Parisko Dei Auzitegiak asteazkenean aztertuko du Josu Urrutikoetxearen kontrako euroagindu eskaera. Urrutikoetxea aurkitzeko, atxilotzeko eta espetxeratzeko eskatu zion Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Frantziari, herriko tabernen auziarekin lotuta egindakoa zabaltzeko eskatuta. Urrutikoetxea «ETAko buruzagi gorenetako» gisa hartzen du, «2002an ihes egin zuenetik atxilotu zuten arte». Auzi saioa 13:30ean izango da, Parisko Apelazio Auzitegiko fiskaltzaren iturriek EFE agentziari esan diotenez.Â
Urrutikoetxea bere kabuz aurkeztu zen atzo fiskaltzaren aurrera, eta deklaratu egin zuen. Fiskalak euroaginduaren berri eman zion, eta deklaratu eta gero aske utzi zuen, kontrol judizialpean, orain arte egon den egoera berean.
Pedrazentzat Urrutikoetxea ETAko buruzagi zela erakusten dute hura atxilotu zutenean aurkitutako agiriek, Espainiako Gobernuko ordezkarien eta ETAren arteko elkarrizketetan parte hartu izanak, eta ETAren desegitearen agiria irakurri izanak.
Epaiketa apirilean
Uztailean plazaratutako autoaren harira, galdeketa egin beharra zion Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Urrutikoetxeari. Abenduaren 4an jarria zuten hitzordua, Baionako Auzitegian, handik bideokonferentzia bidez deklara zezan. Baina azken orduan bertan behera utzi zioten deialdia. Horren ordez, haren kontrako euroagindua zabaldu, eta hura atxilotzeko eskatu zion Pedrazek Frantziari.
Ez da Urrutikoetxearen kontra martxan den auzi bakarra. Urrian epaitu behar zuten Parisko Dei Auzitegian, 2002tik 2005era ETAko kide izan zelakoan, baina epaiketa hori 2026ko apirilaren 9ra eta 10era atzeratu dute.