzo, Koldo Garcia, Xabier Beortegi eta Oihana Odria—. Askatasunako kide izatea eta Ekineko kide izatea egotzita atxilotutako hamar lagunak atzo hasi ziren deklaratzen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epailearen aurrean, eta falta diren laurek gaur egingo dute.

Atxilotuen senitartekoak Espainiako Auzitegi Nazionalaren inguruetan pasatu zuten eguna, haien hurkoekin zer gertatuko zen esperoan. Gauean, epailearen erabakien berri jakin ostean, hotelera bidera zirela Espainiako Polizia jazarri egin zitzaien ordea, lekukoek Berria-ri jakinarazi diotenez. «Jarrera probokatzailearekin» gerturatu zitzaizkien, eta azkenean, Txelui Moreno ezker abertzaleko kidearen emaztea lurrera bota eta kolpatu egin zuten, eta bere beste semea bazter batera eman, jo, eta atxilotuta eraman zuten. Madrilgo polizia-etxe batetara eramango zutela jakinarazi zioten familiakoei.

Apurtu.org webguneko lau kideak izan ziren Grande-Marlaskaren bulegotik pasatzen aurrenak. Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren (AAM) esanetan ez zieten aldeen galderei erantzun. «Askatasuna talde terroristako kide» izatea egotzi zien lau lagunetako hiruri. Miguel Angel Llamas Pitu espetxeratzeko agindua eman zuen; Koldo Garciari zein Edurne Sauzori 12.000 euroko bermea jarri zien; eta Oihana Odria baldintzarik gabe utzi zuten libre.

Ekineko kide izatea egotzita beste sei lagun atxilotu zituzten asteartean, eta haietako bik deklaratu zuten atzo: Iker Morenori —Txelui Morenoren semea— erakunde armatuko kide izatea egotzi zion, eta baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu zuen Grande-Marlaskak. Xabier Beortegi, berriz, libre utzi zuen. Gorka Mayok, Iñigo Gonzalezek, Gorka Zabalak eta Patxi Arratibelek gaur deklaratuko dute.

Askatasuneko kide izatea egotzita atxilotutako lau lagunak Espainiako Poliziaren esku egon dira inkomunikatuta, eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren hitzetan, Madrilera bidean hainbat mehatxu jaso arren, polizia-etxean tratua «zuzena eta lasaia» jaso dute. Ekineko kide izatea egotzitakoak, Guardia Zibilaren esku egon dira, eta momentuz, ez dago haiek jaso duten tratuaren berririk.

Apurtu.org-ko lau lagunen inguruko autoa atzo gauean eman zuen ezagutzera Grande-Marlaskak, eta han idatzi zuen, webgune hori eta Kronika Nafarroa aldizkaria «legez kanpo dagoen Askatasuna erakundearen proiektu organikoa» direla, eta «Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren eta beraz Askatasunaren» propagandarako tresna direla, Apurtu telebista eta Harremanak kanalekin batera.

Etxerat-i buruz ere hitz egiten du autoak. UCIk egindako ikerketa baten arabera, honakoa dio: «'Amnistiaren aldeko mugimendua Askatasuna legez kanpoko taldearen kontrolpean dauden taldeek osatzen dute, eta Etxerat bezalako pantaila legezkoan bitartez aritzen dira». Ikerketa horren arabera, Askatasunaren propaganda egitea litzateke «estruktura» horren helburua, eta horretarako sortuak dira Apurtu.org, Apurtu Telebista, Harremanak eta Kronika Nafarroa. Haien burutzat jotzen du Llamas, eta hark AAMren barruan zeregin gehiago ere badituela dio. Hargatik Askatasunako kide dela pentsatzeko «zantzuak» badirela gaineratu du.

Aldaketaren aurka

Atxiloketen helburua Nafarroan aldaketarako aukera oztopatzea dela salatu du ezker abertzaleak. Xanti Kirogak eta Marine Pueyok erran dute atxiloketak egiteko unea eta tokia ez direla kasualitatearen ondorio. «Nafarroak estatu auzi izaten jarraitzen du. Ezker abertzaleak eta bertze hainbat sektorek egun bizi dugun egoera politikoa errotik aldatzeko martxan jarri dugun plana bertan behera utzi nahi dute, nola edo hala». Helburu hori ez dutela lortuko azpimarratu du ezker abertzaleak. «Inoiz baino indar handiagoa dugu». Aldaketaren aldeko apustuarekin aurrera jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, eta gaineratu dute «herriarentzat hitza eta erabakia» berreskuratuko dituztela.

Bertzalde, Apurtu.org webguneko kideen atxiloketaren harira, Nafarroako hainbat kazetarik manifestua plazaratu dute, adierazpen askatasunaren alde. 40tik gora kazetariren atxikimendua jaso du jada. «Kazetari nafarrak gara. Hainbat komunikabidetan lan egiten dugu, nork bere ideologia du, baina uneotan guztiok batzen gaitu adierazpen askatasunak, informazioa zein iritzia emateko pertsona orok dugun defentsa eskubideak, eta lanbide honetan lan egiten dugunon aldetik eskubide oro errespetatua izatearen aldeko exijentziak».

Sinatzaileen artean badira Berria, Gara, Diario de Noticias, Zazpika, EITB eta Eguzki Bideoak-eko kazetariak, bertzeak bertze.

Atxiloketak salatzeko mobilizazioak egin zituzten atzo. Esate baterako, 360 lagun batu ziren Iruñean, 42 Arrigorriagan, eta 40 Erromon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.