Euskal Herriko mugimendu feministaren izenean bertze koordinazio esparru bat sortu izana gaitzetsi dute

Ehun eragilek baino gehiagok berretsi dute Euskal Herriko mugimendu feministak sexu lana defendatzen duela, eta mugimendu hori askotariko subjektuek osatzen dutela.

Mugimendu feministaren manifestazioa Baionan, 2024ko martxoaren 8an. PATXI BELZAIZ
Mugimendu feministaren manifestazioa Baionan, 2024ko martxoaren 8an. PATXI BELZAIZ
Isabel Jaurena.
2026ko otsailaren 25a
10:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Euskal Herriko mugimendu feministak mende erdi baino gehiago darama martxan. (...) Oinarrizko ideia bat argi izan dugu beti, espazioak eta haien izendapenak ezin direla nahieran erabili, eta etika militante feminista baten barruan jardun behar dugula». Ehunetik gora eragilek bat egin dute adierazpen horrekin, eta salatu Euskal Herriko mugimendu feministaren izenean bertze koordinazio esparru bat sortu dela —eragile abolizionista eta transbaztertzaile batzuek bultzatuta—, Martxoaren 8a antolatzeko helburua duena, eta, gainera, bi mobilizazio egin asmo dituena — bat Iruñean eta bestea Bilbon—.

Hain zuzen, duela hilabete batzuk sortu zen M-8ko Koordinakundea-Euskal Herriko Mugimendu Feminista taldea, eta iragan astean bederatzi eragile abolizionista eta transbaztertzailek prentsaurreko bat egin zuten. Hori salatzeko eta desadostasuna eta haserrea adierazteko, ohar bat atera dute ehun eragilek baino gehiagok: «Hamarkadatan ehuntzen eta josten aritu garen bidearen aurkako iniziatiba bat dela uste dugu».

Adierazi dute mugimendu feministak martxan daramatzan urteetan askotarikoak izan direla «koordinazio espazioak, egiturak hartu dituen formak, izandako eztabaidak, landutako gaiak, erabilitako estrategiak, egindako aliantzak, eskuraturiko lorpenak, egindako akatsak eta ikasitakoak». Baina «espazioak eta erabakitako kontsentsuak» errespetatzeko beharra izan dutela beti oinarrian. «Jakin arren oraindik ere bidea dugula egiteko espazio horiek irisgarriak izan daitezen gorputz eta errealitate askorentzat», gehitu dute.

Gogoratu dute, halaber, Euskal Herriko mugimendu feminista ez dela ez «putofoboa» ezta transbaztertzailea ere. «Sexu lana lana dela defendatzen dugu, eta sexu langileek eskubideak behar dituztela ozen aldarrikatzen dugu haien borroka babestearekin batera», diote oharrean. Gehitu dute, gainera, ez dutela onartuko «inork ere putak mugimendu eta asanbladetatik baztertzerik».

Euskal Herriko mugimendu feminista askotariko subjektuek osatzen dutela gogoratu dute, eta kategoriak ez dituztela modu esentzialean ulertzen. «Inork ez ditu ukatzen kategoria eta subalternitate bakoitzak jasaten dituen indarkeria eta zapalkuntza propioak. Elkarrekin, sistema kapitalista, zisheteropatriarkal, kolonialista eta arrazistari aurre egiten diogu», borobildu dute.

Adierazi dute horregatik guztiagatik lanean jarraituko dutela, bertzelako mundu bat eta herri bat eraikitzen feminismotik abiatuta. Bai eragile eta dinamika propioetan, eta baita elkarrekin ere, Euskal Herriko mugimendu feministaren izenean. 

Sinatzaileen artean daude, bertzeak bertze, BIlbo Feminista Saretzen, Gasteizko Mugimendu Feminista, Ehgam, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa, Euskal Herriko Gazte Feministak, Ihurtzuri, Sumin Trans eta Nafarroako Etxeko eta Zaintzako Langileen Elkartea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.