Atutxak dio Pradalesek «nahikoa denbora» duela proiektua ezagutarazteko

EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak gogoratu du Pradalesek «beste hautagaien denbora bera» izango duela bere proiektua gizarteratzeko, «Miren Gorrotxategi ez bada inork ez baitu errepikatuko».

Itxaso Atutxa
EAJko BBBren presidente Itxaso Atutxa. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
2024ko urtarrilaren 23a
12:00
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako lehendakarigaien izendapena bozetarako hilabete gutxi falta direla egin dute alderdi batzuek, tartean EAJ. Imanol Pradales proposatu zuen EBBk iazko azaroaren hondarrean, eta haren izena prentsak zabaldu zuen alderdiak baino lehenago, Iñigo Urkulluren eta Pradalesen arteko errelebo prozesuan egondako zailtasunen erakusle. Bada, BBBko presidente Itxaso Atutxak berretsi du Ezohiko Aberri Batzarrak modu ofizialean izendatuko duela Pradales larunbatean, EAJko lehendakarigai gisa. Radio Euskadin egindako adierazpenetan erantsi du hautagai jeltzaleak «nahikoa denbora» duela bere proiektua gizarteari ezagutarazteko.

Atutxak ez du ezer esan hauteskundeen egunari buruz, baina aski zabaldua da segur aski apirilaren erdialdera izango direla, ekain hasierako Europako Parlamenturako hauteskundeetatik banaturik. EAJk ez du nahi Espainiako giro politikoaren itzalak baldintzatzea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bozak. Edonola ere, BBBko buruak gogoratu du Pradalesek beste hautagaien denbora tarte bera izango duela, «ez baitu inork errepikatuko» lehendakarigai gisa, «Miren Gorrotxategi ez bada». Eta Gorrotxategiren hautagaitza ere ezin da segurutzat jo, Elkarrekin Podemosen espazioan Sumar ere baitago orain, eta ikusteko baitago hautagaitza bakarra egongo den edo ez.

Pradalesen urtebetetzea

Urkulluri sarritan galdetzen diote zein egunetan izango diren bozak, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak finkatu behar baitu egun zehatza. Atzo, apirilaren 21eko igandeari buruz galdetu zioten, eta hark txantxetan erantzun zuen ea «inoren urtebetetzea» al den egun hori. Bada, galderak badu erantzunik: Bai, Imanol Pradalesen urtebetetzea da apirilaren 21ean.

Edonola ere, orain baino lehen, EAJk garbi esan du ez duela nahi Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Espainiako gakoekin egin daitezen, PSOE eta PPren polarizazioari ihes egin nahi baitio, eta Atutxak sakondu egin du ideia horretan, «paraxutistak» ekarrita hizpidera, Galiziako hauteskundeen harira. «Estatuko politika erori da berriro Galizian, eta galiziarrei kendu egingo zaie beren arazoei buruz hitz egiteko aukera. Paraxustista guztiak iristen dira, lur hartzen dute, eta [Espainiako boz orokorren] bigarren itzuli moduko bat egiten dute». Gaineratu du espero duela «Euskadin Euskadiko arazoei buruz» hitz egin ahalko dela.

«Paraxustista guztiak iristen dira, lur hartzen dute, eta [Espainiako boz orokorren] bigarren itzuli moduko bat egiten dute».

ITXASO ATUTXABBBko presidentea

Agintari jeltzalea bozen osteko aliantzei begira ere jarri da, batez ere PSE-EEri abisua emateko. Alderdi horretako idazkari nagusi eta lehendakarigai Eneko Anduezak, izan ere, «beti atea irekita» uzten ei du EAJ-PSE aliantza tradizionaletik harago doazen formulen inguruan. Atutxa jeltzaleen eta sozialisten arteko ituna berritzearen aldekoa da, «bakezalea eta emankorra» izan baita, haren arabera.

Iruñeko Udaleko akordioa egin dela eta Galizian BNGren eta PSGren arteko akordioaren atea zabalik dagoela aintzat hartuta, Atutxak uste du EH Bilduren eta PSEren arteko formula «inoiz» gauzatuko dela, baina ez daki aurtengo hauteskundeen ostean izango den edo geroago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.