Atxiloketei aurre egiteko, konponbidearen alde kalera irtetera deitu dute eragileek

Elkarretaratzeak egingo dituzte larunbatean udaletxeen aurrean, Gernikako Akordioaren sinatzaileek deituta

Eragile politiko eta sozialek Donostian egindako agerraldia. A. CANELLADA / ARP.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2013ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Frantziako eta Espainiako Estatuek euskal gizarteak bakerako eta konponbiderako duen itxaropena zapuztu nahi dutela salatu dute Gernikako Akordioa sinatu zuten eragileek. «Guk, ez diegu utziko», esan zuen Esait-eko Ixiar Arratibelek. Izan ere, oraingo «aukera historikoa galtzen ez uzteko konpromisoa» hartua dutela adierazi dute, eta berretsi dute gatazkaren konponbidea bultzatzen jarraituko dutela. Joan den asteartean Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak egindako atxiloketak agertoki demokratikoa eraikitzeko «oztopo» direla salatu dute, eta kalera irteteko deia egin diete herritar guztiei. Horretarako, elkarretaratzeak egingo dituzte larunbatean, herri guztietako udaletxeen aurrean, 12:30ean, Euskal Herriak bakea behar du lelopean.

Donostian egin zuten agerraldia eragileek. Sortuk, EAk, Aralarrek, Alternatibak, Gorripideak,Ikasle Abertzaleek, Ernaik, Esait-ek, Herrira-k, Etxerat-ek, ELAk, LABek eta ESK-k babestu dute deialdia. Herritarrek «bake iraunkorra» nahi dutela nabarmendu zuen Arratibelek, Aieteko Adierazpena gogora ekarriz. «Euskal jendartearen aurrean irudikatu zen konpromisoak itxaropen handia sortu zuen», esan zuen. Gaur-gaurkoz, adierazpen haren lehen puntua baino ez da bete, ETAri zegokiona. Nazioarteko adituek adierazpenaren berri eman eta hiru egunera utzi zuen ETAk «behin betiko» jarduera armatua.

Espainiako eta Frantziako Gobernuek ez zuten aintzat hartu Euskal Herriko eragile gehienen babesarekin nazioarteko kideek plazaratutako adierazpena. Ordutik, Euskal Herrian gatazka konpontzearen aldeko «adostasun zabalak» lortu direla gogorarazi zuen Arratibelek, baina salatu zuen Frantziako eta Espainiako Gobernuek ez dutela eman «aurrerapauso bakar bat ere».

Atxilotuak, Pariserako zain

Bitartean, inkomunikatuta dituzte joan den astearte goizaldean Frantziako hiru hiritan atxilotu zituzten euskal herritarrak. Herenegun berri agentziek zabaldu zutenez, atxilotu zituzten inguruetako polizia etxeetan dituzteETAko ustezko sei kideak. Brive la Gallarden (Lemogestik hurbil) atxilotu zituzten Raul Aduna eta Andoni Goikoetxea, Montpellierren Igor Uriarte eta Julen Mendizabal, eta Bloisen Kepa Arkauz eta Ekhiñe Eizagirre. Hogeita lau orduz luzatu zieten atxiloaldia guztiei, herenegun, «galdeketak egiteko». Frantzian, gehienez bost egunez luza daiteke inkomunikazio aldia, «kasu berezietan». Ondoren, Parisko Auzitegira eramango dituzte, epailearen aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.