HENDAIA. Joan den ostiralean bost lagunek egin zuten ihes Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentrotik. Frantziako Poliziak berehala atzeman zituen hiru, beste bat berantago, eta azkena Irungo suhiltzaileek atzeman zuten, Bidasoa zeharkatzen saiatu baitzen, igeri.
Herenegun, Baionako auzitegitik igaro ziren bost lagunak. Epaileak sei hilabeteko kartzela zigorrera kondenatu zituen hiru, eta beste biek urte bateko kondena bete beharko dute. Horietako batek, gainera, 600 euroko isuna pagatu beharko du, atxikitze zentroko langileak mehatxatzeagatik. Gainera, Frantziako Estatuan izatea debekatua izango dute bostek hurrengo bost urteetan.
Defentsak salatu du kondena «proportziogabeak» direla. Oroitarazi dute Europako beste zenbait herrialdetan ez dela delitua atxikitze zentro batetik ihes egitea, eta aske uzteko eskatu dute. Atzerriko jendeak atxikitze zentroetan bizi duen egoera salatu dute abokatuek, berez ez baitira atxilotuak, baina bai «administratiboki atxikiak». Abokatu batek esan duenez, «atxikitze zentroak preso gela berriak dira».
Joan den hilabetean beste bi gazte saiatu ziren ihes egiten. Poliziak harrapatu, eta hilabete egon behar izan dute preso.