EUSKAL PRESOAK

Atristainen hirugarren gradua atzera bota du Auzitegi Nazionalak, berriz ere

Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak ebatzi du gradu progresioaren kontra, nahiz eta Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak kontrakoa adierazi zuen. Sarek «gizagabetzat» jo du auzitegiaren jarrera, eta mobilizatzeko deia egin du etziko.

Xabier Atristain Martuteneko kartzelatik irteten, 2022ko otsailean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko uztailaren 26a
13:38
Entzun

Sare Herritarrak jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak Xabier Atristain euskal presoaren hirugarren graduaren aurka ebatzi du. Plataformaren arabera, ebazpenak agerian utzi du auzitegiaren «errebantxa eta krudelkeria» jarrera. Izan ere, bigarren aldia da Atristainen hirugarren gradua atzera botatzen dutena; beste behin ere eten zuten behin-behinean. Erabaki horiek guztiak iritsi dira Estrasburgok ebatzi ostean haren aurkako epaiketa ez zela «justua» izan. Sarek dei egin die herritarrei hileko azken ostiraleko mobilizazioetan parte hartzera, eta batez ere uztailaren 28an Donostian egingo den mobilizazioan.

«Auzitegi Nazionalaren eta Fiskaltzaren etengabeko jarrera oztopatzaile eta konfrontatzaileen aurrean, Xabier Atristainen eta gainerako euskal presoen aurka egiten ari diren jazarpena salatzen dugu, justizia ez baita bere boterea justiziaz erabiltzen ari», adierazi du Sarek ohar bidez. Izan ere, plataformak azaldu du «nekez» uler daitekeela ETAk bere jarduera armatuari amaiera eman eta hamabi urtera halako «zigor krudelak» ezartzea, ez dutelako bat egiten «espetxe politika humanista» batekin: «Gizagabetzat baino ezin da jo». Izan ere, Sareren arabera, azken urteetan emandako 34 gradu progresioetatik 20ri jarri die errekurtsoa fiskalak, eta, hamalau kasutan, erregresioa agindu dute epaileek.

Atristainek hiru, sei eta bederatzi eguneko zenbait espetxe baimen izan ditu 2020ko urritik; orduan Euskal Herriratu zuten, Soriatik –Espainia, 230 kilometrora– Martutenera (Gipuzkoa) lekualdatuta. Hirugarren gradua, berriz, duela urtebete eman zion Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz, Martuteneko tratamendu batzordearen oniritziarekin. Presoak hiru hilabete egin zituen hirugarren graduan, «inolako eragin negatiborik gabe». Baina, fiskaltzak progresioaren kontra jarritako errekurtsoa zela tarteko, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak urrian agindu zuen gradu erregresioa.

Atristain Martuteneko espetxera itzuli zen, baina kartzelako tratamendu batzordeak gradu progresioaren alde egin zuen berriz ere, 2022ko azaroaren 30ean. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak aurtengo martxoaren 2an jo zuen ontzat aldaketa, baina hamar bat egun baino ez zituen egin erdiaskatasunean Atristainek. Izan ere, fiskaltzak berriz ere errekurtsoa aurkeztu zuen progresioaren kontra, eta, Auzitegi Gorenak ezarritako doktrina berria zela tarteko, behin-behinean itzuli behar izan zuen espetxera, helegitearen gainean ebatzi bitartean. Hura izan zen Gorenaren doktrina berria euskal preso bati aplikatu zitzaion lehen aldia; harekin batera, Juan Manuel Inziarterena ere eten zuten behin-behinean.

Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak Atristainen hirugarren graduaren alde egin zuen, eta ontzat jo. Baina, fiskalak beste helegite bat aurkeztu zuen. Kasu horretan, Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salan, euskal presoen egoeraren inguruko azken hitza duen epaitegian. Hark bat egin du fiskalarekin, eta, beraz, bigarren gradua berrezarri dio Atristaini. Horrek prozesua berriz hastera behartuko ditu presoa eta espetxeko tratamendu batzordea.

Sareren arabera, Atristainek hirugarren graduan egoteko legezko baldintza guztiak betetzen ditu: laster beteko ditu zigorraren hiru laurdenak, ez du erantzukizun zibilik ordaindu behar, eta «egindako mina aitortzeko» eta «bakearen eta bizikidetzaren aldeko» idazki bat egina du. Gainera, zenbait espetxe baimen izan ditu; horiek ez dira betebeharrak, baina gomendagarritzat jotzen dituzte.

Estrasburgori entzungor

Atristain Miarritzeko (Lapurdi) komisarian aurkeztu zen 2010eko martxoan, eta Madrilera lekualdatu zuten. Auzitegi Nazionalak, baina, aske utzi zuen. Handik hilabete gutxira, irailean, atxilotu egin zuten, eta bi urte egin zituen behin-behinean preso, 2012ko irailean askatu zuten arte, epaiketa iritsi bitarte. 2013an egin zuten auzia, eta hamazazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten Atristaini.

Atristainen kasua berezi egiten duena, baina, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak iazko urtarrilean argitaratutako ebazpena da: Espainia zigortu zuen inkomunikazio aldian abokatu bat aukeratzen ez uzteagatik, eta, beraz, prozesu «justu eta ekitatezko» bat izatea eragozteagatik. «Epaiak argi eta garbi adierazi zuen ez zela errespetatu bidezko prozesu baterako eskubidea», azaldu du Sarek. Izan ere, Atristainek inkomunikazio aldian torturak eta mehatxuak jasan izana salatu zuen.

Estrasburgoko auzitegiak Espainiako Auzitegi Gorenari agindu zion Atristainen kontrako epaia berrikusteko, eta otsailean behin-behinean libre utzi zuen Auzitegi Nazionalak, Gorenak sententziaz ebatzi artean. Orduan, EH Bilduk mahai gainean jarri zuen erabakia beste dozenaka kasutan ere aplikagarria izan zitekeela, besteak beste, salatuta «inkomunikaziopean eta torturapean erauzitako» inkulpazioak eta autoinkulpazioak Auzitegi Nazionalaren jardueraren oinarrian egon direla. Kontrara, Espainiako Estatuaren Abokatutzak helegitea jarri zion Estrasburgoren epaiari, nahiz eta auzitegi hark ez zuen tramiterako onartu.

Testuinguru horretan, Auzitegi Gorenak uko egin zion Estrasburgoren esana betetzeari, eta Atristainen zigorra berretsi zuen, argudiatuta bazela inkomunikazio aldiko deklarazio horiek gabe ere zigor ondorio berera ailegatzea. Hartara, preso donostiarra berriz espetxeratzeko agindu zuen: ekainaren 2an atxilotu eta espetxeratu zuen Ertzaintzak.

Orduan, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk «harridura» eta «kezka» adierazi zituzten, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi bateratuan. Hiru taldeek «arbitrariotzat» jo zuten Gorenaren erabakia, «ziurgabetasun juridiko sakona» eragin zuelakoan. Antzera mintzatu zen Donostiako Udala ere, hiru alderdi horiek onartutako adierazpen instituzional batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.