Bateragune auziko bost presoak aske nahi dituzte. «Gatazkaren aterabide demokratikoaren alde» lan egin dutela azpimarratu dute, eta, horregatik, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jazinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta «berehala eta baldintzarik gabe» aske uzteko eskatu dute. Esparru askotako hainbat lagun batu dira eskaera horiekin bat egiteko, eta beraiek ere «aterabide demokratikoarekin» konpromisoa dutela jakinarazteko.
Miramar jauregiaren atarian bildu ziren atzo, eguzkia lagun, Bateragune auziaren kontrako eta auzipetuen askatasunaren aldeko eskaera sendoa agertzeko. Alaia Martin bertsolariak eta Eneko Olasagasti zinema zuzendariak irakurri zuten agiria, guztien izenean. Alderdietako ordezkariak zeuden: ezker abertzaleko Rufi Etxeberria, Aralarreko Rebeka Ubera, Alternatibako Oskar Matute, EBko Kontxi Bilbao, PSNko Ainhoa Aznarez, ABko Mertxe Colina, Amaiurreko diputatu Xabier Mikel Errekondo, Bilduko legebiltzarkide Bakartxo Ruiz eta Ramon Labaien Donostiako alkate ohia, esate baterako. Kazetaritza munduko ordezkariak ere baziren: BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendi eta Gara-ko Iñaki Soto, Maddalen Iriarte ETBko aurkezlea eta Darrin Wood kazetari estatubatuarra. Sindikatuetatik LABeko Jabi Garnika eta CCOOko Jesus Uzkudun. Hainbat abokatu ere agertu ziren: Jone Goirizelaia, Aiert Larrarte, Doris Benegas eta Carlos Trenor. Beñat Gaztelumendi bertsolaria, Juan Mari Irigoien zein Juan Martin Elexpuru idazleak eta Ramon Agirre zein Klara Badiola aktoreak ere han ziren. Baita EHUko irakasle Karmelo Landa eta Francisco Letamendia Ortzi ere. Otegi askatu, politika askatu Elgoibarko plataformako kideak ere baziren, tartean Otegiren semea. Eta haiekin guztiekin, Bateragune auzian auzipetu, epaitu eta absolbitu zituzten Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra.
Datorren asteazkenean egingo du ahozko saioa Espainiako Auzitegi Gorenak, Otegiri, Diezi, Rodriguezi, Jazintori eta Zabaletari Espainiako Auzitegi Nazionalak jarritako zigorra berrikusteko. Hamar eta zortzi urteko espetxe zigorrak baliogabetzeko eskatzen dute defentsek babes helegiteetan, eta eskaera horrekin bat egin zuten atzo Donostian bildutakoek ere.
Hori eskatzeko mobilizazioa ere antolatu dute. Asteazkenerako bertarako, elkarretaratzera deitu dute, Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean.
«Epailetza helburu politikoekin» erabiltzea salatu dute, eta «euskal gehiengo sozialak» ere halaxe egiten duela azpimarratu. Izan ere, uste dute epailetza «jokaleku berriaren aurka» erabili dela, eta argi daukate horrek «egoera berrian» ez duela tokirik: «Ideia politiko guztien defentsa eta antolaketa askeak bermatuak izan behar dutela aldarrikatzen du euskal jendarteak».
Agertutakoek ez dute zalantzarik: «Salbuespeneko auzitegiak» jarritako zigorrak «herri honetan egiten ari diren urratsak oztopatu eta baldintzatzea zuen helburu». Baina, ohartarazi dute halakorik ez dutela lortu, eta ez dutela lortuko gaineratu.
Bateragune auziarekin «indar erakustaldia» egin nahi izatea aurpegiratu diote Espainiako Gobernuari: «Errepresioan oinarrituriko erakustaldia. Azken urteotan aldaketa nabarmen eta sakonak izan dituen errealitate politiko baten aurkako indar erakustaldia. Euskal jendartearen gehiengo batek bake, justizia eta demokrazian oinarrituriko etorkizuna ikuskatzen duen jokaleku baten aurkako erantzun errepresiboa. Gure herriaren aurrean zilegitasunik gabe geratu den indar erakustaldia».
ELA ere aske uztearen alde
ELA sindikatuko ordezkaririk ez zen izan atzoko Miramargo ekitaldian, baina sindikatu horrek oharra atera zuen herenegun, Bateragune auziko presoak libre uzteko eskatuz. «Berehala» eta «baldintzarik gabe» askatzeko eskatu zuen sindikatuak, eta «eragin zaien kaltea» konpontzea ezinbestekoa dela gaineratu zuen. ELAren ustez ere, «Espainiako Estatuak behingoz baztertu egin behar du botere judiziala xede politikoekin erabiltzeko joera, eta parte hartze politikorako eskubidea berrezarri behar du, herritar guztientzat».
Bateragune auziaren «erroan» erabaki politiko bat dagoela salatu du sindikatuak. Eta preso daudenek egindako lan politikoak izan dituen ondorioak kontuan hartuta haiek preso edukitzea «are ulergaitzagoa» dela dio.
Agerraldiarenbideoa, hemenikusgai:
www.berria.info
'Bateragune auzia'
«Aterabide demokratikoen alde» aritutakoentzat, askatasun eskaera
'Bateragune auzia' salatzeko asteazkenean Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean egingo den elkarretaratzera joateko deia egin dute«Epailetza helburu politikoekin» erabiltzea salatu dute hainbat lagunek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu