Urteurren eguna da gaur: 95 urte bete dira Guardia Zibilak Ategorrietan (Donostia) zazpi langile tiroz hil zituenetik. Hildako eta zauritutako langileen memoria berreskuratzeko, aitortzeko eta datozen belaunaldiei gertatutakoa kontatzeko, Pasaiako Udalak (Gipuzkoa) ekitaldi bat egin du alkateordetzaren eraikinaren aitzinenean, Trintxerpen. Izan ere, handik abiatu zen 1931n Pasaiako arrantzaleek deitutako greba orokorra. 4.000 pertsona inguru elkartu ziren «seme-alabentzako ogia eta lankideentzako askatasuna» eskatzeko, eta handik Donostiara abiatu. Ategorrietara ailegatu zirenean, baina, guardia zibilak esperoan zeuzkaten, eta tiroka hartu zituzten. Jose Carnes, Manuel Perez, Jose Novo Martinez, Antonio Barro, Julian Zurro Perez, Jesus Camprosola eta Manuel Lopez Diaz hil zituzten, eta bertze hainbertze zauritu.
Martxan jarri berria zen Espainiako II. Errepublika, eta manifestazioa haren kontrako eraso bat zela deliberatu zuten zenbait sektorek. Hortaz, Ramon Aldasoro Gipuzkoako gobernadore zibilak debekatu egin zuen, eta tiroka jardun zezan agindu zion Guardia Zibilari. Teo Alberro da Pasaiako alkatea, eta «konpromiso irmoa» hartu du Ategorrietako biktimak oroitzeko eta aitortzeko. Plaka bat jarri zuten joan den urtean Trintxerpeko alkateordetzaren eraikinaren kanpoan, eta gaur ere han izan dira udal ordezkariak, lore eskaintzan eta oroimen ekitaldian. Alberrorentzat «herrien duintasunarekin eta etorkizunarekin lotutako ariketa bat» izan da gaurko agerraldia, eta instituzioei eskatu die «urte luzez isilarazitakoa argira ateratzeko».Â

Gaurko ekitaldian, gainera, mural bat gehitu diote aurrez jarritako plakari: Nora Gondat diseinatzaileak egindako lan bat. «Arteak balio du memoria egiteko, kontakizunak transmititzeko eta herri baten zauri eta borrokekin konektatzeko ere», erran du alkateak. «Izan ahoz, idatziz, edo beste edozein sorkuntza moduren bidez, giza eskubideen urraketak pairatu zituzten herritarren aitortza eta duintasuna aldarrikatzen jarraituko dugu, etorkizun justuago bat sortzeko».