Urrun gelditu dira 2018ko eta 2019ko greba feministak. Urrun gelditu dira desberdintasunak alde batera utzi eta kaleak aldez alde hartzen zituzten mobilizazio masibo bateratuak. Urrun gelditu da indarkeria matxistaren kontrako aldarrikapenak mobilizazio bakarrean elkartzen zituen M-8a. Emaztekien eta sexu genero disidenteen kontrako bortizkeriak salatzeko borroka bateratua izan da urte luzez Euskal Herrian, baina atomizatzen hasia da orain urte batzuk; eta aurten nabarmenagoa izan da, Hego Euskal Herriko hiriburuetan batez ere. Izan ere, Bilbon lau mobilizazio izan dira, eta Iruñean hiru. Zerk ekarri du atomizazio hori? Non eta noiz gertatu dira banaketak?
Itaia izan zen feminismoarekin haustura politikoa egin zuen lehenbizikoa: 2018an Itaia Emakume Sozialisten Sarea sortu zuten, «emakume langileen problematika panorama politikoan txertatzea» zutela helburu. Ordu hartan blog batean biltzen zituzten beren hausnarketak, 2020an beren burua Emakumeen Antolakunde Sozialista gisa aurkeztu zuten arte, egun Euskal Herrian barna artikulatuta dagoena. Geroztik, mobilizazio propioak antolatu izan dituzte Martxoaren 8an, iritzita egun horren ikuspegi iraultzailea berreskuratzea ezinbertzekoa dela eta emakume langileak lehen lerroan egon behar duela.
Mugimendu feministak gizonei, instituzioei eta patronalei ardurak hartzeko eskatzen die; Itaiak, berriz, kaleko borroka indartzearen aldeko apustua egin du, «beharrezkoa eta urgentziazkoa» zaielako emakume langileen zapalkuntza amaituko duen «alternatiba iraultzailea» eraikitzea. Konparazio baterako: mugimendu feministak zaintza sistema publiko eta komunitarioa defendatzen du, eta instituzioei eskakizun sorta bat bidali die. Itaiak, ordea, estrategia sozialistaren barruan kokatzen du zaintza zerbitzu publikoen aldeko borroka. Izan ere, haien irudiko, kalitatezko eta doako zaintza zerbitzuak estatu sozialistak soilik berma ditzake.
Bandera moreen eta gorrien arteko banaketa aski ez, eta aurten Euskal Herriko mugimendu feministaren izenean bertze koordinazio espazio bat sortu dute, eragile abolizionista eta transbaztertzaile batzuek bultzatuta. Horiek bi elkarretaratze egin dituzte, Iruñean bata eta Bilbon bertzea. Guztira bederatzi talde daude espazio berri horren gibelean, eta hogei lagun inguru bertzerik ez zituzten bildu horietako bakoitzean.Â
Espazio horren berri izan bezain pronto ehun eragilek baino gehiagok berretsi zuten Euskal Herriko mugimendu feministak sexu lana defendatzen duela, eta mugimendu hori askotariko subjektuek osatzen dutela. Are, sinatzaileen irudiko, mugimendu feministak hamarkadatan ehundu eta josi duen «bidearen aurkako iniziatiba bat» da.
Bilbon abolizionistek antolatutako aparteko manifestazioa izan da, ordea, zalantza eta erreakzio gehien eragin duena. Bertze hiriburuetan —Iruñean barne—, mugimendu feministaren mobilizazioaren barnean bloke bat egin dute. Prostituzioaren, pornografiaren eta haurdunaldi subrogatuaren abolizioa eskatu zuten Bizkaiko manifestazioan, eta defendatu emakumea izan behar dela feminismoaren subjektu politikoa; aipamenik ez sexu genero disidenteei, indarkeria matxistari, zaintza lanei eta arrazakeriari.
Hain justu, mobilizazio hori antolatu zutenak izan ziren iaz Bilbo Feminista Saretzen taldetik atera zirenak, argudiatuta taldeak «agenda transfeministarantz» jo duela, eta «korronte kritikoei» lekua kendu dietela.Â
Bien bitartean, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aterkipean, emakumeek*, transek eta bollerek borrokan jarraitu dute: zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko grebetatik hasi, eta ezker-eskuin hedatzen ari diren bortizkeria oro salatzeraino. Koordinazio espazio berriak sortzea edo orokorretatik ateratzea zilegi delako, feminismoaren izenean arrazakeria edo transfobia zabaltzen denean marra gorria jartzea bezainbertze.Â