Ez dira Espainiako Auzitegi Nazionalaren nahiak beteko. Josu Urrutikoetxea ez dute atxilotu, eta kontrol judizialpean aske gelditu da Frantziako Fiskaltzaren aitzinean deklaratu ondotik; funtsean, orain arte zegoen egoeran. Bere kasa aurkeztu da Parisen, aurretik zita eskatuta. Espainiak egindako euroagindu eskaeraren berri eman dio fiskaltzak ETAko militante ohiari. Ondoko asteetan eginen dute hori aztertzeko auzi saioa.Â
Joan den astean jakin zen Urrutikoetxearen kontrako beste euroagindu eskaera bat egin zuela Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, herriko tabernen auziarekin lotuta egindakoa zabaltzeko eskatuta. Horretan oinarrituta, Urrutikoetxea aurkitu, atxilotu eta preso sartzeko eskatu zion Frantziako Fiskaltzari.
Funtsean, uztailean hartutako ebazpenaren kopia bat da Pedrazen arrazoiketa. Ontzat ematen du Urrutikoetxea «ETAko buruzagi gorenetakoa» izan zela, «2002an ihes egin zuenetik atxilotu zuten arte». Horren frogatzat dauzka atxilotu zutenean aurkitutako dokumentuak, Espainiako Gobernuko ordezkarien eta ETAren arteko elkarrizketetan parte hartu izana, eta ETAren desegitearen agiria irakurri izana.
Uztailean ezagutarazitako autoaren harira, galdeketa egin beharra zion Auzitegi Nazionaleko epaileak Urrutikoetxeari. Eta horretarako abenduaren 4an jarria zuten hitzordua, Baionako Auzitegian, handik bideokonferentzia bidez deklara zezan. Baina azken orduan bertan behera utzi zioten deialdia. Horren ordez, haren kontrako euroagindua zabaldu, eta hura atxilotzeko eskatu zion Pedrazek Frantziari. Abenduaren 3ko data du dokumentuak.Â
Atxiloketa itxaron ordez, bere baitarik Frantziako Fiskaltzarekin harremanean jarri zen orduan Urrutikoetxea, eta ostegun goiz honetan izan du zita.
Gaur-gaurkoz, Espainiaratzeko beste bi agindu ditu indarrean: 1987ko Zaragozako atentatuagatik estradizio eskaera bat, eta herriko tabernen auziagatik euroagindu eskaera bat. Frantzian dituen prozedurak bukatu aitzin ez dira aplikatuko.Â
Heldu den apirilaren 9an eta 10ean epaitu beharra dute Parisko Dei Auzitegian, 2002tik 2005era ETAko kide izan zelakoan, «helburu terroristak dituen» gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta.