Martxoan hasi eta orain arte 60.000 herritarren sinadurak batu dituzte Gipuzkoan hondakinak gaika jasotzeko atez ateko sistemaren kontra. EAJk eman du datua, gaur eguerdian, Gipuzkoa garbia kanpainaren barruan egin duen agerraldian. Otsailean Gipuzkoako 34 herritako udalek iragarri zuten hondakinen atez ateko bilketa ezartzeko asmoa dutela; 34 herri horietan bildu dituzte sinadurak, hain zuzen.
"Fanatismoa" alde batera uzteko eskatu dio Imanol Lasa EAJko Zarauzko zinegotziak Bilduri, eta atez atekoaren "inposaketa" alde batera uzteko. Etorkizuneko ahalegina "kontzientziatzean eta heziketan" egin behar dela ohartarazi du. Zehaztu du Europara begiratu behar dela, gerora zer egin behar den zehazteko, eta erantsi du Europak errausketaren alde egiten jarraitzen duela, hondakinetatik energia berreskuratzeko.
Sinadura gehien batu dituzten herrien artean, Zarautz (6.000 inguru), Tolosa (6.000 inguru), Bergara (5.000 inguru) eta Zumaia (4.000 inguru) aipatu ditu EAJk. Herri batzuetan, udalean agintzen den alderdiak lortutako boto kopurua baino sinadura gehiago jaso dituztela azpimarratu du.
Haritz Salaberria Gipuzkoako Ingurumen diputatu berriak —oraindik ez du kargua hartu— Batzar Nagusien agindua betetzea eta 2008an onartutako hondakinen kudeaketa plana garatzea espero duela adierazi du Lasak.